Ekainaren 15ean hasiko dira aparkalekuen sistema berriarekin. (Juan Luis Romatet)
Ekainaren 15ean jarriko dute abian aparkalekuen sistema berria Zumaian. Printzipioz, udako hiru hilabeteetan –ekainaren 15etik irailaren 15era– ezarriko da sistema Zubitxikitik herrigunea bitartean, Ardantzabiden izan ezik; izan ere, honek bere sistema propioa izango du. Araudia joan den ostegunean egindako ohiko udalbatzarrean onartu zuten aho batez, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Martxoan egin zen ezohiko bilkuran onartu zuten araudia behin-behinekoz, eta jarraian jendaurrean jarri zuten erakusgai, helegiteak aurkezteko aukera emanez. Oier Korta alkateak jakitera eman zuenez, bederatzi izan dira epe horretan aurkeztutako helegiteak: horietatik sei aintzat hartu dituzte; eta beste hirurak, aldiz, ez. Onartutako helegiteetako bat Foruen enparantzako azokako aparkalekuei dagokiona da. Errotazio azkarreko aparkalekua dago bertan, eta alkateak onartu zuenez, araudian sartzea ahaztu zitzaien. Errotazio azkarreko izaera mantenduko dute, eta azoka zabalik dagoen uneetan, gehienez ere 20 minutuz aparkatu ahal izango da. Beste guneetan ez bezala, udaltzaingoak zainduko du gune hori.
Ipark enpresak irabazi du araudiak jasotzen duen TAOko gunea kudeatzeko lehiaketa. Ordainpeko gunea Julio Beobide ibiltokian ezarriko dute, Paolaldean. Zerbitzu hori aurrera eramateko hiru enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, eta Ipark delakoak irabazi du. Bulegoa egunotan zabalduko dute Ortega y Gasset kalean, eta bertan banatuko dituzte egoiliarrentzako txartelak edo binetak ostegun honetatik aurrera.
Zubitxikitik herrigunea bitarteko herritarrek izango dute egoiliarren binetak eskuratzeko aukera, Ardantzabidekoek salbu: Alde Zaharrekoek, moilakoek, San Jose kalekoek, Paolaldekoek, Amaiako plazakoek eta Ondartxokoek. Larretxoko bizilagunek ere bineta eskatu beharko dute, nahiz eta gero araudi berezia izango duten.
Binetak eskuratzeko beharrezkoa izango da aurretik autoa etxebizitzan erroldatzea. Kudeaketa hori udaletxean bertan egin daiteke, nahiz eta gero binetak Ipark enpresak zabalduko duen bulegoan eskatu beharko diren.
Zalaparta amaieran
Maiatzeko udal osoko bilkura lasai antzera hasi zen, baina, amaieran, egoera erabat aldrebestu zen, herrian agertutako pintaketez EAJk aurkeztutako mozioarekin. Aurretik aztertutako puntu ia denak aho batez onartu ziren. Mozioen txanda iritsitakoan, Altsasuko auziaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako proposamena irakurri zuten lehenbizi. EH Bildu beraren eta EAJren aldeko botoekin onartu zen; PSE-EE abstenitu egin zen.
Pintaketen mozioan, baina, koalizioak bere kontrako botoa iragarri zuen: alkatearen aurka herrian agertutako pintaketak gaitzetsi zituen, baina koalizioaren ustetan, Udal Gobernuak pintaketa denak zaku berean sartu ditu bere ezintasuna ezkutatzeko. Hor piztu zen sua. Ia ordu erdi luze iraun zuen eztabaidak, eta azken hilabeteotan jeltzaleen eta koalizioaren artean ikusitako hurbiltasunak hain oinarri sendorik ez duela garbi ikusi zen.