Joan den astean Oxforden egindako bilera bateko irudia. (Juan Luis Romatet)
Joan den udan herriguneko aparkalekuak arautzeko sistema jarri zuen abian Zumaiako Udalak. Hala, Zubitxikitik herrigunera bitarteko kaleak egoiliarrentzako gorde ziren, TAO bidez erregulatutako gune gutxi batzuk izan ezik. Udako esperientzia hori ez zuten poligonoetara zabaldu, eta horrek zenbait haserre sortu zuen Basadiko, Aita Mariko eta Alaiko bizilagunen artean.
Behin uda amaituta, aparkalekuak arautzeko sistema bertan behera geratu zen, Ardantzabiden eta moilako gune batean izan ezik, eta ordenantza berria idazteko prozesua jarri zuten abian. Prozesu horren barruan, pasa den astean bost bilera egin zituzten: bi ostalariekin eta merkatariekin, eta beste hiru herriguneko, poligonoetako eta Oikiako eta Narrondoko bizilagunekin. Bilera horietan EAJk eta EH Bilduk gaiaren inguruan adostutako proposamena aurkeztu zuten jendaurrean.
Proposamen horren arabera, 2018ra begira, aparkalekuak arautzeko sistema poligonoetara eta Axular ibiltokiaren inguruan dauden kaleetara zabalduko da. Bileretan informatu zenez, Basadiko, Aita Mariko, Alaiko, Axularreko eta Estazioko kaleetako aparkalekuak egoiliarrentzako izango dira, bost gunetan izan ezik: Osasun Zentro aurreko gunea eta Alai auzoguneko Eroskiren aurreko eremua errotazio azkarrekoak izango dira (90 minutu gehienez), eta Aita Mari futbol zelaiaren atzeko eta Itsas kiroldegi alboko guneak errotazio ertainekoak (sei ordu gehienez). Puntanuetan, berriz, jakinda etxebizitza bakoitzak garajea duela, espaloi bat egoiliarrentzako gordetzea proposatu da, eta bestea libre uztea.
Behin aparkalekuen agintaraua indarrean jartzen dutenean, poligonoetakoek ezingo dute herrigunean aparkatu eta herrigunekoek ezta poligonoetan ere.
Herrigunean, antzera
Herrigunean aurtengo sistemaren berdina mantentzeko asmoa du udalak, aldaketa txiki batzuekin. Merkatariek hala eskatuta, Zubitxikia eta Moilaberri artean, errioaren ertzeko espaloian, errotazio handiko gunea ipini nahi dute. Moilan autobusek buelta ematen duten gunetik Arranplara bitartekoa errotazio ertainekoa izatera pasatuko litzateke, Julio Beobide ibiltokiko lehen etxebizitzen aurrealdea bezalaxe.
Estazioan eta Sarauneko zabalgunean jarritako aparkaleku libreei buruz ere hitz egin zuen Oier Korta alkateak bileretan. Bi gune horien erabilera handitzeko neurri batzuk aipatu zituen. Hala, Kortaren esanetan, bi gune horiek inoiz baino gehiago erabili dira aurten. "Saraunekoari dagokionez, asko erabili da, baina kexak ere izan dira, herrigunearekin lotzen duen txalupa zela-eta. Kexak bai aparkalekuko erabiltzaileen aldetik, baita Santiago hondartzako joan-etorria egiten zutenen aldetik ere. Horregatik, maiztasuna handitzeko, datorren udan beste txalupa bat alokatzeko ideia dugu".
Estazioko aparkalekuan, herrigunearekin lotura txu-txu trenaren bidez egin da. "Tren hori erabili bada ere, zerbitzua hobetzeko autobus bat ekartzea pentsatzen ari gara. Hala, Itzurun gainera igotzeko aukera ere emango luke horrek".
Kronograma
Bileren ondoren, mahai tekniko bat osatuko dute udal politikariek, udal teknikariek, udaltzainek eta herritarren ordezkaritza batek. Orain arteko bileren balorazioa egin eta ordenantzaren zirriborroa idaztea izango du helburu mahai horrek.
Urtea amaitu aurretik batzordean aurkeztuko dute zirriborroa eta datorren urtean publiko egingo da. 2018ko lehen hilabeteetarako ordenantza onartuta egotea espero da, datorren ekainean indarrean egoteko.
"Zumaiara joan eta ordaindu arazteak ez du zentzurik"
Herritarren kexak eta iradokizunak entzuteko aukera ere izan da aparkalekuak arautzearen inguruko bileretan. Gaur zortzi Narrondo eta Oikia auzoetako ordezkaritza bildu zen bilerara. "Ez du zentzurik Zumaiara joaten garenean ordaindu behar izateak, bizitza Zumaian egiten dugunean", esan zuen emakume batek. Zumaiako eta Zestoako udalek ez dietela kasurik egiten esan zuen beste batek. Hirugarren batekĀ aparkalekuentzako marrak margotzea eskatu dutela aipatu zuen.
Etxebizitza bakoitzeko egoiliarren bi txartel "bakarrik" ematea gutxi dela ondorioztatu zuen beste batek. "Gure etxean lau lagun gaude eta, lanagatik, bakoitzak bere autoa behar du. Bi txartelekin denok ezin dugu Zumaian aparkatu".
Eguneko ordu batzuetan egoiliarren lekuak hutsik egon eta toki haietan aparkatzea debekatu zietelako kexak aurkeztu zituzten bizilagunak ere izan ziren.