Igerilekuaren arazoari irtenbidea emateko elkarlanean hasi dira Azkoitiko Udala eta Instalakuntza Duinak Orain! plataforma

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko abe. 28a, 13:17

Igerilekua txikiegi gelditu zela-eta, joan zen udaren bueltan hasi zen Instalakuntza Duinak Orain! taldea lanean. Udalarekin hainbat bilera eginda eta igerilekua handitzearen aldeko 1.800 sinadura bilduta, elkarlanean hasiko dira arazoari irtenbidea emateko urratsak egiten udala eta taldea. Udalak, gainera, igerilekua handitzeko aukerak aztertzeko enpresa bat kontratatu du.

Udal ordezkariak eta Instalakuntza Duinak Orain taldeko kideak. (Azkoitiko Udala) Instalakuntza Duinak Orain! plataformako kideek hainbat bilera egin dute azken asteetan Azkoitiko Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztietako ordezkariekin. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, "elkarrekin lanean jarraitzeko" konpromisoa hartu dute denek, "igerilekuen arazoari irtenbidea zein izan daitekeen ikusteko". Udaleko alderdietako ordezkariek eta Instalakuntza Duinak Orain! plataformako kideek elkarlanean hastea erabaki dute, "denen nahia" baita igerilekua handitzea. Instalakuntza Duinak Orain! taldea uda aurretik hasi zen lanean Azkoitiko Elkarguneko igerileku estalia "txikiegi" gelditu dela eta. Sinadura bilketa, iritzi trukaketak eta batzarrak egin dituzte taldeko kideek, eta udal ordezkariekin ere bildu dira zenbaitetan. Plataformako kideek txosten bat aurkeztu zioten udalari, igerilekuko egungo egoeraren eta igerilekuak dituen mugen ingurukoa. Udalak azaldu duenez, udal talde guztiek "eskertu" zuten txosten hori egin izana, eta arazoaren azterketa "sakona" egiteko baliagarri izan zaie lan hori. Gainera, plataformak igerilekua handitzearen aldeko 1.800 sinadura bildu ditu herrian azken hilabeteotan, eta urtarrilaren bukaerara bitartean jarraituko dute bilketa lanarekin. Udalak herritarrak sinatzera gomendatu ditu, firma bilketa "tresna eraginkorra" izan daitekeelako "diru laguntzak eskatzeko". Lan hori tarteko, udalak ingeniaritza eta arkitektura enpresa bat kontratatu du Elkarguneko igerilekua handitzeko alternatiben azterketa egiteko eta lanek izan dezaketen kostuaren zenbatekoaren hurbilpena egin dezaten. Bi lan ildo jorratuko dituzte: egungo igerilekuaren ontzia handitzea edo oraingoaren inguruan bigarren ontzi bat egitea. Dena den, udalak esan du bigarren ontzi bat eraikitzea soilik dela bideragarria: "Orain belar artifizialeko futbol zelaian dauden tokia erabili beharko litzateke horretarako. Horrek gainerako kirol pisten berrantolaketa egitea behartzen du, saskibaloiko gunea desagerraraziz, padeleko pista mugiaraziz eta futbol zelaia beste leku batean kokaraziz". Udalak aurreikusitakoaren arabera, urtarrilaren bukaeran edo otsailaren hasieran izango du eskuen artean arkitektura enpresak egingo duen alternatiben txostena. Lan hori 21.477,5 euro kostatuko zaio udalari. Txostena aztertzen dutenean ekingo diete berriz ere bilerei udal ordezkariek eta plataformako kideek, eta orduan erabakiko dute zer urrats egin aurrerantzean.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide