Marroi kolorekoa erakutsi digute hedabideetan, begi handi zabalekin, ez da bereziki deigarria. Honezkero bazter batean egongo da, zakarrontziren batera bota ez badute bederen, trapu bihurtuta.
Punch deitutako tximinoari esker bihurtu da famatua ditxosozko panpina eta, noski, halakoetan gertatu ohi denez, mundu osoan salgai zeuden guztiak desagertu dira oso famatua den eta horregatik propagandarik merezi ez duen saltoki sare erraldoi horietako batetik. Panpina bera ez, baina bere historia aipatzekoa da; dudarik gabe, gizakiaren dekadentziaren metafora argia baita. Zergatik gauden munduan ez dugu inoiz jakingo, baina nolakoa izan den gure garapen ebolutiboaz asko ikasi dugu. Nago, nekez eta kostatuta eraikitako ezagutzak ezer gutxirako balioko digula natura ulertzeko. Charles Darwinek burua altxako balu...
Punch tximinoaren eta bere panpinaren historia Japonian gertatu da. Tximino kume hori, makakoa, iazko uztailean jaio zen Ichikawa zoologikoan. Bere ama gazteak, gazteegiak antza, umea maitatu ez eta baztertu egin zuen. Horraino dena normala. Horren aurrean zoologikoko zaintzaileen erabakia izan zen berezia: bakarrik egon ez zedin, bera baino handiagoa zen tximino itxurako panpina jarri zioten eskura eta, ordutik, tximino kumea panpinan babestu zen, alde batetik bestera eramanez, bera nora, panpina hara. Panpina tximino helduengandik nola babesten zuen ere erakutsi digute hedabideek, errukizko mezu lerdoz lagunduta. Espero zitekeenez, hilabete batzuk geroago taldean hartu dute orain hain umea ez den makako hori eta, honezkero, panpina izkinaren batean utziko al zuen!
Istorioa, gustatu edo ez, mundu osoko milioika lagunek jarraitu dute zoologikoan ezarrita dituzten bideo kameretatik zuzenean hartutako irudiei esker. Japoniarrak berriz, txanda hartu ezinik ibili dira zoologikora sartzeko. Milaka lagunek erakutsi omen dute tximino kume hori adoptatzeko borondatea. Panpina bezala, inoiz haziko ez denaren esperantza izango zuten...
Honek guztiak egun gizakiak animalienganako duen begirada xalo eta txoroaren neurria ematen du. Barre baino ezin da egin, negargarriak diren gertaera hauen aurrean. Antropozentrismoa deitzen diote gizakiak bere zilbor hestetik mundua ulertzeko duen modu horri. Makako kume horren ibilerak haur batenarekin konparatzeari eta tximinoak gizakiak bailiran begiratzeari, alegia.
Baina horrelakoak ez dira tximinoekin bakarrik gertatzen. Egunero ikusten ditugu gure kaleetan arropak daramatzaten txakurrak nola, besoetan hartutako katuak hala. Pentsu garestiekin elikatu eta ile apaindegietatik pasatutako maskotak. Gero eta ohikoagoak dira haientzat prestatutako dendak eta beraientzat sortutako zerbitzuak. Gure garaiko esklabo berriak dira, gizakien kapritxoak betetzeko sortutako abereak. Eta kasu! Txakurrak edo bestelako animaliak izan nahi eta lau hanketan ibiltzen hasi omen diren pertsonak ere badaude. Therian deitzen diote beren buruari. Mexikon ez diote autobusera igotzen utzi mutil gazte bati, aurpegia txakurraren itxurako mozorroarekin eta galtzetatik ipurdi parean buztana zintzilik, lau hanketan igo nahi zuelako. Pertsona horiek dohainik irentzeko bere burua aurkeztu duen albaitaria ere sarean ibili da, bolo-bolo.
Adimen emozionalak kognitiboak baino garrantzi handiagoa duen garaian, zaila da jakiten zer esan nahi duen honek guztiak. Egun, kale katuen koloniak zaintzen dituzten elkarteek, natur talde eta talde ekologistei ematen ez zaizkien diru laguntzak jasotzen dituzte. Jakina denean, katuak direla hiri eta landa eremuetan biodibertsitatearen galeraren arrazoi nagusienetarikoa. Diru publikoz basabizitza kaltetzen ari dira, abandonatutako maskoten mesedetan.
Munduaren erdia beste erdia bonbardatzeko armak egiten ari den garaian, egunero misilekin eta bestelako armekin ehunka eta milaka lagun hiltzen ari diren bitartean, txakurren gisa lau hanketan ibili nahi duten gazteak ageri zaizkigu hedabideetan. Gizalegerik gabekoena txakurren bizitza dela entzun izan dut maiz. Ez zen gezurra.