Francisco Vaquero: "Hiru aldiz gainditu da 2030erako planifikatuta zegoen ekoizpena"

Ane Olaizola 2025ko urt. 29a, 09:18

Francisco Vaquero. (Metafora Visual)

Vidas irrenovables dokumentala eskainiko du Sañu Bizirik taldeak bihar, osteguna, 19:00etan, Azpeitiko Soreasu antzokian, eta solasaldia eskainiko du Francisco Vaquero zuzendariak (Cabeza del Buey, Espainia, 1985).

Paradoxikoa dirudien premisa batetik abiatzen da dokumentala: erregai fosiletan oinarritutako energia berriztagarriekin ordezkatzeko ezarri den premia ekosistema ugari suntsitzen ari da.

Guztiz paradoxikoa da, bai. Ingurumen krisia arintzera zetorrenak arazoa handitu besterik ez du egin.

Landa eremuetan eraiki dituzten azpiegitura berriztagarriek eragindako 47 pertsonari eman diezu hitza. Zertan eragin die haiei egoerak?

Bizitzaren arlo guztietan eragin die, hala nola beren bizimoduan eta lanbidean, eta horrek psikologikoki ahuldu egin ditu. Herritar horiek egunerokoan bizi duten borroka da energia berriztagarrien azpiegiturena, herritarrak beraiek direlako informazioaren bila joan behar dutenak, alegazioak aurkeztu behar dituztenak... Neke handia sortzen du horrek. Babesgabetasun egoeran ere badaude, herritarren beharretara egokitutako legeak egiten egon beharko luketen administrazioak ez direlako ari horretan. Guztiz kontrakoa egiten ari dira: logo berdea jantzi dute, baina berbera izaten jarraitzen duen industriari alfonbra gorria jarri diote.

Zehazki, zer galdu dute landa eremuko herritarrek?

Landa eremua, batez ere, lehen sektoretik eta turismotik bizi da, eta hango bizilagunak bi eremuetan ari dira ondorioak jasaten. Batetik, ezin dute nekazaritza jarduera gauzatzen jarraitu, eta, beraz, egoerak haien bizimoduan zuzenean eragiten du. Bestetik, landa turismoaren ezaugarri nagusiena da ingurumen balio handia duten leku idilikoetan dagoela, baina eskala handian halako azpiegiturak ezartzeak hori guztia hondatzen du, inorentzako ez delako atsegina industrialde batera joatea. Modu batera zein bestera, herritar horiek ezin dute beren bizitza aurrera eraman, eta hori saihets zitekeen pertsona horien beharrak kontuan izan balituzte eta eredua planifikatu izan balute.

Zergatik ezartzen dituzte instalazioak landa eremuetan?

Administrazioek esaten dute beste irtenbiderik ez dagoela, klima aldaketa aipatuta; bidea lehenbailehen egin behar dela diote. Baina sen ona ezinbestekoa da honetan guztian, eta ez dut uste energia arazoagatik denik, ezta ingurugiro krisia apaltzeko egiten ari direnik ere, balio handiko ekosistemak zein biodibertsitatea bera hondatzen ari direlako. Efizientziaren ikuspuntutik ere ez du zentzurik egiten ari direnak: energia elektrikoa, garraiatzen den heinean, bidean galtzen da. Baina energia gehien hirietan kontsumitzen da, eta herri txikietan jartzen dituzte azpiegiturak, gero hirietara tentsio altuko lineen bidez garraiatzeko. Zer errentagarritasun dauka horrek? Garbi dagoena zera da: enpresen bideragarritasuna asko handitzen da, eta halako azpiegiturak jartzeko diru publikorik ez balitz egon, parke eoliko edo fotovoltaiko bakar bat ere ez lukete egingo. Kontuan hartu behar da halako azpiegiturek duten kostu osoaren %70 edo %80 inguru diru publikoarekin ordaintzen dela.

Lehen sektorean zer ondorio ekar ditzake egoera horrek?

Gizaldietan emankortasun handia izan duten sailak alikatatuz gero, herritarren elikadura subiranotasunean ondorio nabarmenak ikusiko ditugu. Aurrekoan, Doñanako [parke nazionala] zuzendari izan zenak esan zidan, dokumentala ikusi ondoren, gehien kezkatzen zuena zela herritarren jakintza orokorra galdu egingo dela. Ingurumenaz eta nekazaritzaz belaunaldiz belaunaldi transmititu izan den jakinduria daukagu, eta berreskura ezin daitekeen ondare hori galtzeko zorian gaude. Orduan, multinazionalek saldu nahi digutenaren mende egongo gara herritarrak.

Landa gunea husten ari al da?

Bai, zalantzarik gabe. Duela 10-15 urtetatik azpiegitura fotovoltaikoren bat duten herriak bisitatu ditugu, eta herri horien datuak INEn [Espainiako Estatistika Institutua] kontsultatuta, jabetu gara guztietan biztanle kopuruak behera egin duela, azpiegitura horiek bateraezinak direlako landa eremuetako bizimoduarekin. Logikoena litzateke industria eramatea industria dagoen lekura eta landa eremuari dagokiona ematea; halako politikek lagunduko lukete landa eremuak berriz betetzen. Ordea, Ekologia Trantsizioa eta Erronka Demografikoa izena duen ministerioak herriak husten dituen politikak egiten ditu.

Zein da energia trantsiziorako dagoen plangintza?

Alvaro Campos EHUko irakasleak dokumentalean dioen moduan, Espainian dagoeneko hiru aldiz gainditu da 2030erako planifikatuta zegoen ekoizpena. Horrek erakusten du ez dagoela planifikaziorik; guztiak dira ongietorriak. Batzuek esaten dute Europako Next Generation funtsa bukatzen denean geratuko dela hau guztia. Baina noiz bukatuko da?

Esan duzunez, landa eremuetako biztanleak sakrifikatzen dituzte hirian bizi direnak energiaz hornitzeko. Kolonialismo energetikoa al da hori?

Bai, erabat. Baina kolonialismoa ez da soilik hirien eta herrien artekoa, Europak Pirinioen azpiko herrialdeetan ere egiten du hori. Asmoa han ekoitzitako elektrizitatea Europara eramatea da. Nortzuk dira eredu horren onuradunak? Baimenak kudeatzeaz arduratzen diren enpresa txikiak dira onuradun zuzenak, sare elektrikoan energia eduki dezaten, enkanteetara sarbidea dutenak. Zentral fotovoltaikoak eta eolikoak aurrera eramateko erraztasunak jartzen dituzten enpresak dira, eta behin eraikitzen direnean, enpresak inbertsio funts handienari saltzen dizkiotenak. Ezin dugu ziurtatu enpresa horiek beste enpresa handiagoek sortutakoak al diren, baina zantzuak badaude: enpresa guztiek soilik 3.000 euroko kapitala dute, eta azpiegitura elektrikoak duen izen bera daramate askok. Ondoren, enpresak 50.000 eurotan-eta saltzen dituzte, eta itxi egiten dira. Onuradunak horiek zein inbertsio funtsak dira, zeinak azken horiek elektrizitate konpainia handien jabeak diren. Landa eremu guztien kontura eta bizitzak eta ekosistemak hondatuz, gutxi batzuk guztiz aberasten ari dira; espekulazio sare ikaragarria dago atzean.

Fosilak agortzen ari dira, ordea. Non egon liteke konponbidea?

Arazo konplexuek irtenbide konplexuak behar dituzte, nik ez dakit non egon daitekeen konponbidea, baina lehenengo bidea autokontsumoa litzateke; norberak teilatuan plakak jartzea, esaterako. Horrez gain, energia komunitate txikiak sor ditzakegu, edozein herritan egon daitezkeen utzitako industrialdeetan zein eremu antropizatuan. Enpresek ere dagokien eremuan ekoiztu beharko lukete energia, energia aurrez dezaten haiek ere.

Hori guztia eginda ere energia gehiago beharko balitz, berriz, azpiegiturak jartzeko min gutxien egiten duten eremuak zehaztu beharko genituzke. Ordea, argi utzi behar da: ereduak ezin du guztiz berriztagarria izan, eta hori zientzialariek esaten dute; beti ez du haizea egiten, eta beti ez dago eguzkitsu. Gaur egun, energia hori biltegiratzeko sistema heldugabe dago, eta zalantzarik ez dut arlo honetan ari diren zientzialariei behar adina denbora uzten badiegu, urte batzuk barru teknologia egokia izango dugula horretarako. Baina garatzen uzten ez diegunez, laguntzarako energia behar izaten jarraituko dugu, ez bakarrik haizea eta eguzkia beti ez daudelako, baizik eta energia iturri batzuk fisikoki berez direlako ezegonkorrak; adibidez, energia fotovoltaikoak eta eolikoak beti behar dute horiek halako laguntza bat. Energia iturri desberdinen arteko konbinazio bat beharko genuke, beharbada, baina zentzuz egina.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide