Puntuka

Ehiza barrutiak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren

Genozidioaren aurkako aldarri bat. (Oarsoaldeko hitza)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau. 

Propio ehizan aritzeko eremuak dira, jarduera horretarako arautzen diren lekuak. Informazio bila hasiz gero, kudeaketa ereduaren eta lurraldearen jabetzaren baitan, mota ezberdinetakoak daudela irakur daiteke: ehiza barruti sozialak, udal ehiza barrutiak, ehizako kirol barrutiak, ehiza barruti pribatuak eta ehiza xeheko ehiza barruti intentsiboak. Baina, bada beste bat, izen propioa duena, Gaza (Palestinan).

Ehizak heriotza du helburu, hil gabeko arrantza ezagutzen dugun bezala, hil gabeko ehiza ezinezkoa dela baitiote horretan aritzen direnek. Bada, suzkoak edo bestelakoak (arkuak, zerbatanak, labanak...), armak behar dira ehizan aritzeko, eta horregatik hesitzen dira ehiza barrutiak, kanpoan gelditzen den orori arriskurik ez eragiteko. Aitzakia horrekin, baimenik gabe guztiz debekatuta dago ehiza barrutietara sartzea, barruan harrapatuz gero zigorrak jartzeko araudi zorrotzak legeztatu ohi dira, eta noski, halakoak saihesteko ardura zaindarien esku uzten da. 

Gazara bidalitakoak nonbait, zorrotz ari dira betetzen euren lana. Ondo baino hobeto hesitu dute eremu osoa, ez lehorretik eta ezta airetik ere, ezinezkoa da hara gerturatzea. Barrutik irudiak ateratzen saiatzen ari direnentzat, berriz, heriotza da zigorra. Horixe gertatu omen zaio hango influencer gazteena zenari, Yaqeen Hammad izeneko 11 urteko neskatoari.

Ehiztariak, baina, ehiza barrutietan aritzen direnak ere, selektiboak izan ohi dira. Ez dute biodibertsitatea bere aniztasun eta konplexutasun osoan maite. Batzuk hegaztiak ehizatu zale dira: eperrak, faisaiak, oilagorrak, birigarroak... Beste batzuek ugaztunak ehizatzeko dirutzak ordaintzen dituzte: untxiak, basurdeak, orkatzak, oreinak... Eta badira beren trofeoak lortzeko baimenak gizateriari eta bereziki abeltzainei mesede egitearen truke eskuratzen dituztenak: otsoak ehizatzen dituztenak, kasurako. Azken horientzat ehiza barrutiek ez dute mugarik, piztia  egote hutsak justifikatzen du ehiza, eta baimenekin edo gabe, barrutietan bezala, kanpoan bilatuko dute ehiza. 

Gazan ere oso ondo zehaztuta daude lehentasunak, ehizarako trofeoak izendatuta daude, eta harro erakusten dute gero eta gutxiago gelditzen direla. Babestuta dauden bizidunak zerrenda gorrian sartu zituzten aspaldi, baina haien egoera ez dutenez ondo ezagutzen, inbaditzailetzat dituzten gainerako guztien desagerpenarekin justifikatzen dituzte albo kalteak. Rewilding edo birnaturalizazioaren izenean, ehiztarien ustetan bertakoak behar luketenak birsartzeko ahalegin berezia egiten ari dira, horretarako ingurunea egokitzeko plan eta proiektu eleganteak diseinatuz: resort turistikoak. Ingurunea berdetuko dutela agintzen dute. 

Ehiza barrutien arriskurik handiena gehiegizko ehiza presioa izaten da. Eremu horiek txikiegiak bihurtzen dira bertako bizidunak modu naturalean bizitzeko eta ez dira betetzen bizitzeko baldintzak: leku falta, elikagai falta, gehiegizko ehiztari kopurua, ehizaldi epe luzeegiak... Janari falta edozein bizidunentzat da gainditu ezinezko langa, eta abereak maite dituen orok daki halakoetan zeinen erraza den janarira, eskura ekartzea. Horregatik, jakia da betidanik ehiztariek bizidunak hiltzeko erabili duten engainua, nola pozoitzeko hala tranpan eroriarazi eta erailtzeko. Goseak edonor akitzen du.

Gazan ere larria da gabezia, jatekoa ez ezik, ura ere falta da eta larri daude bertako biztanleak. Baina zaindariek ez dute haien errukirik, nonbait gehiegi dira oraindik, eta kanpoan pilatuta dagoen janaririk ere ez diete opa. 

Ahuldutakoen eta babesgabeen kontra ehiza errazagoa da, nola ez. Baina halako baldintzetan jarduera horrek kirolaren kategoria galtzen duela eta, lotsagorrituta, ehiztari bati baino gehiagori entzun izan diot propio prestatu eta ehizarako zaindutako ehiza barrutietan egiten dena ez dela ehiza, «matantza» baizik. 

Gizakiekin egiten denean, genozidioa deitzen zaio, Gazan egiten ari direna kasurako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide