Jon Maia: "Batzen gaituzten gaiak lantzen saiatzen naiz, baita klitxeak hausten ere"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko aza. 28a, 09:42

Hezurbeltzak proiektuak bere lehen diskoa aurkeztu berri du. Immigrazioaren gaia askotariko musika estiloz janzten duen hirukotea da. Taldeko abeslaria eta letren egilea den Jon Maiak azaldu du proiektuaren nondik norakoa.

Jon Maia (eskuinetik bigarrena) Hezurbeltzaken diskoaren aurkezpenean, aurreko astean, Donostiako Rekalde tabernan. (Argazkia: A. Canalleda / FOKU) Ez zara geldirik egotekoa. Orain bi urte Zura dokumentala aurkeztu zenuen eta iaz Berriak jaio ginen liburua. Orain Hezurbeltzak proiektuarekin zatoz. Karidadeko Bentako kide izan zara eta musikari askorentzat egin dituzu letrak. Zerk eraman zaitu berriro musika mundura? Aspalditik nuen musikara itzultzeko gogoa. Ondo pasatzen dut terreno honetan. Bertsotan egin ezin ditudan gauzak egiten ditut kontzertu batean. Badira hiru bat urte buruan ideia batzuk nituela bueltaka. Gertatzen dena da lan handia eskatzen duela halako proiektu batek: taldea osatu, kantak egin, musikatu... Gero, agendak bateratu behar dira; ni nahiko erritmo frenetikoan bizi naiz, eta tarte bat hartzeko nahiko larri ibiltzen naiz. Bi musikarirekin elkartu zara Hezurbeltzak proiektuan. Nola batu zarete? Lorca-Lauxeta antzerki obran bi musikari hauek ezagutu nituen, Jesus Prieto Piti gitarra jotzailea eta Gorka Hermosa soinu jotzailea. Obra horretako gidoilaria izan naiz eta Lauaxetarena ere egin dut. Oso ondo pasatu dugu elkarrekin eta formatu txikiko zerbait egitea pentsatu genuen. Maila handiko bi musikari dira, bakoitza bere instrumentuetan onentsuenak. Berehala hartzen dituzte ideiak eta sorkuntzarako ere gozamena da beraiekin lan egitea. Hermosa mundu mailako soinu jotzaile onenetakoa da, eta ez interprete gisa bakarrik, konposatzaile ere bada. Bere obrak mundu osoan jotzen dira. Piti gitarra espainolaren irakaslea da Bartzelonako eskola gorenean eta Los Secretos, La Cabra Mecanica eta Celtas Cortos taldeetan jotzen du. Riomundo liburuarekin Euskal Herrira etorritako etorkinen gaia landu zenuen. Esan al daiteke Karidadeko Bentaren eta lantzen duzun diskurtso horren arteko uztartzea dela Hezurbeltzak? Hau gehiago da Riomundo eta Lorca-Lauaxeta obraren arteko nahasketa, azken aldian egiten ari naizen diskurtso hori musika formatura eramanda, alegia. Nire abuelaren eta Francoren garaian hona etorritako etorkinen presentzia handia dago. Baina ez da hori bakarrik: maitasuna eta beste istorio batzuk ere badaude. Baina, bai, nire bide hori islatzen duen obra musikala izan daitekeela uste dut. Pentsatzen dut egunen batean diskurtso hau utzi beharko dudala, baina gero eta eskaera gehiago ditut. Hitz egiten ez zen gai bat zen; nire kasa ibili naiz diskurtso honekin, bakarrik, batetik bestera. Orain, bat-batean, hilabete batzuk daramatzat astean gai honen inguruko hiruzpalau hitzaldi ematen. Egin behar nuena egin dudala uste dut, baina, egia da gero eta interes handiagoa dagoela eta, aldi berean, pentsatzen dut oraingo etorkinen fenomenoa ulertarazteko eta aurreko olatu handi haren irakasgaiak ezartzeko une aproposa izan daitekeela. Esan daiteke Euskal Herria bere izaera mestizoa ezagutzen ari dela? Euskal gatazkaren eraginez gehienbat, oso gai zaila izan da. Espainol eta euskaldun jendea, espainol sentitzen dena edo euskaldun sentitzen dena. Identitatearen gaia oso konplikatua da mundu osoan, ez hemen bakarrik. Azken urteotan zertxobait lasaitu da egoera, eta distentsio honi esker gai honi buruz hitz egiten hasi gara. Beti diot errazagoa egiten zaigula oraingo immigrazioaz hitz egitea Francoren garaikoaz baino. Askok pentsatuko dute iragana dela; hezurbeltzak, belarrimotzak eta maketoak aspaldikoak direla. Konbentzituta nago, baina, horren gestio txarraren ondorioetan bizi garela oraindik. Hezurbeltzak da taldearen izena eta Belarrimotzak aurkeztu duzuen lehen kanta. Espainiatik etorritakoei zuzendutako hitz peioratibo horiek erabiltzen dituzue. Efekturen bat lortu nahi izan al duzue? Hitzaldiak ematen ditudanean jende askori barrenak mugitzen zaizkio hitz horiek erabiltzen ditudanean. Hezurbeltzak erabiltzen dut adierazteko dena jartzen dudala mahai gainean, konplexurik eta tontakeriarik gabe. Goazen gai honi buruz hitz egitera. Aparte, izen polita iruditzen zait musika talde batentzat. Saiatzen naiz batzen gaituzten gaiak bilatzen eta ez zatitzen gaituztenak, baina, baita estereotipoak, klitxeak, etiketak eta aurreiritziak puskatzen ere. Gaur egun euskaldunak garen asko etorkin horien seme-alabak edota bilobak gara. Horrek ez du bere isla izan inoiz kulturan, kantugintzan, musikan, bertsogintzan, eta bada normalizatzeko garaia. Musika aldetik, norako bidea hartu duzue? Lorca-Lauaxeta obrako kanta batzuk hartu ditugu. Sarrionaindiaren poema batean oinarritutako kanta bat dago, Gorka Hermosaren Gernika eta baita nire abuelari eskaini nion abesti bat ere. Bestela, denetik dago: rap bat dago, Joxe Ripiauren antzerako pare bat kanta daude, rantxera bat dago, eta gitarra jotzailearen eragina ere nabari da Los Secretosen edo La Cabra Mecanicaren ukituak dituzten abesti batzuetan. Diskoa nahiko sailkaezina dela esango nuke. Gero, ni letren egilea naiz, eta nire eragin denak ikusten direla esango nuke. Letra askoko diskoa da. Badaude maitasun kontuak, baina ez da regetoi disko bat; letrek garrantzia handia dute. Ez da inoiz jakiten noiz ari naizen bromatan eta noiz serio. Horrekin ere jolas egiten dut, gustatu egiten zait. Entzuten duenari pentsarazten dion diskoa izan daiteke. Nik uste nahiko disko ausarta dela, bai estilo aldetik, baita letretan ere. Eduki handiko diskoa dela uste dut, dibertigarria, eta nahiko harrigarria. Zein etxerekin atera duzue? Dipsoda etxearekin atera dugu, eta gu gara beraien lehen taldea. Nerabeei zuzendutako talde bat ere sortu dute, Baloreak izenekoa. Nafarrak dira eta jende gaztea da. Harremana nuen aurten beste lan batzuk egin ditudalako haiekin, eta animatu gara. Oso gustura gaude. Jende gaztea da, ideia berriak dituzte eta anbizioa dute. Hau dena martxan jartzea abentura bat da berriro ere. Azkenean, erronka bat da. Taldeari emango diozun denbora honek izango al du eragina bertsogintzan? Bertsotarako denbora kenduko dit, noski. Taldeari emango dizkiodan egunak bertsoei ez dizkiet emango. Bertsoa nire etxea da, eta tarteka paseatzera ateratzen naiz. Abenturara ateratzen naiz, baina beti etxera bueltatzen naiz. Ia astero dut bertso saioren bat eta, gero, abentura hauek ditut. Aberastuko zaituzten abenturak izango dira hauek. Gustura sentitzen naiz formatu desberdinetan sortzen eta lan egiten; dibertitu egiten naiz, aireatu ere bai. Baina, motibazio bat behar izaten dut: ez ditut gauzak egiten egiteagatik bakarrik; plazerragatik bakarrik ez naiz sormen lan hauetan hasten. Motibazio sozial bat edo konpromiso bat behar izaten dut. Egiten dudanak gizartean eragin bat duela sentitu beharra izaten dut, egiten dudanak zerbait aportatzen duela. Estra hori gabe ez dut ia ezer egiten. Mikel Laboari buruzko dokumental batean ere egin duzu lan. Laboa hil zela 10 urte bete dira, eta zuzendari laguntzaile bezala sartu naiz proiektuan. Martxan zegoela deitu zidaten laguntzeko. Edukien lanketa eta dokumentaleko elkarrizketa guztiak egin ditut. Baleuko ekoiztetxeak ETBrako egindako dokumentala da, eta abenduko lehen astean emango dute. Albaolan egiten duzu lan. Bertsogintzaz aparte beste mila lekutan zabiltza. Albaolan lan egiteak lasaitasun eta egonkortasun bat ematen dizkit. Gero, proiektu hauek egiten ditut. Egia da azken boladan topera nabilela. Bi antzerki obratan nabil: Lorca-Lauaxeta eta Los Visitantes izeneko beste batean. Berriak jaio ginen liburuarekin hitzaldi asko ematen ditut. Gero, kontzertuak ditut Hezurbeltzakekin, baina baita ere Lorca-Lauaxetaren formatu musikalean. Bertso saioak egiten ditut eta pelikula baten gidoian ere kolaboratzen ari naiz. Orain, pixka bat lasaitu nahi dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide