Azkoitiko Udaleko, Instalakuntza Duinak Orain plataformako eta Zubiaurre elkarteko kideak bileran. (Azkoitiko Udala)
Sestra ingeniaritza eta arkitektura enpresak Zubiaurre Elkarguneko igerilekua handitzeko aukeren azterketa egin du dagoeneko, eta hiru hilabeteko lanaren ostean, igerilekua handitzeko eta birkokatzeko bost alternatiba aurkeztu ditu. Azkoitiko Udalak azaldu duenez, proposamen guztietan zortzi kaleko igerilekua bermatzeko "ahalegina" egin du enpresak, eta egindako lana "abiapuntu" izango dela azaldu du, proiektua "epe luzekoa" delako eta "kostu ekonomiko handia" duelako.
Proposamenez-eta hitz egiteko Hirigintza Batzordea egin zuten martxoaren 7an, udaleko alderdi politikoetako ordezkariek, Instalakuntza Duinak Orain plataformako kideek eta Zubiaurre igeri elkarteko lagunek. Udalak azaldu duenez, batzorde hartan proposamen baten alde agertu ziren bertaratutakoak. Hain zuzen ere, igerileku berria Elkarguneko belar artifizialeko futbol zelaian kokatzea aurreikusten duen proposamena aukeratu zuten, egungo igerilekutik gertuen dagoen gunea delako. Proposamen horrekin, gaur egungo igerilekua ere mantentzea aurreikusten dute, eta futbol zelaia estali gabeko saskibaloiko kantxara lekualdatu. Udalak azaldu duenez, aldaketa horrekin estali gabeko saskibaloiko pista galduko litzateke, baina "erabilera handiegirik ez" zaiola ematen eta barruan beste kantxa bat badela egun esan du.
Obra proposamen horretan jaso dutenez, igerileku berrituak zortzi kale izango ditu eta 1,40 metroko sakonera. Gainera, udalak esan duenez, badu bereizgarri bat proiektu horrek: "Aldageletatik igerilekurako igogailua egingo litzateke". Lan horien guztien aurrekontua 1.538.073 eurokoa da, eta udalak adierazi du finantzazioa bilatzeak "esfortzu handia" eskatzen duela. Dena den, erabakia "itxita ez badago ere", jakinarazi du 2019. urterako aurrekontuetan lehen partida bat jartzea aurreikusten duela, "proiektua bideratu ahal izateko".
Gainerako alternatibak
Enpresak egindako bost proposamenetatik lau baztertzeko "hainbat arrazoi" dagoela azaldu du udalak. Lehen proposamenak gaur egungo eraikina handitzea eta haren etxaurrea eraistea jasotzen du. Gainera, trafikoan ere izango luke eragina. Horregatik guztiagatik eta urtebetez igerilekua itxita egongo litzatekeelako baztertu dute aukera hori. Lan horiek 1.034.966 euroko aurrekontua dute.
Baztertu duten bigarren proposamenak igerileku berriaren ontzia gaur egungo barruko pistan kokatzea aurreikusten du. Hori horrela izanik, goiko saskibaloi pistetan erabilera anitzeko gela eta estalitako beste pista bat eraiki beharko litzatekeela esan du udalak. Lanek hainbat zailtasun dute, bai exekuzio aldetik eta bai erabilera faseari dagokionez, eta lan horien aurrekontua 2.169.511 euroko da.
Hirugarren aukeran jasota dagoenez, igerilekua kirol pistaren gainean eraikiko litzateke. Igerilekuaren ontziaren kota jaitsiko lukete, eta eraikinari beste solairu bat aterako liokete, kirol pista egiteko. Proposamen horrek 2.421.784 euroko aurrekontua du, eta irisgarritasunari eta funtzionamenduari dagokionez baditu arazo batzuk, udalak jakinarazi duenez. Gainera, lanak 18 bat hilabetean gauzatzea aurreikusten dute proiektuan, eta kirol pistak ez lirateke erabilgarri izango denbora horretan.
Laugarren eta azken alternatiban Ugarte Igarako kanpoko igerilekua berritzea proposatu dute. Gaur egungo igerilekuari forma aldatu eta zortzi kaleko igerileku errektangular bat eraikitzea aurreikusten da proiektu horretan. Gainera, egungo eraikinaren ondoan beste bat egitea ere jaso dute proposamenean. Aukera hori baztertzeko arrazoi nagusia gunearen mantenuan izango litzatekeen "duplizitatea" izan dela adierazi du udalak. Lanok 1.613.837 euroko aurrekontua dute, eta uda sasoi bat kanpoko igerilekurik gabe pasatu beharko lukete herritarrek.