Urrategi Alberdi zinegotzia, Pello Bastarrika alkatea eta Esther Lizarralde zinegotzia, prozesuaren berri ematen
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Udalak Danon Herrixe parte hartze prozesuari ekingo dio bigarren urtez, 2014. urteko aurrekontuan osatzeko herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz. "Iaz aurreneko harria jarri genuen, eta aurten bidean sakontzea nahi dugu". Eremu orokorretik kontu zehatzetara salto egingo dutela adierazi du udal gobernuak, eta aurrekontuen "tripak" aztertu eta baloratuko dituzte, herritarren iritziak eta proposamenak jasotzeaz gain. Izan ere, bileretan aurtengo aurrekontuak partidaz partida azaldu eta horiek balorazioa eskatuko dute.
Lehenengo bilera hurrengo ostegunean, hilaren 14ean, izango da. Aurrekontu parte-hartzaileen aurkezpen orokorra egingo dute; hala nola, joko-arauak eta egutegia azalduko dute. Gero hurrengo urteko aurrekontuen ildo nagusiak aurkeztuko dituzte: "Sarrera eta gastuen arteko irekaren berri emango dugu, zenbat diru daukagun eta nola banatzeko asmoa dugun: zorra, gastu orokorrak, aslo bakoitzerako zenbat diru, inbertsioak, brigada... jorratuko dugu". Besteak beste, udal gobernuaren ustez herrian egin beharrekoak diren inbertsioak eta obrak azaleratuko dituzte, eta horien inguruko iritzia jasoko dute, "lehentasunak finkatzeko".
Bilera horren ondoren arlotako batzarrak egingo dituzte datozen asteetan. Horretarako arlo zehatzak aukeratu dituzte, eta bakoitzaren lanketa egingo dute. Horrez gain, aurtengo aurrekontua partidaz partida azalduko dute, eta hurrengo urteko aurrekontuak "hobetzeko" proposamenak bildu eta kontrastatuko dituzte. Bilera horietan udal gobernuaren aurrekontu proposamena ere azalduko dute.
Azaroaren 19an euskarari eta gizarte zerbitzuei buruzko bilera izango da; hurrengo egunean, 15:30ean merkataritza jorratuko dute, eta 18:30ean kultura eta festak. Bilera guztiak Elkargunean izango dira, eta herritar orok hartu dezakete parte. Adierazi dutenez, arlo bakoitzean lan egiten duten herriko talde eragileak "bereziki gonbidatuko" dituzte saioetara. Ordu erdiko bilerak izatea aurreikusten dute.
Ekimenaren bidez udalak duen "gobernu irekiaren filosofian" beste urrats bat eman dutelakoan dira. "Aurrekontuak oso garrantzitsuak dira, urtebeteko plangintza zehazten duelako". Hala, herritarrei dei egin die bileretara joan daitezen: "Azkoitiaren kudeaketan herritarrek ahalik eta erabakitze ahalmen gehiena izatea nahi dugu, Azkoitia beraien iritzi, behar eta asmoen arabera egitea". Pello Bastarrika alkatearen esanetan, gainera, "ez dago gauza aberasgarriagorik dirua zertan erabili erabakitzea baino". Bileren berri emateko kartelak jarriko dituzte kaleetan; ohiko formatuetatik haratago, herritarrak "zirikatzeko" kartelak izango dira, bileretan parte hartu dezaten.
Azkoitiko Udalak aurreko urtean jarri zuen martxan Danon Herrixe egitasmoa. Orduko esperientzia positiboki baloratu ondoren jarraituko dute aurten prozesuarekin.