Hamar ardatz eta 142 ekintzekin osatu dute Zumaiako Turismo Plana

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mai. 17a, 09:55

"Bertakoen ongizatea eta turistekin elkarbizitza bermatzea" da planaren muina. Ate irekiak izango dira herriko zenbait eraikin eta zerbitzutan asteburu honetan

Turismo Planaren prozesuan parte hartu duten udal ordezkariak eta eragileetako kideak. (Juan Luis Romatet) 2017. urtean, aurrekoarekin alderatuta, Zumaian bisitari kopuruak behera egin bazuen ere, azken urteotan herrian turismoa hazi izan denaren zalantzarik ez dago. Horren aurrean, datozen urteotan alor horretan nola jokatu jakiteko, orain urtebete inguru, Turismo Plana egiteko lanak hasi zituen Zumaiako Udalak TransLokal enpresarekin. Hilabete hauetan guztietan egindako lanaren emaitza aurkeztu zuten herenegun Alondegian egindako ekitaldi irekian. Osatu duten Turismo Planaren helburua "bertakoen ongizatea eta turistekin elkarbizitza" bermatzea da, planaren arduradunek azpimarratu dutenez. "Plan estrategiko bat da, erreminta gisa hartu behar da, abiapuntu bat bezala", TransLokal enpresako Igor Calzadaren arabera. Turismo Planaren txostena osatzeko prozesuan galdetegiak, elkarrizketak eta tailerrak egin dituzte. Hala, jaso dituzten 200 bat galdetegietatik ehun bat erabili dituzte. Ehundik gora elkarrizketa sakon ere egin dituzte, arlo publikoan zein pribatuan jarduten dutenekin, baita herriko eragile batzuekin ere. Prozesuaren bukaeran, berriz, bi tailer egin dituzte esperientziak partekatzeko. "Entzundako hori guztia Turismo Planean txertatzen saiatu gara", adierazi du TransLokaleko Ana Arranzek. Hala, parte hartzeko prozesu horretan jasotako iritzien bidez, hamar ardatz edo bektore osatu dituzte: elkarbizitza, tokiko turismo ekintzailetasuna, tokiko sentimendua, kultura ekosistema, tokiko ekonomia, paisaiaren eta naturaren arautzaile gisa, Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkea, Gobernantza turistikoa, helmuga turistiko adimentsua, posizionamendu geografikoa eta teknologia berriak. Hamar ardatz horiek betetzeko, bost lan eremu eta 142 ekintza jaso edo zehaztu dituzte Turismo Planean. "Gero, lehenetsi egin beharko dira ekintza horietako batzuk", zehaztu du Arranzek. Plana "erabili, osatu eta zuzendu" egin beharko dela ere nabarmendu du, "eraldaketarako tresna" izan behar duela gaineratuz. "Tren ibilbide baten lehen geltokiak jarri ditugu, baina herritarrek osatu behar dute ibilbide hori, udalaren bultzadarekin". Turismo Plana aurkezpenarekin batera, asteburu honetarako ate irekiak antolatu dituzte herriko zenbait eraikin eta zerbitzutan. Hala, Algorri Interpretazio Zentroak ateak zabalduko dizkie bisitatu nahi dutenei larunbatean eta igandean, 10:00etatik 13:30era bitartean; San Jose komentuko erromesen aterpetxea, berriz, 16:00etatik 20:00etara zabalduko dute; eta, Kofradia 17:30etik 20:30era egongo da irekita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide