Azkoitiko Udalbatza, atzoko plenoan
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Udalak hondakinen kudeaketa "egokia" ezartzeko pausua eman du, hondakinen lan taldeak adostutako neurrien ondotik. Lan taldean parte hartu duten eragile eta herritarrek hondakinen kudeaketa ereduak bete beharko lituzkeen baldintzak onartu zituen atzo arratsaldean Azkoitiko Udalbatzak, Bildu, EAJ eta Azkoitia Bai-ren aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin. Hori hala izanik, Azkoitiko Udalak konpromisoa hartu du hondakinen %70 sailkatzera iristeko eredua ezartzea hurrengo urtean. Bi urteren epean %80-85era iristea adostu dute, eta hala izan ezean, neurri zuzentzaileak ezarriko dituzte. Gainera, birziklatzea "herritar guztien betebeharra" izango da.
Bilketa ereduari dagokionez, hurrengo urtean ezarriko dutena "errefusari ateak itxiko dizkion eredua" izango da, eta gaika bildutakoaren kalitatea "bermatuko" du. Adostutako baldintza horietan oinarritutako bilketa eredua zehazterakoan, berriz, "irizpide teknikoak" hartuko dituzte kontutan. Bestetik, prebentzio politikak abiaraziko dituzte.
Udal Gobernuak berretsi zuen hondakinen lan taldeak adostutako irizpideak "kontutan hartzeko konpromisoa" hartu zuela bere garaian, eta hain zuzen, baldintza horietxek izan ziren atzo udalbatzak onartu zituenak; Esther Lizarralde alkateordeak adierazi zuen ondorioetara iristeko "adostasun handia" izan dela lan taldean parte hartu dutenen aurrean.
Honen arabera, hondakinen kudeaketaren inguruan "aurrerapausoak" egin behar dira: "Aurrera egin behar dugu, eta guztiok batera egiten badugu askoz hobeto izango da". Hala, azpimarratu zuen alderdien artean "adostasuna" bilatzen ahaleginduko direla. Lan taldea amaituta, irailean bigarren fasea hasiko dute, eta orduan hasiko dira bilketa eredu zehatzak aztertzen. Honen harira, EAJk uste du atzo onartutako helburuak "egokiak" direla, eta jakinarazi du irailean alderdiak euren proposamena helaraziko duela udalean: "Birziklatze maila igo nahi badugu, ekintza batzuk egin beharko ditugu. Uste dugu egun dagoen ereduari aldaketa batzuk eginda aukerak badaudela horretarako". PSE-EEk, bere aldetik, iritziz aldatu — Ingurumen Batzordean baiezkoa bozkatu zuen— eta abstenitu egin zen, hartutako neurriak "alderdikoiak" direlakoan eta horien oinarrian "atez atekoaren aldeko jarrera" dagoelakoan: "Helburu horiekin bat egiten dugu, baina egungo eredua babestuko dugu; neurri horietatik abiatuta hartuko duten bidea gure filosofiaren aurkakoa izango da".
Azkoitia Bai-k atsekabez hartu zuen honen arabakia, adostasun osoz onartzea aurreikusten zutelako. "Ados gaude hemen planteatu dugunarekin, jakin badakigun arren eredua zehazterakoan eztabaida egongo dela. Uste dugu gaur egun atez atekoak bermatzen duela %70eko birziklatze tasetara iristea. Gainera, atez atekoaren aurka egin eta bosgarren edukiontziarekin bat egiten duten guztiek ez dute bosgarren edukiontziaren giltza hartuta, datuek erakusten dutenez".
Bost hilabete iraun du lan taldearen jardunak, eta bertan "informazio teknikoa" jaso eta horien inguruko ekarpenak egiteko aukera izan dute bertaratu direnek. "Ahalik eta herritar gehienek parte hartzea eta informazio zabala eskaintzea izan da gure asmoa", azaldu zuen Lizarraldek. Hain zuzen, parte hartzeari dagokionez, Udal Goberduak eta Azkoitia Bai-k salatu zuten hainbat eragile ez direla azaldu saioetara; "Penagarria da atez atekoaren aurkako plataforma ez dela agertu saioetara; aukerak eman ditugu iritziak partekatzeko, eta ez dira aprobetxatu". Udal Gobernuak eskertu egin zuen lan taldeak egindako lana.