Aurrekontuetako inbertsio nagusia Musikagunea egitea izango du Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko urt. 2a, 16:53

Udal Gobernua, aurrekontuen berri ematen, gaur
(Ane Olaizola)   Azkoitiko Udalak onartu ditu 2014ko udal aurrekontuak. Aurrekontu orokorra 17.127.857 eurokoa izango da, eta zatirik handiena udalak hartuko du; 13.211.000 euro izango ditu honek. San Jose egoitzak, berriz, 2.756.000 euro izango ditu, eta Zubiaurre Elkargune institutuak 696.910,62 euro izango ditu. Azkoitia Lantzen udal sozietate publikoaren aurrekontua, berriz, 1.148.057 eurokoa izango da. Udal aurrekontutako inbertsiorik nagusiena Musikagunearena izango da; Bizkargi Musika eta Dantza eskolarentzat, udal musika bandarentzat eta herriko beste hainbat musika taldeentzat egokituko dituzte Elkarguneko etxabean biltegi gisa erabiltzen dituzten lokalak, eta musikarako eremu berria sortuko dute han. Horretarako 500.000 euroko partida onartu du udalak, eta iazko aurrekontuetako gerakinaren zati bat ere proiektu honetara bideratuko dute. 950.000 euroko aurrekontua du proiektu osoak, eta lanak aurten amaitzeko asmoa dute. Hala izan ezean, ordea, 2015eko udal aurrekontuetatik bideratzeko asmoa dute. Joan zen abenduaren 23an onartu zituzten aurrekontuak, eta udal gobernuak gaur egin du horien aurkezpena. Aurrekontuak osatzeko  hainbat irizpide hartu dituzte kontutan, eta horietako bat izan da "Azkoitia txukun" baten aldeko apostua egitea. Baliabide material eta pertsonal propioak sustatu nahi dituzte horretarako, lanpostu berriak sortu daitezen. Lorezaintza lanak egiteko, baserri bideak garbitzeko eta pintatzeko brigadarako aldi baterako bederatzi lanpostu sortzeko partidak onartu dituzte. Irisgarritasuna hobetzeko, berriz, auzoak lotuko dituen autobus urbanoa jarriko dute martxan datozen hilabetetan. Ingurumenari dagokionez, airearen kalitatea zaintzeko lanketa egingo dute, ingurumeneko ekintza plana egingo dute, eta hondakinak gaika banatzeko zakarrontzi berriak jarriko dituzte, besteak beste. Landa auzoetarako partidak indartu egingo dituzte, eta herri bideak konpontzeko eta baserri bideak garbitzeko eta berritzeko asmoz Berpiztu programarekin jarraituko dute. Beste irizpideetako bat izan da herri "solidarioa" izatea: "Gure herria justua eta okerren pasatzen ari direnekin solidarioa dela uste dugu, eta udalak horretan ahalegin berezia egingo du", adierazi du Urrategi Alberdi ogasun zinegotziak. Gizarte zerbitzuetako laguntzak gehituko dituzte, baita herrialde desberdinetan garatzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak ere. Horrez gain, jubilatuen tabernako emakumeen komunak konpontzeko partida onartu dute. San Jose egoitzan, berriz, hornikuntza lanekin jarraituko dute aurten, eta psikogeriatrikoa handitzeko asmoa dute. Hirugarren irizpidea izan da Azkoitia "bizia" lortzea, eta horretarako, besteak beste, %40 igo dituzte sozio-ekonomia arloko partidak. Merkataritza eta turismoa sustatzeko iazko partida mantendu egin dute, eta aurten ere 76.000 euro izango dute horretarako. Horrez gain, berdintasun teknikaria kontratatzekotan dira urtearen hasieran. Azkoitiko Udal Gobernuak adierazi du Danon Herrixe prozesuan lehenetsitako honako proiektuak ere aurrekontuetan sartu dituztela: tenis pisten lurra berritzea (30.000 euro), espaloiak berritzea (150.000 euro), komun publikoak jartzea (35.000), Xabier Munibe ikastolan arrapala jartzea (91.500 euro), airearen kalitatea aztertzea (15.000) eta hondakinak bereizteko zakarrontziak (12.000). Jakinarazi dutenez, "herritarren iritzia kontutan hartzen" jarraituko dute aurten, eta parte hartzeko ekitaldia indartu egingo dituzte. EAJ eta PSE-EE kontra Gainontzeko alderdien babes handirik gabe onartu zituzten udal aurrekontuak abenduaren 23an. Izan ere, Bilduk soilik bozkatu zuen udalaren eta aurrekontu orokorraren alde. Azkoitia Bai abstenitu egin ziren, eta PSE-EEk eta EAJk aurka bozkatu zuten. Azkoitia Lantzenen aurrekontuei dagokienez, Bilduk eta Azkoitia Baik alde bozkatu zuten, eta EAJ eta PSEk kontra. Horren aurrean, kritiko azaldu da Udal Gobernua; Azkoitia Lantzenen egoera ekonomikoa konpromisoek eta epaiketek baldintzatzen dutela azpimarratu dute, eta horiei aurre egiteko sozietate publikoari aurten 92.000 euro eman beharko dizkiotela jakinarazi dute. Azkoitia Lantzenen aurrekontuen aurka bozkatzeak erakundea bera "porroterako arriskuan" jarri zuela ohartarazi dute, "aurrekontuak onartu ezean sozietatea kiebra egoerara joango bailitzateke, horrek udalari eta azkoitiar guztioi ekarriko lizkiokeen ondorio larriekin". Zentzu horretan, azken urteak "oso gogorrak" izan direla esan dute, Azkoitia Lantzenek "zor handiari" egin behar izan baitio aurre. Besteak beste, 2009an udalak gastatutako 1.500.000 euroal itzuli behar izan dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta egindako eragiketen interes eta amortizazioetan, 2011tik 2014era bitartean, 7.148.043 euro gastatuko dituztela aurreikusi dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide