Puntuka

Ezkio-Itsasoko trena

Abiadura Handiko Trenaren lanak, Ezkioko Santa Lutzi auzoan. (Goierriko Hitza)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Ez omen da Iruñetik zuzenean iritsiko Donostiarako bidean, eta aztoratuta ikusi dugu berriki Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. Agerraldia eskaini zuen udako solstizioan sartu ginen egunean Abiadura Handiko Trena mantsoegi ibiliko delako gipuzkoarrontzat: atera kontuak! 25 minutu gehiago beharko omen lituzke, Iruñetik Donostiara iristeko Gasteiztik barrena.

Akabo ba! Ezkio-Itsaso Goierriko herriekin, eta zer esanik ez Urolakoekin (kostakoak barne) eta Debagoienekoekin hain ondo eta egoki konektatuta dagoelarik, nola onartuko dugu ba 25 minutuko atzerapena Donostiara bidean beste inon geldituko ez den tren horrentzat...

Barregarria litzateke hau guztia, AHTarekin bizi duguna burugabekeria galanta izateaz gain, enpresen interes ekonomikoak babesteko gure agintarien egoskorkeria hutsa ez balitz. Zenbat gipuzkoar joan ote dira propio Ezkio-Itsasora? Zenbat gipuzkoarrek kokatuko ote dute Ezkio-Itsaso Urola Garaiko mankomunitatean? AHTaren obrek dezente itsustu duten arren, oraindik herrixka (eta ingurune) polita da; baina ez, Ezkio-Itsaso ez dago gipuzkoarron ohiko ibilbideetan.

Horregatik ez da ulertzen zer esan nahi duen Eider Mendozak Nafarroarekiko lotura Gipuzkoatik urruntzea «oso albiste txarra» dela esaterakoan, hitzez hitz dioenean: «Ezkio-Itsasoko konexioa ezinbestekoa da gure lurralderako, Goierri, Urola eta Debagoiena bailarei zerbitzua emango dien geltoki batekin». Geltoki horretatik Gipuzkoako herrietara teletransportatzea izango da Ahaldun Nagusiak aurreikusten duena?

AHTa Iruñetik Ezkio-Itsasora eramateko, Aralar alderik alde zulatu behar da. Bistakoa da modu horretan zuzenago iritsiko litzatekeela Gasteiztik barrena baino. Baina nola da posible aukera horren defentsa paisaian izango lukeen balizko eragin txikiagoaren izenean egitea? Trenbide hori «gure gizartearen deskarbonizazioa eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko funtsezkoa» dela, dioenean, zein datu darabilzki esku-artean?

Zenbat hitzaldi, azterlan, artikulu, jaialdi, protesta-ekitaldi, kultur adierazpen...! Iaz 30 urte bete zituen AHTaren aurkako borrokak, “30 urtez AHTa oztopatzen” deitu zioten hainbat gizarte eragileren atxikipenarekin, herri ezberdinetan antolatu zuten ekitaldi-sortari. Ez da broma. Laster 25. urteurrena ospatuko du AHT elkarlanak ere (Wikipedian ere badago informazioa eskura), mende laurdena eta oraindik ibilbidea marrazten, alajaina!

Bitartean, Nafarroatik, EAE osora eta Iparraldera zabaldu da AHTaren kontrako oihua. Izan ere, gure herriaren neurrira eta bizimodura nekez egokitzen den azpiegitura da. Espainiara eta Frantzian barrena Europara, eramango gaituen garraiobidea dela esaten digute, dagoeneko Europan gaudela jabetu ez diren agintariek. Ez jakitearren, ez dakigu ezta nolako loturak eta noizko izango dituen gure herritik kanpora, inoiz izango baditu, bederen...

Bestalde, oraindik ez dago argi merkantziak garraiatzeko aukerarik izango duen, ezezkoa bada ere tesi nagusia. Eta honek guztiak, noski, ezbaian jartzen du azpiegitura honen bideragarritasun ekonomikoa; besteak beste, Roberto Bermejo EHUko ekonomia aplikatuko irakasle eta ikerlariak sarri eta hamaika forotan erakutsi duen bezala (ezin ahaztu 2020. urterako 12.000 miloi euro baino gehiago gastatuak zituztela diru publikoz ordaindutako obretan; gaurdaino eta aurrera begira, beste horrenbeste egongo dira aurreikusiak...). Bada garaia, gero, azpiegitura honen atzean dagoena argi erakusteko!

Urte luze hauetan unibertsitateetan, Udalbatzarretan, Gipuzkoako Batzar Orokorretan, Gasteizko Parlamentuan, gure herriko kaleetan... parte-hartze demokratikoak posible egiten duen modu eta leku guztietan erakutsi du Gipuzkoako gizarteak AHTaren kontrako iritzia. Nola hitz egin dezake Ahaldun Nagusiak gure izenean, iritzi publikoan halako espazioa okupatu duen gatazkari buruz herritarrei hitza ematera ere ausartu ez direnean?

Gipuzkoarrok ez omen dugu ulertuko eta partekatuko “urteetan zain egon ondoren” Nafarroarekiko lotura Arabako hiriburura eramatea. Gipuzkoar askok (eta galdetzen ez zaigun bitartean zilegi begit gehienok esatea), ulertzen ez duguna da nola den posible EAEko eta Nafarroako agintari politikoek oraindik AHTaren defentsa egitea.

Gipuzkoako lurraldeak garraio publikora bideratutako garraio-sarea behar du. Errepideak guztiz kolapsatuak ditugu eta zalantzazkoa da kotxe elektrikoen etorkizuna. Herriz herri ibiliko den tren elektrikoarentzat sare berria behar dugu, bi norabidetan eta gelditu gabe ibiliko dena, guztiontzat gertuko garraio kolektiboa bermatuko duena.

Ez dugu ulertzen, Mendoza andrea, nolatan zuk ez duzun ulertzen ez dugula AHTrik nahi, ez Ezkio-Itsason eta ezta Euskal Herrian beste inon. AHT gelditu behingoz!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide