Aparkalekuen araudia datorren udara mugatuko da, hasiera batean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko mar. 21a, 11:33

Trafikoaren ordenantza aho batez onartu dute udalean, udazkenetik aurrera berriro berraztertzeko baldintzarekin. TAO gune bat jarriko da Julio Beobide ibiltokian

Ardantzabiden araudi propioa izango du, eta ez dute aplikatuko herrigunean ezarriko dutena. (Juan Luis Romatet) Pasa den ostegunean egindako ezohiko plenoak aho batez onartu zuen Zumaiako trafikoa arautzeko ordenantza, hau da, aparkalekuak arautuko dituen dokumentua. Araudi hau, printzipioz, datorren udan bakarrik izango da abian, Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek udazkenean gaia berraztertzeko konpromisoa hartu baitute. EAJk eta EH Bilduk, bakoitzak bere aldetik, landu dituzte aparkalekuen inguruko proposamenak. Udal Gobernuan dauden jeltzaleek urtarrilean zenbait bilera egin zituzten herritarrekin, beraien proposamena aurkezteko. Koalizioak, berriz, parte hartze prozesua jarri zuen abian, garai berean, herritarren iritziekin proposamena lantzeko. Pentsa zitekeen bakoitzak bere proposamena eramango zuela udalbatzarrera, baina, ez zen hala izan. Aste batzuk lehenagotik landu dute gaia udal batzordeetan eta bileretan, eta proposamen komun bat eraman zuten udalbatzarrera. Aho batez onartutako araudia hein handi batean, edo, hobe esanda, ia bere osotasunean Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenean oinarritutakoa. PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonek eskatutako ñabardura batzuk jaso ditu hala ere. Egoiliarren txartela EAJren dokumentuak egoiliarren biñeta edo txartela ordaintzea proposatzen zuen. Ardantzabideko bizilagunek ordaintzen duten kopurua (15 euro) hainbanatzea jasota zuten horretan: lehen autoko txartelak 5 euro balioko luke eta bigarren autokoak 10 euro. PSE-EEk emendakina aurkeztu zuen, ordea, lehen urte honetan 0 tasa bat ezartzeko eskatuz: "Gune denetan, Ardantzabiden ezik. Zergatik? Behin-behinekoa delako. Hiru hilabetez izango da abian eta ez dakigu esperientziak nolako eragina izango duen. Tasa bat jartzea ondo dago, baina ikusita hiru hilabeterako bakarrik izango dela, nahikoa da herritarrek txartela lortzeko gestioa egin behar izatea". Udal Gobernuko EAJkoak ez ziren emendakinaren alde agertu."Ardantzabide arautzeko txartel bat jartzea 12 botorekin onartu zen. Emendakina onartuta, proportzionaltasun printzipioa ez da betetzen. Ardantzabidekoek duten zerbitzua eskainiko da beste guneetan ere. Herritar batzuek zerbitzu batzuk ordaindu beharko dituzte eta beste batzuk doan izango dituzte", azaldu zuen Oier Korta alkateak. Emendakina PSE-EEko zinegotziaren (1) eta EH Bildukoen (6) aldeko botoekin onartu zen. EAJko ordezkariak (6) abstenitu egin ziren. Ordenantza bozkatu aurretik, eta EH Bilduk hala eskatuta, hiru alderdiek sinatutako akordioaren berri eman zuten, emendakin bezala. Jakitera eman zutenez, irailaren 15ean, hondartza denboraldia amaitzen denean, berriro berraztertuko dute aparkalekuen araudia, prozesu parte hartzaile baten bidez. Akordioa aho batez onartu zen, trafiko ordenantza onartu bezala. TAO gunea paolaldean Araudia ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean izango da indarrean, Zubitxikitik herrigunera artean. Oinarrian lau gunetan banatuko da. Errotazio handiko eremu bat egongo da Moilaberriko zubitik Arranplara arte, ibaiertzean (81 plaza) eta beste bat ordainpekoa (89 plaza, TAOrekin) Julio Beobide ibiltokian. Ardantzabideko eremua, berriz, urte osoan egongo da araututa. Larretxokoa eremu berezia izango da. Egonaldi luzeko guneak Estazioko industrialdean eta Kirol-portuko aparkalekuan ezarriko dituzte. Loturak Txu-Txu trenarekin eta itsasontzi-zerbitzuarekin egingo dira. Autokarabanentzako gunea Sarauneko zati batean kokatuko da, kirol-portuan; gehienez bi egunez aparkatu ahal izango da. Poligono ingurua babesteko plana ere jaso dute. Gune horretako hiru sarbideak erdi ixtea jaso dute, informatzaileen bidez. Bizilagunek doako egoiliar-txartela edukiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide