Udalak eta Elkarmediak aurkeztu dute sistema, gaur
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Udalak opendata sistema jarri du, eta Interneteko plataformaren bidez bere datu publikoak argitaratuko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzei esker jarri dute martxan ekimena, Elkarmedia enpresarekin elkarlanean. Adierazi dutenez, Azkoitia da sistema hau ezarri duen Gipuzkoako lehen udalerria, herritarrei administrazioaren "gardentasuna" bermatu nahian.
Udalaren www.azkoitia.net atarian, Gobernu Irekia ataletik sar daiteke opendata sisteman. Modu estandar eta berrerabilgarrian argitaratuko dituzte datuak, norbanako eta enpresek edozein lekutan eta unetan eskuragarri izan ditzan. Azkoitiko udalaren plataforman, besteak beste ingurumenari, udalari, lanari, turismoari, aisiari eta ekonomiari dagozkion informazioa eskuratu daiteke. Hala nola, hondakinen, udaleko langileen ordainsarien, udalaren zorraren, ostalaritzaren edota aurrekontuen inguruko datuak jasoko dituzte. Sistema elikatzearekin batera, datuok eguneratu egingo dituzte.
Datuen artean nabigatu, grafikoki aurreikusi, formatu ezberdinetan deskarkatu edota beren bertsio semantikora sartzeko aukera eskaintzen du plataformak. Datuak "berrerabiltzeko" aukera ere ematen duela azpimarratu du Elkarmediak, "edonork libreki erabiltzeko moduko formatuan argitaratuta baitaude". Udalaren arabera, modu horretan erabiltzaileek "datuetan oinarritutako aplikazioak garatu, modu ulergarri eta errazean bistaratu, txosten eta analisiak egin eta balio erantsia duten produktuak sortu ahal izango dituzte".
Azkoitiko Udalak adierazi du "gobernu irekia" filosofiaren barruan abiatu duela proiektua. "Parte hartzea eta elkarlanarekin batera, gobernu irekiaren filosofiaren hirugarren zutabearekin, gardentasunarekin, egiten du bat". Mundu mailan gero eta indar gehiago duen sistema da, administrazioen gardentasunean eragiten duelako. Era berean, herritarrekin batera garatu nahi dute sistema, honen arrakasta "elkarlanetik" etorriko delakoan. Beraz, informazio zehatz bat eskatzeko eta proposamenen bat egiteko atal bat izango dute herritarrek.