Urtean izaten dira egun seinalatu batzuk: "Emakume Langileen Eguna", "Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren Kontrako Eguna", eta, noski, ekainak 28an Sexu Askapenaren Eguna.
Horrek ez du esan nahi gure jendartea parekidea, homofobiaren aurkakoa eta sexu askapenaren aldekoa denik. Alderantziz, jendarte matxista, misogino, homofobiko, transfobiko eta abar luzeegi batean bizi gara, baina jakin denok dakigu dagoeneko hori ez dela polita. Ez dela ondo geratzen, garbiegi esanda. Sotiltasunaren atzean bai esaten da pentsatzen dena: "Niri homosexualen eguna egotea ondo iruditzen zait". Beraiek eta gu banaketa horrekin.
Gu "pertsona normalak", beraiek "arraroak, desbideratuak". Guk "pertsona normalok" onartzen ditugu, eta ez hori bakarrik, beraien eguna izan dezaten eta ospatu dezaten uzten diegu, noski, betiere gure aurrean musukatzen ez badira edo "espektakulu" handiegia ematen ez badute. Seriotasunez, kartel baten atzean ezkutaturik irteten badira, eta, ondoren, zaratarik atera gabe etxera joan, ondo iruditzen zaigu, baina aldarrikatzen den askatasun hori publikoki eta praktikan erabiltzen badute ez, zarata ateratzen badute ez, musukatzen badira ez, "espektakulua" ematen badute ez.
Horrela ez dira gerrak irabazten, ez, ezta? Zer lortuko dute ba horrela?
Baina zer lortu, nork? Beraiek.
Beraiek nork? Sexu Askapenaren Egunean, heterosexualak ez direnek, Emakumeen Egunean emakumeak direnek... Jendartean baztertuta dagoen edozein kolektiboz ari garenean, distantzia bat markatzen da, “beraiek” eta “gu”.
Elkarren askatasuna mugatzen badugu, beraiei ez badiegu diren bezalakoak izaten uzten, guri ere ez digute utziko garen bezalakoak izaten. Emakume bat kritikatzen badugu nahi duen guztiekin oheratzeagatik edo mutil bat "pluma" izateagatik, ohartu gu ere kritikatu egingo gaituztela arautik kanpo dagoen edozer egitean.
Pertsonak ez gaude estereotipoen eta moldeen barruan bizitzeko eginak, guztiok gara ezarri zaigun eredua baino konplexuagoak eta anitzagoak. Erraza da beti arazoa besteena balitz bezala jokatzea, baina hau irakurtzen ari den norbaitek esan al dezake guztiz aske dela nahi duena egiteko? Akaso txikitan futbolean ibiltzen diren mutil guztiei benetan futbola gustatzen zaie? Akaso makilatuta eta depilatuta dauden neska guztiei hori egitea gustatzen zaie? Akaso norbaitekin oheratzean beti nahi duguna egiten eta eskatzen ausartzen gara? Akaso neskek masturbatzen garela lasai esan dezakegu? Akaso etxeko andre bati bokazioz gustatzen zaio plantxatzea edo ama guztiei beraien haurrak zaintzea? Akaso ez dago mutil sentiberarik? Ohartu zaitezte denok erori garela tranpan, denok gaudela harrapatuta eta soilik besteei aske izaten utzita askatuko garela.
Jendartea aldatzea guztion borroka da, eta beste aldetik begiratzea, ezer egin gabe, gure begirada "tolerante" eta politikoki zuzenarekin injustizia iraunaraztea da.
Gaurko eguna ez da soilik armairutik atera direnen eguna, guztiok gaude gure askatasuna nolabait mugatzen duen armairu batean, eta armairu horiek jendarteak sortzen ditu. Armairuak erretzeko eta puskatzeko eguna da! Dagoeneko kontzeptu honen gainetik gaudela eta jendea armairuetan sartzeari utziko diogula erakusteko eguna da, eta honen ardura kolektiboa da. Txikitatik eta hil arte bakoitzari genero rol eta estereotipoetatik aske dagoen bizi duin bat bizitzeko aukerak ematea da helburua.