Azkoitiko Udalak 'Azkoitia ezagutzen' programa garatu du, herriko ikastetxeei zuzenduta

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko eka. 2a, 12:07

Floreaga eta Xabier Munibe ikastetxeetako 169 ikaslek hartuko dute parte ekimenean. (Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udalak Azkoitia ezagutzen programa didaktikoa jarri du abian, eta ekimenaren bidez, Xabier Munibe ikastolako eta  Floreaga ikastetxeko 5. eta 6. mailako ikasleek herriak izan duen garapena ikasiko dute dute, udalerriaren "ezagutza sakona" barneratzeko asmoz. Bi ikastetxeek elkarlanean eramango dute aurrera egitasmoa, eta guztira 169 ikaslek hartuko dute parte. Programa lantzen orain hasi badute ere, hurrengo ikasturtean jarraituko dute. Izan ere, lehen lan saioak egin dituzte dagoeneko, baina materiala datorren ikasturtean banatuko dute. Matarial didaktikoaren bidez, Azkoitiak Historiaurretik gaur egunera arte izan duen "garapena" aztertuko dute. Bosgarren mailakoek landuko duten atala Aztarnak izenekoa da; bertan, hiribildua sortu zen urtera arteko—1324. urtea– garaia landuko dute. Atal horretan sartzen dira lehen gizakiaren bizimodua, historiaurrea Iraurgi bailaran, Burdin Aroa eta euskal mitologia. Seigarren mailakoek, berriz, Letrak atala landuko dute. Hiribildua sortu zenetik gaur egunera arteko bilakaera jorratuko dute, eta hala nola, Zalduntxoak, Burdinaren Bidea, Peñaflorida Kondea, 1766ko matxinada, Bizenta Mogel, Oteiza anaiak, Barriketako iturria… ikasiko dute. "Egitasmoaren helburu nagusiak dira, besteak beste, herriaren garapena, azkoitiarrek historian zehar izan duten bizimodua, inguruak jasandako aldaketak, lan sektoreak, eraikuntza esanguratsuenak eta bertako kultur ondarea ezagutaraztea ikasleei, eurak izango direlako Azkoitiko herriak etorkizunean izango dituen erronkei aurre egin beharko diotenak", esan du Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide