Onartu dituzte datorren urterako udal aurrekontuak Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko abe. 29a, 13:16

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten 2017rako udalaren aurrekontu propioa. EH Bilduko eta Azkoitia Baiko kideek kontrako boza eman zuten. Zubiaurre-Elkargunearen, San Jose Egoitzaren eta Azkoitia Lantzenen aurrekontuak bozkatzerakoan denetarik izan zen. Udalaren aurrekontu orokorra 17.892.609,40 eurokoa da.

Azkoitiko Udalak atzo, asteazkena, egindako udalbatzarrean onartu zituen datorren urterako Udal Gobernuak osatutako aurrekontuak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Azkoitia Baik udal aurrekontu propioaren aurkako boza eman zuten. Azkoitiko Udalak 15.780.000 euroko aurrekontu propioa izango du datorren urtean, iaz baino %16 handiagoa. Ana Azkoitia EAJren Udal Gobernuko zinegotziak eman zituen aurrekontuen gaineko azalpenak, eta hark adierazi zuenez, igoera "nabarmena" da, bi kontzeptugatik. Batetik, udalak Urrategi Bideko bi lursail saldu dizkiolako Lidl supermerkatu kateari, eta 2017an urbanizazio lanak egingo dituztelako bertan. Konpainia alemaniarra arduratuko da lursailen urbanizazio kostuez, baina udalak esleituko ditu lanak. Horregatik, udalak 1.735.042 euro jasotzea aurreikusten du. Bestetik, 2016ko gerakina 675.000 eurokoa izango dela aurreikusi du udalak. Azkoitiak esan zuenez, aurrekontuak "kontinuistak" dira , eta partida gehienak igo edo mantendu egingo dituzte. Aurrekontuetarako EH Bilduk egindako proposamenak "kontuan ez" hartzea leporatu zion Iraitz Otaño EH Bilduko zinegotziak Udal Gobernuari. "Besteak beste, proposatu genuen berditasun teknikaria lan ordu osora pasatzea, liburutegi zerbitzuaren ordutegia zabaltzea, herriaren kultura plan integrala garatzeko eta parte-hartzerako partida bana jartze. Izan ere, partea-hartzea hitzean eta hortzean erabiltzen duzue, baina zentimorik ez duzue jarri parte-hartzerako. Uste dugu herriak behar duela parte-hartzera bideratutako partida. Halere, batzordean esan zenuten herriak aukeratu zuela lau urterako programa bat, eta bi urte barru aukeratuko dutela berriz ere herritarrek. Hemen lau urtean behin erabakitzen da". Azkoitia Baik udalaren aurrekontu propioari ezezko botoa eman bazion ere, hainbat partidarekin "ados" zeudela adierazi zuen Jose Joakin Etxaniz zinegotziak. "Oso gutxi dira Udal Gobernuaren aurrekontutik kenduko genituzkeen partidak, hala nola prentsa zerbitzua, kreditu globala, elektrizitate kaxak konpontzea eta eskoilerak". Etxanizek azaldu zuen Azkoitia Bairen eskaerak ez direla asko: "Auzo konposta indartzea, 13 eta 18 urte bitartekoentzat aisialdi proiekturen bat, ekintzailetasuna sustatzeko diru-laguntzak eta herriko talde feminista diruz laguntzea". Azkoitia Baiko kideek aurrekontutik kendu eta jarriko lituzketen partidak kontuan izanda, soberakina 42.000 eurokoa dela azaldu zuen Etxanizek, eta diru horrekin oposizioko liberatuari ordaintzea eskatu zuen Azkoitia Baik. Horrez guztiaz gain, udal tasekin eta zergekin "diru gehiago" biltzearen aldekoak direla azaldu zuen, "horrela klase ertain/baxuko herritarrari laguntza gehiago eman ahal izateko". Lotura honetan ikus daitezke Azkoitia Bai udal aurrekontuei egindako ekarpen guztiak. Parte-hartzearen gaiari lotuta, Ana Azkoitia EAJko zinegotziak azaldu zuen, aurrekontuetan 20.000 euro aurreikusita daudela formaziorako eta herritarren komunikaziorako eta parte-hartze programetarako. Azkoitiak esan zuenez, "ikuspuntu desberdinak" dituzte parte-hartzearen esanahiaz. "Guretzat parte-hartzea ez da diru partida bat jartzea, eta herritarrek erabakitzea diru hori zertan gastatu. Guk parte-hartzeko ekitaldiak egin ditugu urtean zehar, herritarrekin egon baikara zenbait lan egiterako. Batzuentzat parte-hartzea da partida jarri eta erabakitzea, eta guretzat hori baino gehiago da. Guk 2015eko programa erabiltzen dugu gida bezala, eta oraindik badugu zer egina programan jasotakoari dagokionez. Beraz, zer gehiago egin dezakegun galdetzea, ez zaigu iruditzen egokia". Elkargunea, Azkoitia Lantzen eta San Jose Egoitza Udal aurrekontu propioa ez ezik, San Jose egoitzaren, Zubiaurre-Elkargunearen eta Azkoitia Lantzen sozietatearen aurrekontuak ere eztabaidagai izan zituzten. San Jose egoitzak 73.300 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, Zubiaurre-Elkarguneak 774.000 eurokoa eta Azkoitia Lantzenek 2.032.069 eurokoa. San Jose Egoitzaren aurrekontua aho batez onartu zuten udaleko alderdi guztiek. Aldiz, Zubiaurre-Elkargunekoen eta Azkoitia Lantzenekoen aurrean desadostasunak agertu zituzten udaleko alderdi desberdinek. Apartamentu tutelatuak ditu udalak San Jose egoitzan, eta erabiltzaile kopurua igo egin denez, aurtengoa baino pixka bat handiagoa izango da 2017ko aurrekontua. Gainerakoan, Gipuzkoako Foru Alundiak kudeatzen du egoitza. Zubiaurre-Elkargunearen datorren urteko aurrekontua aurtengoa baino zerbait txikiagoa izango da, Ana Azkoitia EAJko zinegotziaren arabera, "Masquatro enpresari ematen zaion diru-laguntza txikiagoa delako", eta hori "albiste ona" da, bazkide eta erabiltzaile kopurua igo dela esan nahi duelako. Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizek gogorarazi zuen eraikinaren mailegua ordaintzeko 5.140.000 euro inguru falta zaizkiola udalari. Horregatik, bazkideei hilean 2 euroko igoera ezartzea proposatu zuen Etxanizek. "Ez da diru kontua soilik, herritar denon artean ordaindu beharko dugu urtero egiten den zuloa, baita erabiltzen ez dutenek ere". Hori "justua ez" dela-eta, Elkarguneko aurrekontuari ezezko botoa eman zion Azkoitia Baik. Hala, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko bozekin onartu zuten Zubiaurre-Elkargunearen 2017rako aurrekontua. Azkoitia Lantzenek 2.032.069 euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Azkoitia EAJko zinegotziak esan zuen aurten ez duela aktibitaterik eduki Azkoitia Lantzenek, "sozietatearen jabetzakoak diren etxeen alokairuak kobratu ditu soilik". Hark azaldu zuenez, 2017rako udalak aurreikusten du Txalonerrekako lur sail bat saltzea. Udal Gobernuaren arabera, 1.754.726 euroko balioa du lur eremu horrek. Azkoitia Lantzenek salmenta hori gauzatuko du 2012ko irailetik Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu duen Oinartxoko zabortegiko lixibatuen tratamendua finantzatzeko. Lixibatuen tratamendua ordaintzea Azkoitia Lantzeni egokitu zaio lurren jabea eta erantzule subsidiarioa delako, eta salmenta horrekin, udalak Eusko Jaurlaritzarekin duen zorra kitatuko duela adierazi zuen Ana Azkoitiak. Hark azaldu zuenez, "2016tik Azkoitia Lantzen ari da lixibatuen tratamenduari aurre egiten". Gaizka Larrañaga EH Bilduko zinegotziak "zuzenketatxo bat" egin zion Azkoitiari: "Salmenta ez da lursailena, zor baten ordainez emango den lurra da. Baina, beno, salmenta moduan saldu nahi baduzue, hala izan beharko du". Azkoitiak erantzun zion "kontableki salmenta" izango dela: "Bestalde, zorra kitatuko da. Kontableki, ordea, salmenta da. BEZarekin fakturatuko dugu. Hori bai, salmentaren zergatia esan dugu zorra kitatzea dela". Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizek azaldu zuen, horrelako erakundeek "udaletik kanpo" egon behar luketeela: "Erakunde horretan eragindako eragiketek arazo ugari ekarri dizkigu, ekartzen ari da eta ekarriko dizkigu. Denok dakigu udalean egin ezin ziren eragiketak egiteko sortu zirela, edo eragiketak bizkorrago egiteko behintzat. Badakigu zer garain ziren, eta udalek handikeria asko egin zituztela. Eskarmenturako ere balio izan digute hartu ditugun, hartzen ari garen eta hartuko ditugun zaplastekoek. Horregatik, erakunde horretan aditu bat jartzeko eskatzen dugu, nahiz eta, beti bezala, estatutuak aldatzeko prest ez zaudetela esango duzuen". EAJk eta PSE-EEk aldeko boza eman zuten, eta EH Bilduk eta Azkoitia Baik Azkoitia Lantzenen 2017rako aurrekontuaren aurkakoa. Udalbatzar osoa EH Bilduk Maxixatzen.eus-era igotako bideoan ikus daiteke.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide