Puntuka

Inauteriak, natura eta turismoa

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2026ko otsailaren 12a

Monarka Tximeleta irudikatzen duen ilustrazioa. (Aitziber Sarobe)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako artikulua da honako hau.

Juan Antonio Urbeltz euskal tradizioaren eta folklorearen ikerlariari inauteriei buruz egindako elkarrizketa batean irakurritakoaren arabera, "inauteri hitza inausi hitzetik datorkigu; beraz, inausaldi garaia markatzeko sortu ziren jaiak" dira. Haren hitzetan, "jatorrian oso ideia sinplean oinarritu ziren inauteriak; bada, mozorrotzea eta etxetik etxera puska bila joatea". 

Dirudienez, Euskal Herrian, Europa osoan bezala, lurraren eta naturaren esnatzearekin lotutako errituek iraun dute, zaratarekin lurra esnatuz eta ereitearekin lotutako jaiak antzeztuz (Ituren eta Zubietako joaldunak eta sardeak eskuetan Altsasun ateratzen diren momotxorroak adibide). Urbeltzen arabera, "jai hauen atzean metafora ugari daude, batez ere, ama lurrarekin harremana dutenak. Esate baterako, ezpata dantzaria ezpaletik edo mando eulitik datorkigu, eta dantzan ari den intsektua adierazi nahi du. Metafora horiek denboraz kanpokoak dira, gaur egun arte eboluzionatu egin baitute. Gure ohitura zaharrek izugarrizko aberastasun terminologikoa dute, baina sarritan zaila da metafora horiek guztiak ulertzea" (Goiena, 2011).

Zoritxarrez, egun gure herri eta hirietan gailendu den festa giroa ikusita, esan daiteke metafora horien ulermena asko erraztu dela, txinoetako plastiko merkez jantzitako mozorro festa hori ez baita kapitalismo globalizatuaren oinarrian dagoen kontsumoaren adierazpen hutsa baino. 

Kontuak kontu, joaldunek astindu dituzte joareak eta katean hartu dute hartza, laster ikusiko ditugu momotxorroak, eta zaldikoen bueltan hor agertuko zaigu Miel Otxin, kalean dantzan. Udaberria badator, eta oraindik ez dugu guztiz galdu lurraren deia. Eguna luzatuz doa, lurra bustia dago eta San Jose loreek horiz jantzi dituzte bide bazterrak. Zuhaitzak kimuak bistaratzen hasi dira, eta haien atzetik, edo batera, gainerako guztiak. 

Bisitariak ere laster etorriko zaizkigu, lurrak bere oparotasuna berreskuratzen duenean, migrazioan, euren umatze lekuetara etortzen edo joaten ikusiko ditugu. Hegaztiekin lotzen dugu migrazioa, baina beste hainbat animaliak ere migrazio luzeak egiten ditu, intsektuek kasurako.

Bada intsektuen artean migrazio deigarria egiten duen bizidun bitxia: Monarka tximeleta (Danaus plexippus), hain zuzen. Tximeleta hau Atlantikoko irletan (Kanaria uharteak, Azoreak, Madeira) edo Andaluzian bizi da, Mendebaldeko Europan migrazio garaian ikus daiteke eta XIX. mendean Zeelanda Berriraino eta Australiaraino ere eraman zuen gizakiak. Baina ezaguna eta famatua Ipar Amerikan da, edonor txunditzeko moduko migrazio ikusgarria egiten duelako. 

Kontinente horretako tximeleta populazioak multzo ezberdinetan banatzen dira migrazioaren arabera. Talde batek Ipar Amerikako mendebaldean egiten du bere bizi zikloa: Amerikako Mendi Harritsuetan ugaltzen da eta negua pasatzera Kaliforniako hegoalderaino joaten da. Baina talderik famatuena ekialdekoa da, Kanadako lautada handietan ugaldu eta negua pasatzera Mexiko erdialdeko konifero basoetaraino iristen dena. Izeidiak (Abies religiosa) bilatzen dituzte, oyamel deitutakoak. Baso horietako zuhaitzetan pilatzen dira zuhaitzak guztiz estaltzeraino. 

Kontua da 4.000 kilometro baino luzeagoa den migrazioa egiteko luze bizi behar dela, eta horregatik, Matusalen belaunaldia deitzen diote 9 hilabete bizitzeraino iristen den belaunaldi horri (iparraldean ugaltzen diren aleek hiruzpalau hasteko biziraupena dutenez, haien ondorengoak dira Mexikoraino iristen direnak). Pentsatzekoa denez, milioikako taldeetan batera migratzen duten tximeleta horien ibilerak ez dira historian zehar oharkabean pasatu eta Monarken etorrera sinbolismoz betea dago Mexikon, guk inauteriak bezala, espainiarren kolonizazioaren aurretiko antzinako errituekin festa handiak egiten dituztelarik.

Baina mundu osoko intsektuak larriki kaltetuak izan dira eta Monarka tximeletak ez dira salbuespena. Migrazio luzea egiten duen eta Europaraino iritsi zen Danaus plexippus plexippus azpitaldea desagertzeko arriskuan dagoen espezie izendatu zuen IUCN naturaren kontserbaziorako erakundeak 2022an (1996an 1.000 milioi izatetik, 2016an 100 milioi izatera pasatu ziren). Horrek sekulako mugimendua eragin zuen Amerika osoan eta esfortzu handia egiten ari dira berreskuratzeko: Ipar Amerikan jaiotako beldarrek elikatzeko ezinbestekoa duten Asclepias spp. landareez osatutako zelaiak landatzetik hasi eta Mexikoko izeidiak berreskuratzeraino. Klima aldaketaren aurrean ezin da askorik egin epe motzean, baina intsektizidak debekatuz, kutsadura saihestuz eta bizilekuak berreskuratuz, lan handia egin daiteke eta egiten ari dira. 

Halakoetan, baina, egindako esfortzuari balioa eman behar zaio, administrazioek ez ezik, herritarrek ere etekina atera nahi izaten dute eta horrek berekin dakar (eko)turismoa. Duela hamarkada bat, izei basoak dauden El Rosarion (Michoacan, Mexiko) egindako ikerketa batek erakutsi zuen erakunde eta eragile ezberdinetatik sustatutako turismoak bertako komunitateetan desberdinkeriak areagotu zituela, gatazka larriak eraginez. 

Ez al zaie gauza bera gertatuko gero eta errespetu gutxiagoz hauspotzen dituzten Zubieta, Ituren, Altsasu eta bestelako herri txikietako inauteriei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide