Multinazionalen eskuetan

Dokumentalaren zuzendaria, azalpenak ematen, Azpeitian. (SaƱu Bizirik)

Vidas irrenovables dokumentala ikusteko aukera izango da bihar Zarauzko Modelo aretoan, 19:00etan, eta horren harira, honako artikulu hau idatzi du Aitziber Sarobek.

Halaxe gaude energia berriztagarrien ekoizpenari lotutako aferan. Bruselatik hasi eta Lakuaraino, administrazio guztiek diseinatu dituzten politiken ondorioz, enpresa hauek ari dira non-zer-nola ekoitzi erabakitzen.

Horretarako dirua Europako funtsetatik eskuratzen dute, energia eskuragarritasuna eskubidea izanda, sektore estrategikorako inbertsioak ezinbestekoak direlako. Proiektuen bideragarritasunerako bermea, aldiz, legeak baino ezin die eskaini, eta hori da lortu dutena Europa osoan, onura eta interes publikoaren izenean, ondare naturalaren eta osasunaren zaintzarako legedia euren interesetarako moldatzea. Larrialdi egoerak dira aitzakia (COVID-19a, klima aldaketa, Ukrainako gerra, eta etorriko diren guztiak...), baina helburua bat eta bakarra da: legedia enpresa horien mesedetarako moldatzea.

Wikipedia webgunean irakur daitekeenez, "enpresa multinazionalak, korporazio multinazionalak edo, besterik gabe, multinazionalak, jatorri duten herrialdeaz gain, beste herrialde batzuetan ere ekoizpen, erosketa edo salmenta jarduerak egiten dituzten enpresak dira. Globalizazio fenomeno ekonomikoarekin batera, botere handia hartu duten erakundeak dira...".

Iberdrola, Endesa, Naturgy, Solaria, Statkraft, Repsol... Ez zaizkigu arrotzak dagoeneko. Ohitu ere egin gara enpresa horien urteroko irabaziak udal eta herrialde osoen aurrekontuak baino handiagoak direla ikusten. Horregatik dute boterea ekonomia baldintzatzeko ez ezik, legedia bihurritzeko.

Energia sailburuak berriki aitortu bezala, Energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala oraindik zirriborro bat baino ez denean ari dira multinazionalak proiektu zehatzak izapidetzen. Alegia, enpresa multinazionalak dira Euskal Herriko mendiak eta paisaia nolakoak izan behar duten planifikatzen ari direnak. Inoiz hala izan ez bada, orain are zailagoa da sinestea gure herria ez dagoela salgai.

Hau guztia nola gauzatzen ari diren ezagutu nahi duenak aukera du bihar, osteguna, Zarauzko Modelo aretoan Vidas irrenovables dokumentala ikusteko. Errealitate gordina, behingoz, begi bistan, eta ikus-entzunezkoaren zuzendariarekin solasean aritzeko aukera paregabea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide