Gutuna: ¿Tu por qué has venido a vivir aquí?

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko mai. 14a, 16:11

Iraitz Otaño Mujika Azkoitian, azken egunotan jendearen ezpainetatik alde egiten ez duen hitz bat dabil aurrera eta atzera. Bai, meskitaren gaiaren inguruan ari naiz hizketan. Nire barnean sentsazio ugari sortu ditu gai honek, amorrua, beldurra eta, batik bat, auzo-lotsa. Eta galdetuko didazue ea zergatik sortzen dizkidan horren negatiboak diren hiru sentipen horiek. Hasteko, honen inguruan sortu denak izugarrizko amorrua ematen dit aparkaleku faltaren atzean kultura baten zapalkuntza bat ezkutatzen delako, mezu xenofobo eta arrazistak. Aurka agertu direnak ez dute sekula onartuko publikoki hori esatea politikoki gaizki ikusia dagoelako, baina tira. Azken finean, euskaldunok horrenbestetan pairatu dugunaren antzekoa sufriarazten ari gara gure albokoa. Euskal Etxe bat ireki nahi izan bagenu munduko puntu batean eta horrelako erantzun bat jaso bagenu, ez al ginateke minduak, zapalduak eta baztertuak sentituko? Enpatia omen da pertsona gizaki egiten duena eta adibidea ulertzeko gai bazerate, uste dut uler dezakezuela gaur egun gure bizilagunak sentitzen ari direna. Amorruaren ondoren beldurra sentitu nuen, bai beldurra. Horrelako bazterketa bat hasiera izan daitekeelako. Bai, zerbait handiagoaren hasiera, bazterkeriaren hazia landatzen badugu gure inguruan seguruenik loratu egingo da denboraren poderio,z eta ezta hain zuzen loraldi eder bat izango. Muturretara joaten ari naizela esango dit bat baino gehiagok, baina etnozidio eta genozidioak ez dira bat-batean gertatzen, horrelako gauzak gertakizunen kate baten zoritxarreko amaiera besterik ez dira, ala Auswitzch bat-batean sortu zen? Azken aldian islamofobiaren mezua ez Azkoitian bakarrik Mendebaldeko Europa aurrerakoi, giza eskubide zale eta berdin zale osoan ari dira zabaltzen, eta horrek izugarrizko beldurra ematen dit. Azkena, auzo-lotsa, unibertsitatean sentitu dut. Ikaskideak galdezka hasi zaizkidanean ea zer arazo daukagun Azkoitian meskita bat egitearekin. Lotsa sentitu dut, hitzik gabe gelditu naiz, ezin zitzaidalako buruan sartu azkoitiar batzuk horrelako erantzun bat ematea egoera honi. Lotsa hau baretzen joan da ikusi ahala jende gehiago dagoela nire antzera pentsatzen duena gai honen inguruan. Horregatik animatu nahi ditut azkoitiarrak, gizarte baketsu eta pluralista batean bizi nahi dugunak ozen esatera eta ez lotsatzera. Lotsatu beharrekoak beste batzuk dira, nahiz eta ematen duen ez direla batere lotsatzen. Justu kontrakoa esango nuke, oso ausart eta adoretsu dabiltzala beraien bizilagunei ¿Tu por qué has venido a vivir aquí? eta antzekoak esaten. Nahiz eta sinesgaitza egin askori horrelakoak, gaur arratsaldean gertatu dira Floreaga auzoan. Hirurogeita hamar urte betetzen dira aurten II. Mundu Gerra amaitu zela eta hirurogeita zazpi "Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala" sinatu zela. Horrenbeste urte pasa ondoren horrela ibiltzea jendea benetan mingarria da, lehenengo atalean argi esaten da: "Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela". Beraz, egin dezagun denok gure eskutan dagoena hau bete dadin eta guretzako aldarrikatzen ditugunean ez dugu ahaztu behar beste pertsona guztientzat aldarrikatu behar ditugula. Bada eta garaia paperetik errealitatera salto egiteko eta mundu zatitu hau elkartu eta denok batera aurrera egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide