Azkoitiko baratza ekologikoak erabiltzeko izena ematea hilaren 19an irekiko dute

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko mai. 15a, 12:51

Altamiran jarriko dituzte baratzak
(Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udalak modu ekologikoan baratzak lantzeko lusailak jarriko ditu herritarren eskura, Altamirako Urola Institutuaren ondoko lursailetan. Guztira, 40 metro kuadroko 65 partzela egokituko dituzte, eta horietako bat ezintasun fisikoren bat dutenentzako izango da. Herritarrei euren elikagaiak lortzeko aukera eskaintzeko asmoz abiatu du udalak proiektua, herritarrek partaidetza prozesuetan egindako ekarpenak kontutan hartuta, eta interesa dutenek hurrengo asteartetik, maiatzaren 19tik, aurrera egin ahal izango dituzte eskaerak, udaletxeko harrera bulegoan. Ekainaren 2ra bitartean eman ahal izango da izena, eta horretarako NAN-a eta udalean lortu daitekeen eskaera orria beteta eraman beharko dute. Era berean, hainbat baldintza bete beharko dute lursailak lortzeko; Azkoitian erroldatuta egon behar dute esleipenerako deialdia argitu aurretik hiru urtetan behintzat. Familia unitate bereko kide batek bakarrik izan behar du baratze ekologikoen erabiltzaile, eta ezin izango dute nekazaritza jarduerako beste lursail baten jabe edu erabiltzaile izan. Era berean, zergak ordainduta eduki behar dituzte. Izena emateko epea amaituta, udalak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du, eta herritarrek bost eguneko epea izango dute erreklamazioak egiteko. Ondoren, behin betiko zerrenda kaleratuko dute, eta eskaerak lursail kopurua baino gehiago badira, zozketa egingo dute jendaurrean. Ezindu fisikoak, berriz, haiei dagokien lursailerako zozketan sartuko dira. Baratza erabiltzeko lizentzia urtebetekoa izango da, eta gehienez lau urtera luzatu ahalko da. Dena den, hurrengo deialdietan parte hartzeko aukera ere izango dute. Udalak onartuta dauka dagoeneko ordenantza, eta hilean bost euroko kanona jarri dute gastuei aurre egiteko. Udal eremu publikoaren erabilera bermatzeko, bestetik, 50 euroko fidantza ordaindu beharko dute. Baratze Parkea Sarearen partaide izango dira Azkoitiko baratzak. Baratzako elikagaiak norbere kontsumorako izango dira, eta debekatuta izango dute saltzea. Era berean, lanabesak gordetzeko etxola bat izango dute herritarrek. Erabiltzaileek, elkarte bat sortuko dute euren artean, eta bozeramaile bat izendatuko dute, besteak beste udaleko teknikariekin kezkak eta arazoak bideratzeko. Horrez gain, Ekogunek antolatzen dituen ikastaroetan parte hartu beharko dute, eta egiten ez badute lizentzia galduko dute, eta hutsik geratuko da haren plaza. Animaliarik ezingo dute eraman baratzeetara.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide