Klausuratik Korrikara, lehen aldiz

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2026ko martxoaren 24a

Korrika hasi zenetik asko izan dira Euskal Herriko hainbat txokotan metro edo kilometro batzuk egin dituzten eskualdeko herritarrak. Gaur, esaterako, Igantzi eta Sunbilla artean lekukoa eraman du Olatz Garmendia Donamarian bizi den moja azpeitiarrak. Lehen aldiz parte hartu du Korrikan, eta lehen aldiz eraman du lekukoa.

Bihar iritsiko da Korrikaren 24. edizioa lehen aldiz eskualdera, kostaldeko herrietara, eta larunbatean itzuliko da, Urola Erdiko herrietara, hain zuzen. Dena den, joan zen ostegunean Atharratzen (Zuberoa) hasi zenetik asko izan dira Euskal Herriko hainbat txokotan metro edo kilometro batzuk egin dituzten eskualdeko herritarrak. Horietako bat izan da Olatz Garmendia.

Gaur goizean Korrikaren lekukoa eraman du moja azpeitiarrak Nafarroako lurretan, Igantzi eta Sunbilla artean. Malerreka bailarako Donamaria herriko Karmeldarren komentuan bizi da Garmendia, duela 55 urtetatik; klausuran.

Hark, korrika egin ostean Euskadi Irratiari adierazi dionez, "oso pozik" parte hartu du lehen aldiz Korrikan, eta lehen aldiz eman du lekukoa. "Kontuan izan gu klausurakoak garela, e? Ez dakit obispoa enteratuko den, nik ez diot baimenik eskatu inola ere. Neure kabuz ez nintzatekeen ausartuko, baina herriak eskatu didanez, baietz esan dut". Euskara "asko maite" duela ere adierazi du, eta euskararen alde egiten den guztiak bere babesa izango duela gaineratu.

Ez da, baina, Ipar Euskal Herriko nahiz Nafarroako herrietan barrena korrika egin duen azpeitiar bakarra; asteburuan, estaterako, kuadrilla nahiz familia hainbatek egin dute Korrika euskararen alde.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide