Puntuka

Zientzia, ezagutza eta gizartea

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2025eko abenduaren 4a

Adimen artifizialaren bidez sortutako irudia. (Aitziber Sarobe)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako artikulua da honako hau.

Hitz horien arteko harremana ez da beti zuzena. Hori, baina, arriskutsua izan liteke gaurko ezagutzekiko gero eta alfabetizazio maila txikiagoa erakusten duen jendartean, hausnartzeko moduko ondorengo bi adibideek erakusten dutenez.

Lehenak UEUk berriki Iruñean antolatutako Natur Zientzien VI. Topaketetan (NZ6T) du jatorria. Bi egunetan unibertsitateetan edota ikerketa aplikatuko zentroetan ikertzen ari diren Biologia arloko ikerlari gazteen lanak ezagutzeko aukera izan genuen, eta agerian gelditu zen genetikak eta mikrobiologiak hartu duten indarra. 

Omikak izan ziren aztergai nagusienetarikoa jardunaldietan. Ez da erraza hitzak zeri egiten dion adiera azaltzea; halakoetan, hitzaren jatorrira joatea izaten da ohikoa, eta ezagutzarekin lotutako kontuekin maiz gertatzen denez, grezieran du jatorria, -oma (ωμα) atzizkian: taldea edo masa. 

Bada, horixe dira omikak (-omica atzizkiarekin idazten direnak): biologiaren arloko ikergaien edota ikasgaien taldeak. Esaterako, genomikoa, transkriptomikoa, proteomikoa, metabolomikoa, metagenomikoa eta fenomikoa aipa daitezke. Arlo horiek guztiek oinarrian dutena da informazio genetikoaren adierazpenean oinarritzen direla; alegia, geneen adierazpenean oinarrituta, biomolekula mailan gertatzen diren prozesu eta dinamikek zeluletan, ehunetan edota bizidunetan nola eragiten duten aztertzen dutela.

Begiekin ikusi ezin ditugun gertaera eta prozesuak dira, punta-puntako teknologiarekin eta datu base erraldoien erabilerarekin baino ulertu ezin daitezkeenak. Alegia, teknologiaren garapenari eta adimen artifizialari esker garatuko diren ezagutzen munduan murgiltzea eskatzen du. 

Bada, jakinda natur zientzietan ekologia arloan ari diren ikerlariak ere sofistikazio maila honetara iritsita daudela, kezka eragiteko modukoa da eskolako zientzien eta ikerketa profesionalaren artean sortzen ari den arrakala. Izan ere, Derrigorrezko Hezkuntzak helburu duen alfabetizazio zientifikoak bermatu beharko luke ikasleak horrelako ezagutzak ulertzeko gaitzea eta artikulu hau irakurtzera iritsi denaren ondorioa izango da, ziurrenik, ez duela ezer ulertu. 

Bigarren adibideak Lurgaia fundazioak, Urola Bizirik taldearen laguntzaz, Azpeitian egindako Basoei eta Biodibertsitateari buruzko 1. Jardunaldietan du jatorria. Aurreko asteburuan bizitako jardunaldi horietan hainbat hitzaldi entzuteko aukera izan genuen, denak basoei buruzkoak, basogintzak biodibertsitatearen berreskurapena helburu behar duela defendatzen dutenen ezagutzak eta ikuspegia partekatzeko. 

Hitzaldi guztietatik bada bat landutako gaiarengatik eta hizlariak esandakoengatik arreta eskatzen duena. David Torralba naturalista eta ingurumen teknikariak Notas sobre el futuro de la vegetación ibérica hitzaldian esandakoa da, klima aldaketaren ondorioz, Euskal Herriko klima ozeanikoak tropikala bihurtzeko joera izango duela hezetasun handia ekarriko dutelako Ebro haranean zein Kantauri itsasoan gertatuko diren fenomenoek. Haren proposamena izan zen gertaera honek bertako biodibertsitatean izango duen eraginari aurrea hartu, latitude beroagoetako basoen mikrokosmos txikiak sortu eta horiekin esperimentatzen hastea hemen, etorkizun laburrean baso tropikalak izateko hemen.

Horrela arrapaladan kontatuta, bati baino gehiagori ideia ona irudituko zitzaion. Baina, hizlariari berari esan bezala, natur kontserbazioaren ikuspegitik aberrazio hutsa da planteamendua. Ez bere hipotesia defendatzeko dagoen ebidentzia faltarengatik bakarrik, baita denbora eskalaren ikuspegitik zentzugabekeria hutsa delako ere, eta zer esanik ez, naturak prozesuak erregulatzeko dituen mekanismoak (esaterako, landare espezieen arteko hibridazioa) arbuiatzen dituelako. Herritarrek ulertzen dute eztabaida hau?  Egungo agintari politikoek (eta teknikari gehienek) naturaren kontserbazioa gizakiaren esku hartzearen bidetik baino ez dute ulertzen, berezkotasunari "abandonoa" deitzera iritsita daude. Bada, laborategiak, datu baseetako zentral energetikoak eta mikrokosmosak badira natur zientzien etorkizuna, gizartea ulertzen ari da hau (onartu gabe ere)?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide