Egitasmoaren talde sustatzailea. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak uda aurretik jarri zuen lanean
prebentzio mahaia herri osasuntsuago baten alde lan egiteko asmoz. Lehen fasean, mahaia ordezkari politikoek, Udaltzaingoak, eta Kultura, Gazteria eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariek osatu zuten. Prozesuaren plangintzaren inguruko lehen bilerak egin ostean, udalak parte hartze prozesua abiatuko du eragile ezberdinei eta hala nahi duten herritarrei parte hartzeko aukera eskainiz. Helburua da Komunitateko Osasun Mahaia sortzea, gero Adikzioen Prebentzio Komunitariorako Tokiko Plana garatu ahal izateko.
Prozesua irekia izango da, eta ahalik eta eragile gehien inplikatzea da helburua, hala nola, eskolak, gizarte, kultur eta kirol erakundeak, elkarteak... "Guztion artean Azkoitia osasuntsua eta Azkoitia bizia eraiki nahi dugu; hau da, alkoholaren eta drogen kontsumoak eragiten dituen arazoen inguruan kontzientzia soziala sortu nahi dugu, prebentzioan lanean jarraitzeko, eta, horretarako, erantzukizun partekatua garrantzitsua da".
Taldeak osasun hezkuntza sustatzeko lan egingo du, ohitura osasungarriak indartuz. "Pertsonek, familiek nahiz komunitateak berak ohitura osasungarriak garatzeko dituzten esperientzia eta bitartekoak hartuko ditugu oinarri. Arazoei buruz hitz egin beharrean, aukerei eta indarguneei helduko diegu, bestelakoek beldurra eta kezka eragiten dizkigutelako", adierazi du Ongizate zinegotzi Nekane LarraƱagak.
Parte hartze bilerak
Hezkuntza zentroek eta elkarteek prozesuan parte hartzeko gonbidapena jasoko dute, gutun bidez. Horiez gain, norbanakoek ere aukera dute prozesuan parte hartzeko. Interesa duten guztiei zuzenduta, hiru bilera ireki antolatu dituzte; irailaren 25ean, 27an eta urriaren 2an izango dira, Elkargunean, 18:00etatik 20:00etara. Bakoitzak aukeratu ahalko du ondoen datorkion eguna; ez da beharrezkoa hiru saioetara joatea, hiruretan eduki bera jorratuko dutelako. Izena emateko, 943-85 71 76 telefonora deitu edo
alkatetza@azkoitia.eus helbidera idatzi behar da.