Jende asko bildu zen astelehenean Alondegian egindako bileran. (Juan Luis Romatet)
Zumaiako Udalak iaz jarri zuen abian udalerriko autoen aparkamenduak arautzeko sistema. Lehen urte horretan Zubitxikitik Parolaldera bitarteko guneetako aparkalekuak arautu zituzten. Aurten, ordea, uda garaian erregulazioa herri osora zabalduko dute. Horretarako zer neurri hartuko dituzten azaltzeko bilera irekia egin zuten astelehenean Alondegian. Informazioa emateaz gain, herritarren kexen eta iradokizunen berri ere izan zuten udal ordezkariek.
Aurreko udako denboraldia amaitu ondoren, erregulazio sistemaren balorazio egin zuten udaletxean. Akatsak konpondu eta 2018ko ordenantza prestatzeko mahai tekniko-politikoa eratzea izan zen hartu zuten lehen neurrietako bat. Mahai horretan udal teknikariek eta politikariek hartu dute parte, eta baita zozketa bidez hautatutako bi herritarrek ere. Mahaiak lau bilera egin ditu iazko abendutik aurtengo otsailera bitartean. Mahai horretatik ateratako ordenantza zirriborroaren berri eman zuten asteleheneko bileran jendaurrean.
Oier Korta alkateak eta Gorka Arregi udal arkitektoak adierazi zutenez, Zubitxikitik Parolaldera bitarteko lau guneak (Amaiako plaza eta Parolaldea, Larretxo, Ardantzabide, Alde Zaharra eta San Jose) bere horretan mantenduko dira. Hala ere, gune horietan zenbait aldaketa egingo dituzte: Zubitxikitik Pulpo elkartera bitartean, ibaiertzeko aparkalekuak errotazio handikoak (90 minutu gehienez eta zumaiarrentzat doan txartela hartuta) izango dira, merkatariek hala eskatuta. Moilan autobusek buelta ematen duten puntutik Arranplara bitartean dauden aparkalekuak eta Julio Beobide kalekoak, berriz, errotazio erdikoak izango dira (6 ordu gehienez eta zumaiarrentzat doan txartela aterata). Amaiako plaza barruan dagoen aparkatzeko gunea, berriz, egoiliarrentzat izatetik, errotazio azkarrekoa izatera pasatuko da.
5. zonaldea
Zubitxikitik beste alderako auzategiek, berriz, gune bakarra osatuko dute: 5. zonaldea. Basadik, Aita Marik, Alaik, Puntanuetak, Estazioak, Jadarrek eta Axularrek osatuko dute gune hau. "Gune horretako bizilagunek zonalde horretako edozein puntutan aparkatu ahal izango dute. Baina Zubitxikitik bestaldera ezingo dute aparkatu, ezta bestaldekoek 5. zonaldean ere", adierazi zuten udal ordezkariek.
Araututako guneak ere sortuko dira 5. gunean: Alaiko Eroski pareko aparkalekua eta Anbulatorio ondokoa errotazio handiko guneak izango dira; GKN ondokoa, Itsas kiroldegi albokoa eta Axular ibiltokian iaz prestatutakoa, aldiz, errotazio ertainekoak bihurtuko dira.
"Puntanuetan etxebizitza bakoitzak aparkaleku bat izateko eskubidea du. Zenbat aparkaleku dauden zenbatu dugu, eta geratzen direnak aparkaleku libreak izango dira", azaldu zuten udal ordezkariek. Zonalde horretan, Sagarbide eskola inguruko aparkalekuak ere libreak izango dira.
Egoiliarren bereizgarriak
Etxebizitza bakoitzeko banatu ziren aparkatzeko egoiliarren bereizgarri kopurua zela-eta kexak izan ziren iaz. «Gaia aztertu dugu eta aldaketak izango dira. Etxebizitza bakoitzean erroldatuta egon eta gida baimena dutenentzako adina bereizgarri emango dira», jakinarazi zuten udaleko ordezkariek asteleheneko bileran. Zumaian bigarren etxebizitza dutenek aurten bereizgarri bakarra jasoko dute; iaz bi jasotzeko eskubidea eduki zuten. "Kanpotarren kexa asko izan genituen iaz. Ordenantza goitik behera irakurri zuten. Hala ere, herritarrek abantailak izan behar dituztela uste dugu", azaldu zuten udalekoek.
Zestoako eta Debako bizilagunak izan eta Zumaian lan egiten dutenei ere bereizgarriak eskuratzeko aukera eskainiko diete. "Gehienbat baserrietan bizi dira. Hondakinak biltzeko zerbitzua jasotzen duten bezala, horiei ere bereizgarria jasotzeko aukera eskainiko zaie".
Autoen aparkalekuen ordenantza ekainaren 15ean jarri nahi du abian Zumaiako Udalak. Baina aurretik bitan landuko dute gaia udalbatzarrean. Datorren asteartean, hilaren 27an, udalbatzarrera eramango da behin-behineko onarpena jaso dezan. Behin onartuta, 21 eguneko epea zabalduko da helegiteak aurkezteko. Haiek aztertu ondoren, berriro plenora eramango dute ordenantza, behin betiko onarpena jasotzeko. Ordenantzaren gainean iradokizunak aurkeztu nahi dituztenek
mugikortasuna@zumaia.eus helbidera bidal ditzakete.