Postontzien bidez ere jasoko dituzte herritarren proposamenak eta ekarpenak. (Juan Luis Romatet)
2018ko udal aurrekontuak prestatzeko orduan, herritarren iritziak eta proposamenak jasotzeko zenbait bide zabaldu du Udal Gobernuak. Modu digitalean jasoko ditu ekarpenak, baita hainbat udal eraikinetan jarri dituzten postontzietan eta aste honetan banatu berri duten udal aldizkariak txertatuta dakarren inprimakian ere.
Udalak "ezinbestekotzat" jotzen du herritarren inplikazioa eta parte hartzea sustatzea, "herritarrekin elkarlanean etorkizuneko Zumaia eraikitzeko bidean urratsak egiten jarraitzeko". Hala, "herritarren iritziak, proposamenak eta ekarpenak" ezagutu nahi ditu gobernu taldeak, "datorren urteari begira, udal aurrekontuetan jasoko diren proiektuek zumaiarren egungo behar, nahi eta eskaera zehatzei erantzun diezaieten".
Hilabete bateko epea izango dute zumaiarrek beraien proposamenak aurkezteko; aste honetan hasi eta azaroaren 15a bitartean, alegia. Horretarako, Zumaiako Udalaren
zumaia.eus webgunean jarri duten formularioa bete daiteke, edo ideiak, iritziak edota proposamenak idatziz bidali daitezke
aurrekontuak2018@zumaia.eus posta elektronikora.
Aste honetan etxez etxe banatu duten udal aldizkariak ere inprimaki bat dakar, eta orria behin beteta, Alondegia kultur etxean eta udaletxeko sarreran jarri diren postontzietan utzi ahal izango dira.
Udal Gobernuak azaldu duenez, aurrekontuak lantzeko garaian "hauteskunde programarekin batera, ibilbide orri gisa erabiliko ditu gobernuak Plan Estrategikoaren barruan herritarrekin elkarlanean landutako proiektuak, baita noski, aurrekontu parte hartzaileen bitartez zumaiarrengandik jasotako ekarpenak ere. Modu horretara, guztien beharretara egokitutako herria eraikitzeko".
Zumaiako Udalean oposizioko lehen alderdia den EH Bilduren ustetan, "atzerapausoak" ematen ari dira parte hartzeari dagokionez. "Nabarmena da agintaldi honetan distantzia handitzen ari dela herritarren eta udalaren artean". Koalizioak dio udaletxeko ateak ixten ari zaizkieela elkarteei, eragileei eta herritarrei, eta "aurrekontuen prozesuan ere, parte hartzeari dagokionez, atzerapausoak ematen ari dira, herritarren protagonismoa gutxitzeko. Hori adierazten du udalak prestatu duen galdetegiak, galderak zehaztuta izatean inkesta erabat bideratzen duelako".
Oposizioaren arabera, beharrezkoa da herritarrekin aurrez aurre egotea. "Nahiz eta beti ez jaso herritarren partetik eragile politikoek nahiko genukeen erantzun zabala, ezin zaio uko egin herritarrekin aurrez aurre egoteari; entzun egin behar zaie herritarrei. EH Bildutik eskatzen diogu udalari dinamika horiek bultzatzeko".