Omenaldi hunkigarria jaso zuten atzo Mintzalagun programako bidelagunek. Izan ere, Mintzalagun programaren barruan, euskaldun berriekin euskara praktikatzen duten pertsonak dira horiek. Azkoitiko Udalak eta AEK-k esker ona adierazi zieten atzokoan bidelagunei, "eskainitako denboragatik". Hemeretzi lagunek diploma eta oroigarri bana jaso zuten atzo udaletxean egindako ekitaldian.
Omenaldia bideo batekin hasi zuten –beherago ikus daiteke–, aretoa jendez leporaino beteta zela. Batez ere, malkoak, irribarreak, bertsoak eta esker oneko hitzak nagusitu ziren udaletxeko areto nagusian. Aurten Mintzalagun programa martxan jarri duten zortzigarren urtea izan da, eta urte guztiotan bidelagun izan diren 27 laguni egin zioten aitortza atzokoan –horietatik hemeretzi bertaratu ziren–.
Javier Zubizarreta alkateak mintzalagunen konpromisoa goraipatu zuen, eta horiek egiteko duten ekarpena eskertu. "Herritarroz harro egoteko beste arrazoi bat ematen didazue” esan zuen. "Jakizue, euskaldun berriok mundu berri bat ezagutuko duzuela eta mundu horretako ateak zabaltzen ari zaizkizuela euskarari esker. Zabaldu besoak eta murgil zaitezte. Modu asko daude komunikatzeko, baina euskaraz esaten denak hurbildu egiten gaitu, batu egiten gaitu".
https://www.youtube.com/watch?v=R_Ar5trW2yw
Bidelariek –euskaldun berriak– ere hartu zuten hitza ekitaldian. Horretan aurrenak izan ziren Delia Santamaria eta Juanma Navarro. "Gogoan dut –esan zuen Navarrok- euskaraz ez nekien garaian 'belarrimotza!' esaten zidatela. Ez dakit esaten zuenak belarri luzeak ote zituen, baina astoa galanta bera. Ez ninduen euskara ikastera gehiegi animatu. Baina bertatik bertara, aurrez aurre, muturren parean galtzen nuenaz ohartuta, euskara ikasten hasi nintzen". Elkarrekin igarotako orduak "aditza menperatzeko baino gehiagorako balio izan digu", gaineratu zuen. Santamariak jada beren artean ez dagoen Juan Karlos Merino bidelaguna ekarri zuen gogora, eta eskerrak eman zizkion "euskara guztion hizkuntza dela erakusteagatik".
Bidelagunen ordezkari lanetan Juan Ramon Alberdi eta Yolanda Larrañaga aritu ziren, eta horiek Mintzalagun programari esker bizi izan duten esperientzia azaldu zuten. Larrañagak egitasmoaren jatorria ere azaldu zuen. "Duela 25 bat urte edo, Alemaniara joan nintzen alemana ikastera. Tandem izeneko eskolan sekulako zortea izan nuen, beste lagun batekin erdia gaztelaniaz eta erdia alemanez hitz egiten bainuen. Orduan ikasi nuen nik alemanez eta gaztelaniaz. Esperientzia hura bizi eta gero, ikusi nuen zer nolako mesedea egiten zitzaion hizkuntzari, eta Euskara zinegotzi nintzela hasi ginen Euskara teknikaria eta biok ideiari bueltak ematen. Herri ezberdinetako eredua ikusi eta Mintzalagun programa jartzea erabaki genuen. Beti pentsatu izan dut Txinan edo Japonian jaio izan banintz, begi txikiagoak edo handiagoak, zuria edo beltza izango nintzela, baina euskara gabe ezingo nukeela nik bizi. Beraz, zabal dezagun euskara”. Larrañagak bertsotan eman zion bukaera bere hitzartzeari.
Juan Ramon Alberdik esan zuenez, "gustura" dagoelako jarraitzen du Mintzalagun programan. "Astean ordubetez elkartzen gara, eta jada lagun minak egin gara, gauza askotaz hitz egiten dugu, gauza pertsonaletaz askotan, eta garrantzitsuena da euskaraz egiten dugula. Euskarara hurbiltze horretan laguntzea gauza polita da".
Mintzalagun egitasmoaren barruko saioetan emandako pasadizoak ere ezin ahaztu; izan ere, Larrañagak hainbat anekdota kontatu zuen. "Gure taldean 'buenos dias' esatetik dena euskaraz hitz egitera pasatu gara, eta gauza bitxi asko gertatu zaizkigu. Aurreko batean 'fuegue' entzun nion bati. Mesedez, nola esango duzu 'fuegue' esan nion. Eta berak, 'zuek zarete earrak, nahi dezuenean frigorifikue, telebisiyue, sillie... esaten dituzue, eta ezin ote dugu esan fuegue…".
Euskara ahotan, familia argazkiarekin eman zioten amaiera ekitaldiari, euskararen aldeko konpromisoa berretsita. Aurtengo ikasturtean, 39 lagunez osaturiko hamar taldek parte hartu dute Mintzalagun egitasmoan, eta lehen ediziotik 70 bat lagunek parte hartu dute.