Ondasun Higiezinen Gaineko zerga izoztu eta gainerakoei KPIa aplikatuko die Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko aza. 28a, 10:41

EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu dituzte 2018rako udal tasak eta zergak; EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurkako boza eman zuten. OHZ bere horretan utziko badu ere, KPIa %1,5 igoko du udalak. Udal Gobernuak esan duenez, biztanleen presio fiskala "erdi parean" kokatzen saiatu da.

Azkoitiko Udalak behin betiko onartu ditu 2018rako udal tasak eta zergak, helegiteetarako epea bukatuta. Irailaren 27ko udalbatzarrean eman zion zerga agintarauari hasierako onespena Azkoitiko Udalak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurkako boza eman zuten tasa eta zerga orokorretan. Tasa eta zerga gehienei KPIa igotzea erabaki du udalak, baina Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) bere horretan utziko du. Horrenbestez, OHZ ez beste tasa eta zerga guztiei KPIaren %1,5eko igoera ezarriko die erakundeak. Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak azaldu duenez, OHZren tipoa mantentu egingo dute, beste udalerri batzuekin alderatuta "zertxobait goitik" dagoelako Azkoitia. Horren arrazoietako bat da 2016an egindako herriaren balio katastralaren eguneraketak herrien artean desberdintasunak eragin izana. Besteak beste, honako tasa eta zerga hauei aplikatuko die udalak KPIa: ekonomia jardueretakoa, trakzio mekanikodun ibilgailuena, hiri lurren balio gehitzearen gainekoa eta urteko zaborrarena. Bestalde, uren hornidurari, saneamenduari eta azpiegiturei dagokienez, familiako pertsonen kopurua kontutan hartuta finkatuko dute tasaren ordainketa. Udalak azaldu duenez, udalaren eta Ur Kontsortzioaren tarifen arteko ezberdintasunak ikusita 2020rako horiek "berdintzea" nahi dute. Uraren tasa aho batez onartu zuten udaleko alderdi guztiek. Tasa horiez gain, taxiena eta Elkargunekoa ere onartu zituzten. Taxien tasa aho batez onartu zuten alderdi guztiek, eta Elkargunekoaren kasuan EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin onartu zuten tasa. Azkoitia Bai aurka agertu zen, eta EH Bildu abstenitu egin zen. Udal Gobernuak esan duenez, aurreko urteetako irizpideekin jarraituz, biztanleen presio fiskala "erdi parean" kokatzen saiatu da, "Gipuzkoako hogei bat udalerriren erreferentziak aintzat hartuta". Diru laguntzak hobarien ordez Hobari sistema tasen eta zergen udal agintaraura egokitu ahal izateko, zaborraren eta uraren tasetan arautako hobariak diru laguntza bilakatuko ditu udalak. Aldaketa hori tarteko, onuradunek tasa ordaindu ostean jasoko dute diru laguntza –orain arte, hobariak zirenez, zuzenean aplikatzen zen deskontua fakturan–. 2016. urtean Azkoitiko 52 familiak jaso zituzten uraren eta zaborraren tasetan hobariak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide