Horixe ekarri digu udaberri bukaerak eta uda hasierak. Lainopeko bero sapa hezearen beldur izaten dira baserritarrak eta gainerako baratzezainak sasoi honetan. Patata landareak beren onenean direla gaitzak jotzen baditu, lurrazpiko tuberkulu preziatuen usteldura saihestezina dela jakina da. Hori ez gertatzeko ahaleginak eta bi egingo dituzte, baina ez dute erraza izango dagoeneko gaitza zabaldutako sailetan...Txikiak izanagatik, goiz ateratakoak balekoak.
Izan ere, gornia edo gorrina onddo batek sortutako gaitza da. Onddoak hostoei erasotzen die, eta euri sasoian, batez ere ondoren eguraldi epel hezeak egiten dituenean, izurria zabaltzen da.
Patatarekin ez ezik, tomatearekin ere tematzen da gornia, uda sasoiko altxor preziatuaren zaleok ondo dakigunez. Bati eta besteari entzunda, ez dira gutxi tomateak salbatzeko sortu izan diren erremedioak. Baina baratzezain onenari ere ihes egiten dio onddoak eguraldia alde badu. Ondo dakite hori mahastizainek; ardo ekoizleen mamua da mildiua, historian jasota gelditu diren upategietako porrotek erakusten dutenez.
Onddoen izurriteak, baina, ez dira baratzeetan bakarrik zabaltzen. Baratzean, soroan edo mendian, monolaborantzak berekin dakartza horrelako erasoak; beste askoren artean, ulertzen hain zaila ez den arrazoi batengatik. Dakigunez, ez birusek eta ez mikroorganismoek, ez gaituzte berdin gaixotzen, denoi berdin eraso arren; osasuntsuago egon edo ez, pertsona bakoitzak berezkoak dituen ezaugarri biologikoak ditu eta horien artean dago eraso horiekiko erresistentzia. Horixe da baratzeetako eta soroetako monolaborantzaren ahulgunerik handiena: sail bakarrean jatorri beretik datozen hazi eta landareak haztean, denak klonak, onddoen erasoari aurre egiteko aukerak murrizten dira, landare bat eraso eta kaltetu duen onddoak gainerako landare guztiak ia batera kaltetzeko aukera duelako.
Gertaera honen dimentsioa pinuaren (Pinus radiata) krisirekin dugu ikusgai. Mendearen hasieratik zekiten horretan aritzen direnek hainbat gaitz zituela pinuak gurean, eta horien artean banda gorriaren (Dothistroma septosporum, Dothistroma pini) eta marroiaren (Lecanosticta acicola) beldur ziren. Onddo horien presentzia aspalditik zen jakina eta ikertua Gipuzkoan, hirugarren eta laugarren turnoan milaka hektarea pinu landatu ostean, izurritea zabaltzeko arriskua handia zela jakitun.
Espero ez zutena zen gaitza hain azkar zabaltzea. Azken hamabost urteetan udazken paisaia izan dugu nonahi, eta oraindik ere bistakoak dira pinudi gaixotuak lurralde osoan. Baso politika okerrak dira gertaera lotsagarri horren jatorria, funtsean, gure agintariek etengabe erakusten duten ekologiarekiko mespretxua.
Baten batek pentsatuko zuen aldundiko kudeatzaileek ikasi dutela, eta arrapaladan matarrasa bidez moztutako intsinis pinudien ostean, bestelako landaketak ikusiko ditugula paisaian: anitzagoak, kalitate handiagoko egurraren bila, bakanketa bidez moztera bideratuko zuhaitz landaketa ezberdinak; lurzoruarentzat hain kaltegarria den, eta beraz, landareak ahultzen dituen matarrasa bezalako teknikak saihestu eta funtzionalitate ekologiko hobea eskainiko duten zuhaiztiak (berezko basoak sortzen uztea burutik pasatu ere ez baitzaie egiten...).
Bai zera! Oraintxe jaso ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde honetarako baso azalerak kudeatzeko sortu duen BSTK fundazioaren datuak: aurten bertan landatutako zuhaitzen %35,7 Cryptomeria japonica eta % 31,4 Pinus pinaster espezieko koniferoak "pinuak" dira. Gainerakoak, heren bat, pagoak eta haritzak. Lurralde Oreka Berdea saileko diputatuak, Xabier Arrutik, Gipuzkoan mosaiko paisaia dutela helburu dio behin eta berriz, baina jakin behar duguna da mosaiko horietako piezak, koniferoek osatuak, monolaborantzarako prestatu direla, makinaria astunaren bidez matarrasan mozteko. Lehengo lepotik burua.
Klima aldaketaz ari zaizkigu etengabe, honek duen eragin lazgarriaz eta babesleku klimatikoak sortu beharraz. Ez dira gaizki ari, gurea bezalako klima heze eta epelean, onddoen izurriteak zabaltzeko sekulako babesleku klimatikoak sortzen ari dira, berriro ere. Eta adi! Baratzeko patata landareak, gorniak jota edo ez, egun gutxi barru aterako dituzte; zuhaitz landaketak, gaitzetik libratzen direnak, 60 bat urtera.