Azkoitiko Udala hondakinak kudeatzeko sistema berria da jartzekoa datorren urtean, eta horren harira EAJ alderdiak bere proposamena helarazi du. Azkoitian egun martxan dagoen sistema, bosgarren edukiontziarena, egokitzeko asmoa dute, udalak joan zen uztailean hartutako "konpromisoak kontutan hartuta". "Gauza konkretuak egin behar ditugula argi dugu, azken urteetako birziklatze maila ikusita ezer egin gabe oso zaila delako baldintza horietara iristea", adierazi du Mikel Zubizarreta udaleko EAJko bozeramaileak.
Azkoitiko Udalak 2014an %70 sailkatzera iristeko eredua ezartzeko konpromisoa hartu zuen uztailean, eta horrez gain bi urteren epean %80-85era iristea adostu zuten. Gainera, birziklatzea “herritar guztien betebeharra” izango da datorren urtetik aurrera. Hortik abiatuta aurkeztu dute plana; "gure ustez orain dagoen sistemak balio du, baina egia da aldaketak egin behar direla. Herritar batzuk iristen dira %70 birziklatzera, beraz, horrek esan nahi du sistemak funtzionatzen duela. Arazoa da batzuk ez dutela egiten, eta horren ondorioz gaude maila baxuan. Herritarrek egin behar dute, beraz, eta derrigortasunean sinesten dugu". EAJren ustez, herritarrek zenbat birziklatzen duten "kontrolatu" behar da, eta horretarako hondakin organikoen eta errefuxaren edukiontziak behintzat teknologia berriez baliatzea proposatu dute. "Hori kontrolatuz gero, jakingo dugu nortzuk ez duten birziklatzen". Tasetara iristeko hobari eta zigor ekonomikoez baliatzea proposatu dute, "uraren kontsumoarekin egiten den bezala"; "herritarrak hobarien bidez saritzea eraginkorra izaten da".
Horrez gain, ostalariek eta elkarteek ere gisa honetako eredua jarraitzeko "lagundu" egin behar zaiela azpimarratu dute, "birziklatzen ez duten hondakin asko" sortzen dituztelako horiek. Sistema hori kontzientziazio eta informazio kanpainekin uztartzea proposatu dute.
Zubizarretak adierazi du euren plana gauzatzeko "baliabideak" badaudela, baina aitortu dutela "bermerik" sistema horrekin zehaztutako tasetara iritsiko direnik. "Egungo sistemak balio du, etxe askotan egiten delako, baina horrek ez du esan nahi behar den bezala egiten denik. Joan gaitezen ikustera nortzuk ez duten egiten. Bosgarren edukiontzian sinesten dugu, behar dituen hobekuntza guztiekin; horren aldeko apostua egiten dugu". Atez ateko sistema alboratu dute jeltzaleek, besteak beste, eurek proposatutakoa "merkeago" delako: "Bi urtetako plangintza proposatu dugu, eta kalkuluen arabera 140.000 euroko kostua izango luke". Udaleko gainerako alderdiei aurkeztu die proposamena, eta oraindik ez dutela erantzunik izan adierazi dute.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide