Abortuaren lege aurreproiektua gaitzetsi du Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko ots. 3a, 18:40

Azkoitiko Udalak ohiko plenoa egin zuen ostegunean, eta "emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan" abortuaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen, aho batez. Espainiako Gobernuak onartutako abortuaren lege aurreproiektua gaitzetsi eta atzera botatzeko eskatu du udalak, "atzerakoia" delako eta emakumeen eskubideak urratzen dituelakoan. "Egin asmo duten kontrarreformak emakumeen autonomia urratu, emakumeen heldutasuna, erabakitzeko gaitasuna eta ardura ukatu eta infantilizatu egiten ditu, abortatu ahal izateko beste batzuekiko menpekotasuna ezarriz. Hala, emakumeen gorputzak Estatuak eta medikuntzak interbenitutako erreprodukzio hutsera murriztu ditu", salatu du udalak. PPk aurrera eraman nahi duen lege proiektuak emakumeak "ama izatera behartzen" dituela azpimarratu dute; "haurdunaldia bilatua izan arren, marformazioak eta gaixotasunak identifikatutako kasuetan erabakitzeko aukera ukatu nahi dute, edozein modutan haurdunaldiarekin jarraitzera behartuz. Bortxaketarik legokeen kasuetan soilik baimendu nahi dute abortua, baina horretarako salaketa jarri behar dute, eta jakin badakite bortxaketa asko salatu gabe geratzen direla", azaldu dute. Horrez gain, lege murriztaileek abrotu kopurua ez dutela gutxitzen azpimarratu dute; "Munduko Osasun Erakundeak ere hala onartzen du". Aitzitik, haurdunaldia etetea erabakitzen dutenek klandestinitatera edo atzerrira joatera "behartzen" ditu. Horren aurrean, emakumeen autonomia defendatzeko konpromisoa hartu du Azkoitiko Udalak, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete emakumeek haien gorputzarekiko eta ugalketarekiko erabakiak "askatasunez" hartu ahal izateko "lege-babesa, osasun-babesa eta babes-soziala" bermatu dezatela. Herritarrei, berriz, emakumeen autonomiaren eta "oinarrizko eskubideen" alde egin eta lege proiektuaren aurkako mobilizazioetan parte hartu dezaten dei egin die. Udalak emakumeen mugimenduak egindako "lan handia" aitortu du. Era berean, haurdunaldiak sistema publikoaren baitan egitearen alde egin du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide