Ehiza debekatu beharko litzateke, migrazioan doazen hegaztientzat ez ezik, gainerako bizidunentzat. Osterantzean, aurten bezala datozen urteetan ere hala izango da ehiztarien tiroak jota erortzen direnentzat: azken uda.
Pilarika egunean ehiza garaiari paso eman ziotenetik, guda bizian daude gure mendiak. Nonahi eta non noiz tiro hotsa han eta hemen, asteburuan bezala aste barruan. Ez dago tregoarik. Kartutxoak merke saltzen direla dirudi, edota ehiztariak dira eros ahalmen handikoak. Bata edo beste, gustura egongo dira armeroak eta teknologia hilgarri horrentzat lana egiten duten gainerako guztiak: udazkeneko uzta tiroka ospatzen baitute eskopetazaleek.
Ehunka postu daude gure mendietan, sekulako artefaktuak batzuk, kotxez iristeko ondo prestatuta (gehienak). Pistazaleak dira postuetako ehiza maite duten ehiztariak, egurzaleek irekitakoak baldintza onetan mantentzea eskatzen diote aldundiari ahal duten guztietan. Zertan nekatu oinez eta pisua bizkarrean, haietara iristen. Alde ederrean todoterrenoetan igota! Ehiza kirola dela esatea erraza baita, eta hala delakoan ehiza federazioak diruz hornitzea ere bai. Baina izatetik izatera aldea dago. Azkenaldian postuan edo haietara joan-etorrian bati baino gehiagori alkoholemia kontrola egin omen diote, eta ez da gutxi!
Zaila egiten da migrazio garaiko ehiza baino jarduera anakronikoagorik irudikatzea. Krisi ekologiko globalaren garaian, energia berriztagarrien azpiegitura erraldoiak ez egiteko korridore ekologikoetan eragingo lituzketen kalteak ikusarazten ari garenean, non eta ez korridoreetan bakarrik, baizik eta babestutako natur eremuen barruan ere ehiza postuetatik botatako tiroak jasan behar. Askotan, oinezko bideetatik gertu, perdigoiak gainera erortzeko arriskuarekin.
Gizakia animalia berezia da gero! Eroa ere esan liteke, zenbaitetan. Herri eta hirietako udalak milaka euro ari dira bideratzen kale katuak zaintzera, herri guztietan ez bada, gehienetan, horretarako sortu diren elkarteen eskariei erantzunez. Kale katuak zaintzeko albaitari, pentsu erosle eta katu zaintzaileak babesten dituen gizarte bera da, senak hala aginduta, gure mendietatik pasa beste erremediorik ez duten hegaztiei tiro egitea onartzen duena.
Atera kontuak! Tokiko administrazioek kaleko katuak zaintzeko dirua jartzen duten bitartean, aldundiek basabizitza hiltzeko baimenak ematen dituzte zuzenean, eta ehiztariak diruz lagundu zeharka, federazioei emandako diru laguntzekin. Eta zer esan pagausoen ehizaren negozioaz... Turismo bulegotik bisita gidatuak bideratzen dituzte Etxalarren. Eromenaren seinale ez bada hau guztia, ez dago urruti.
Aurten beste behin eskatu dio Eguzki talde ekologistak Gipuzkoako aldundiari ehiza arautzen duen foru araua aldatzea, eguna argitu aurretik ehiztariek tiro egitea debekatua izan dezaten (ordubete lehenago hasteko aukera dute). Bazirudien zentzuzkoa ez ezik, bidezkoa dirudien neurri hau, bederen, aintzat hartuko zutela. Baina ez, forma arazo bat egon omen dela eta, ez dute ukituko foru araua. Ehiztarien hitzak naturazaleenak baino gehiago balio izan du beti, ehiza kontuetan, zein gainerakoetan.
Hala ere, dena ez da tristura eta etsipena, eta aurten Eusko Jaurlaritzatik etorri zaizkigu berri onak. Halako batean debekatu dute angularen arrantza, bada, aurtengo Gabonetan zer ospatua badugu: angulak eta aingirak bakean utziko dituztela behingoz, gure erreketan. Bazen garaia, desagertzeko arriskuan dagoen espeziea izanda, zientzialarien eskaerei kasu egiteko. Animalia migratzaile honen bizimodu txundigarriaz gozatzeko aukera betirako galtzear gaudela, zoriontzekoa da Jaurlaritzak angula arrantzaleen presioari men ez egitea. Txalotzekoa, zinez.
Tradizioak mantentzeak zentzurik ez duenean, aldatzea da gizarte heldu eta arduratsuari eskatu behar zaiona, eta bizitza jokoan dagoenean, ehizaren edo arrantzaren kasuan bezala, bide horretan administrazioak izan behar luke aitzindari. Aingirei bezala, hegazti migratzaileei ongietorria egiteko bidea ireki dezagun arduraz, udazkenak udaberria ekar diezaien.