Herritarren ekarpenekin osatutako aurrekontuak onartu ditu udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mar. 15a, 16:21

Bizkargi Musika Eskola Elkargunera lekualdatzeko proiektua hasiko dute aurten
(Ane Olaizola) Azkoitiko Udalak 2013ko aurrekontuak onartu ditu. Aurrekontu orokorra 15.962.520 eurokoa izango da, eta udalarena 12.565.000 euro izango dira, iazko kopuru berdintsua. Urrategi Alberdi Ogasun zinegotziaren arabera, zerbitzuen kalitatea bermatu nahi izan dute aurtengo aurrekontuetan, eta "oreka finantziarioa" izan dute ardatz; izan ere, zinegotziak adierazi du onartutako aurrekontuek ez dutela behartzen plan ekonomikoa finantziarioa garatzera. Era berean, "herritarren parte hartzean" eta udaleko alderdien arteko "adostasunean" oinarritutakoak izan direla azpimarratu du. Izan ere, iazko urrian hasitako Danon Herrixe parte hartzeko prozesuan azkoitiarrek egin dituzten hainbat ekarpen txertatu dituzte aurrekontuetan; "herritarrak prozesuan ahalduntzea oso garrantzitsua izan da, eta horretan jarriko ditugu indarrak aurrerantzean ere". Hala nola, herria txukundu eta mantentzeko beharra dagoela azpimarratu dute, eta espaloiak konpondu eta umeen parkeetako lurra aldatuko dute, besteak beste. Lan eta zerbitzuetarako 1.301.132 euroko partida izango dute. Ogasuna eta pertsonal gastuen atzetik, arlo horrek izango du partidarik handiena. Herritarrek egin duten beste proposamena izan da herriko auzo guztien irisgarritasun arazoei irtenbidea emateko mikrobus zerbitzua jartzea, eta hori ere 2013an gauzatuko dute. Halaber, Elkarguneko lokalei erabilera hobea emateko asmoz, Musika Eskola harutz lekualdauko dute. Izan ere, udalak adierazi du egungo eraikinean "irisgarritasun" eta "segurtasun" arazoak dituela Bizkargik, eta hori dela eta, Elkargunean amaitu gabe dagoen lokal handia hango irakasle eta ikasleentzat egokituko dute. Herritarren beste ekarpen batzuk izan dira baserri bideak garbitzea, hondakinen kudeaketaren inguruko lan talde bat martxan jartzea, herritarren parte hartzea sustatzeko plangintza egitea, elkarbizitza bermatzea edota auzolanean egingo diren egitasmoak diruz laguntzera, eta horiek ere 2013ko aurrekontuetan onartu dituzte. Udalaren lehentasunetako bat izan da behar sozial gehien duten herritarren eskubideak bermatzea, eta horretarako baliabideak mantenduko dituztela aurreratu dute. Halaber, herrian etxekaleratzeen gaiari aurre egiteko taldea sortzekotan direla aipatu du Alberdik, eta arlo horrek partida berezi bat izango du aurten. Pertsonal gastuei dagokienez, arlo ekonomikoan lan egingo duen goi-mailako teknikari bat kontratatuko dute, arlo horretako exigentziak "geroz eta handiagoak" direlako, eta lan bolumena ere igo egingo dela aurreikusten dutelako. Herriko ekonomia indartzeko, berriz, 62.000 euro bideratuko dituzte, Bilduk eta EAJk aurkeztu duten emendakinaren bidez. Halaber, Iraurgi Lantzen, Loiola Berrikuntza eta Herrixen merkatari elkartea optimizatzea izango dute erronka. Inbertsio nagusiak Inbertsioetan, udalaren inbertsiorik nagusiena izango da San Jose egoitzako altzariak egokitzea, eta horretarako 100.000 euro bideratuko dituzte. Landabideetarako, berriz, 80.000 euro izango ditu, eta musika eskolako proiektua egiteko, berriz, 80.000 euro. Azkoitia Bai eta Bildu koalizioen aldeko botoekin onartu zituzten atzo iluntzean udalaren aurrekontuak, eta EAJ eta PSE abstenitu egin ziren. Azkoitia Baiko bozeramaile Julen Garateren arabera, "aberasgarria" da udalean "gehiengorik ez egotea", alderdien arteko eztabaidak emaitza hobeak lortzea eragiten duelako. Zentzu horretan, Mikel Zubizarretak, EAJko bozeramaileak, adierazi zuen aurrekontuak osatzeko prozesuan ikusi dutela alderdiek "lehentasun desberdinak" dituztela; "herriko merkataritza indartzeko kopurua adostu dugu Bildurekin, baina guk nahi baino txikiagoa izan da; hala ere, urte osoa dugu batzordeetan proposamen zehatzak egiteko". PSEko bozeramaile Miguel Reimundezek, bere aldetik, positibotzak jo du prozesua; "oso landuak eta parte hartzera irekiak izan dira". Dena den, arlo sozialeko partidak ez direla "nahikoak" izan deritzo; "ez da beste partida batzuetan egin den adinako ahalegina egin", adierazi zuen. Udal aurrekontuak ez ezik, Zubiaurre udal kiroldegiaren, San Jose egoitzaren eta Azkoitia Lantzenen aurrekontuak ere onartu zituzten; Zubiaurrek 957.129,14 euro izango ditu; San Jose egoitzak, berriz, 2.717.000 euro, eta Azkoitia Lantzenek 693.357 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide