(Ane Olaizola) Azkoitiko Udalak hondakinak biltzeko sistema berriaren gizarteratze kanpaina hasi du. Horretarako, informazio bulegoa zabaldu dute plazan bertan, lehen Azkoitia Lantzen-en bulegoan zegoen lekuan. Bi hezitzaile izango dira egunero han, sistema mistoak herritarrei eragin ditzaizkien zalantzak argitzeko. "Normala da hasieran herritarrek kezkak eta zalantzak edukitzea, baina ikusiko dugu pixkanaka zalantza horiek uxatzen joango garela". Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak, berriz, berretsi du "aldaketa txikiekin gauzak ondo egiteko gai" direla herritarrak. Bulegoa egunero zabalduko dute, 09:00etatik 13:00etara bitartean, eta astearte eta ostegunetan arratsaldez ere zabalduko dute, 17:00etatik 19:00etara artean, eta herritarrei dei egin die "lasaitasun osoz eta lotsarik gabe" joan daitezen bertara. Horrez gain, informazio bilerak hasiko dituzte hurrengo astean, auzoz auzo banatuta. "Sistema berriaren ezaugarriak eman, eta herritarren ekarpenak jasoko ditugu, haiekin adosteko hainbat puntu". (Egitaraua, behean). Udalak uztailean du sistema berriarekin hasteko asmoa. Orduan derrigorrezkoa izango da hondakinak gaika biltzea, baina informazio bulegoko hezitzaileek lasaitasun mezua helarazi dute, eta gogoratu dute aldaketa bakarra hondakin organikoa eta errefuxa jasotzerakoan izango dela, gaineko frakzioak (ontzi arinak, papera, kartoia eta beira) orain arteko edukiontzien bidez jasotzen jarraituko baitute. Organikoaren kasuan, orain arteko edukiontziak bezalakoak izango dira, baina txip baten bidez ireki ahal izango da, " herritarrak ondo egiten ari direla bermatzeko kontrol neurri bat izan dadin." Errefusari dagokionez, edukiontzi grisa kendu egingo dute, eta birziklatu ezin dena atez ate jasoko dute, astearteetan. Herritarrek 20:00etatik 00:00etara atera beharko dute errefusa. Era berean, pixoihalentzat edukiontzi bereziak jarriko dituzte herrian zehar. Hala, edukiontzi hori erabiltzeko beharra duen edozein pertsonek bulegoan eskatu dezake. Sistema mistoak herriguneko biztanleei eragingo dio, eta landa eremuetan bizi direnentzako ekarpen guneak jarriko dituzte hainbat puntutan. Edukiontzi guztiak han izango dituzte horiek, eta txip bidez funtzionatuko du. Era berean, larrialdi gune bezala ere erabiliko dira horiek; hau da, errefusa zehaztutako orduetan atera ezin dutenek, aukera izango dute ekarpen guneetara jotzeko, eta udalarekin harremanetan jarriz. Horrez gain, orain arte hondakin organikoa birziklatzen ez dutenei zuzenduta, tailerrak egingo dituzte datozen asteetan. Datak zehazteke daude oraindik, baina "sarri" egingo dituztela aurreratu dute. Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak esan du sistema berria ekonomikoki merkeago izango dela, Urola Erdiko mankomunitateak egindako azterketen arabera. Birziklatze maila igotzea izango duela helburu eredu honek, orain artekoarekin "tasa txikiak" lortu baitituzte; "kalean aukera guztiak zeuden birziklatzeko, baina ez genuen maila lortzen. Horren aurrean, arduraz jokatu behar dugu". Orain arteko tasak, %30 ingurukoak, "ezinezkoak" zirela uste du alkateak; "tasak igotzeko ikusi genuen beharrezkoa zela edukiontzi grisari ateak ixtea". Sistema mistoa jartzeko erabakia, gainera, parte hartze prozesuaren emaitza izan dela gogoratu du. Informazio bulegoaz gain, azkoitia@urolaerdia@org helbidera idatzita 688 83 07 55 telefonora deituta ere jarri daiteke haiekin harremanetan. Udalak, gainera, atal berri bat sortu du bere webgunean, www.azkoitikoudala.net helbidean. Bilerak, egunez egun:
- Maiatzak 12, astelehena: Altzibar, Jausoro, Ipintza eta Txalon Errekako biztanleentzat, 18:30ean Elkargunean, euskaraz.
- Maiatzak 13, asteartea: San Martin eta Altamirako biztanleentzat (Bizenta Mogel barne), 18:00etan Elkargunean, euskaraz.
- Maiatzak 13, asteartea: Altzibar, Jausoro, Ipintza, Txalon Erreka, San Martin eta Altamirako biztanleentzat (Bizenta Mogel barne), 19:30ean Elkargunean, gazteleraz.
- Maiatzak 14, asteazkena: Abarketagileak, Ibaiondo, Iraurgi, Xabier Munibe, Julio Urkijo, Trenbidearen Zumardia eta Juingo biztanleentzat, 18:30ean Elkargunean, euskaraz.
- Maiatzak 15, osteguna: Floreaga, Estrada eta Zuatzolako biztanleentzat, 18:00etan Elkargunean, euskaraz.
- Maiatzak 15, osteguna: Abarketagileak, Ibaiondo, Iraurgi, Xabier Munibe, Julio Urkijo, Trenbidearen Zumardia, Juin, Floreaga, Estrada eta Zuatzolako biztanleentzat, 19:30ean Elkargunean, gazteleraz.
- Maiatzak 19, astelehena: Auzmendibide, Bizkargi, Jandonianiz, Santa Klara, Trino Uria, Ubaiar eta Ugarte kaleko biztanleentzat, 18:30ean Elkargunean, euskaraz.
- Maiatzak 20, asteartea: Alde zaharreko (Aingeru kalea barne) biztanleentzat, 18:00etan Elkargunean, euskaraz.
- Maiatzak 20, asteartea: Auzmendibide, Bizkargi, Jandonianiz, Santa Klara, Trino Uria, Ubaiar eta Ugarte kalea, eta Alde zaharreko (Aingeru kalea barne) biztanleentzat, 19:30ean Elkargunean, gazteleraz.