Azkoitiko Biharko Gipuzkoa enpresak martxan du Euskara Plana

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko abe. 12a, 16:02

Biharko Gipuzkoa S.L izango da Euskara Plana egingo duen bigarren enpresa herrian, Serbitzu Elkarteari lekukoa hartuz. Adinduen egoitzak eta Eguneko Zentroak kudeatzen dituen enpresak duela hilabete gutxi erabaki zuen planarekin hastea, hizkuntzari dagozkion enpresa barruko hutsuneei aurre egiteko, eta orain arte diagnostikoa egiten aritu dira; «datuak jaso ditugu, eta modu informalean euskara erabiltzen badugu ere, ikusi dugu idazterako unean gaztelerara joateko joera dugula», adierazi du Luis Azkuek, Biharko Gipuzkoa enpresako zuzendariak. Dena den, bezeroekin «harreman zuzena» izanik, Azkuek esan du horiei zerbitzua euskaraz ematen ahalegintzen direla; «balio erantsia ematen dio horrek, eta asko eskertzen dute». Euskara Plana aurrera eramateko Emun Lan Mundua Euskalduntzeko Kooperatibarekin elkarlanean ari da enpresa, honek egingo diolako Euskara Planaren diseinua. Azkoitiko Udalak diruz lagunduko du herriko enpresa, eta gaur goizean sinatu dute bien arteko hitzarmena. Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak zoriondu egin du Biharko Gipuzkoa enpresa, eta jakinarazi du udalak urtero gehienez 2.000 euro ematen dizkiela plana hasten duten enpresei; egitasmo osoak duen kostuaren «herena», hain zuzen ere. Azkuek, bere aldetik, adierazi du egitasmoak «harrera oso ona» eta «parte hartze handia» izan duela langileen artean; «ilusio handia dute proiektuarengan, eta beraiekin nahi dugu gauzatu plana». Hain zuzen, udalak uste du «beharrezkoa» dela enpresak egitasmoan inplikatzea, euskara planak [...]

Biharko Gipuzkoa S.L izango da Euskara Plana egingo duen bigarren enpresa herrian, Serbitzu Elkarteari lekukoa hartuz. Adinduen egoitzak eta Eguneko Zentroak kudeatzen dituen enpresak duela hilabete gutxi erabaki zuen planarekin hastea, hizkuntzari dagozkion enpresa barruko hutsuneei aurre egiteko, eta orain arte diagnostikoa egiten aritu dira; «datuak jaso ditugu, eta modu informalean euskara erabiltzen badugu ere, ikusi dugu idazterako unean gaztelerara joateko joera dugula», adierazi du Luis Azkuek, Biharko Gipuzkoa enpresako zuzendariak. Dena den, bezeroekin «harreman zuzena» izanik, Azkuek esan du horiei zerbitzua euskaraz ematen ahalegintzen direla; «balio erantsia ematen dio horrek, eta asko eskertzen dute». Euskara Plana aurrera eramateko Emun Lan Mundua Euskalduntzeko Kooperatibarekin elkarlanean ari da enpresa, honek egingo diolako Euskara Planaren diseinua.

Azkoitiko Udalak diruz lagunduko du herriko enpresa, eta gaur goizean sinatu dute bien arteko hitzarmena. Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak zoriondu egin du Biharko Gipuzkoa enpresa, eta jakinarazi du udalak urtero gehienez 2.000 euro ematen dizkiela plana hasten duten enpresei; egitasmo osoak duen kostuaren «herena», hain zuzen ere.

Azkuek, bere aldetik, adierazi du egitasmoak «harrera oso ona» eta «parte hartze handia» izan duela langileen artean; «ilusio handia dute proiektuarengan, eta beraiekin nahi dugu gauzatu plana». Hain zuzen, udalak uste du «beharrezkoa» dela enpresak egitasmoan inplikatzea, euskara planak emaitzak eman ditzan. Honen arabera, euskaraz ikasitako gazteek lana gazteleraz egitea «ez da logikoa», are gehiago «Azkoitia bezalako herri euskaldun batean»; «udalaren helburua da Azkoitiko enpresetan euskararen erabilera handitzea, hezkuntzaren eta lan munduaren artean dagoen etena gutxitzen joateko eta hezkuntzan egin den inbertsioa alperrikakoa ez izateko», adierazi du alkateak. Hori hala, enpresetan euskarari lekua egitea «erronka» dela deritzo; «ez da erraza, baina horretan dabiltzan aholkularitza enpresek diote arlo desberdinetan helburuak arrakastaz lortzeko funtzionatu duen tresna euskara plana dela».

Plana garatzeko prest

Serbitzu Elkartea S.L izan zen Euskara Plana herrian egiten lehena. Udaberrian ekin zion horri, Biharko enpresaren egoera berdintsuan egonik; «hornitzaileekin, bezeroekin eta barne komunikazio ofizialetan gaztelera erabiltzen genuela ondorioztatu dugu diagnosian», esan du elkarteko zuzendari nagusia den Jokin Aldalurrek. Dagoeneko amaitu dute lehenengo fasea, eta plana garatzen hasiko da orain. Diagnostikoa «abiapuntua» izan dela adierazi du, eta aurrera ekiteko euskara batzordea sortu zuten irailean. «Oraindik gauza asko dago egiteko, eta idatzizko komunikazioa indartu behar dugu. Hurrengo urtean planarekin jarraituko dugu». Udalak eta Serbitzuk joan zen apirilean sinatu zuten hitzarmena, finantziazioa adostuz.

Bastarrikak bi enpresak goraipatu ditu, eta guztiek ere dei egin die gainontzeko enpresei Euskara Plana egin dezaten. Udalak ematen dituen diru-laguntzez gain, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere finantziazioan laguntzen dutela gogoratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide