Puntuka

Ametsetan

Kultibatutako labanda zelaia. (Aitziber Sarobe)

Aitziber Sarobek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

 

Esna gaudela egiten omen dira ametsik ederrenak. Esaten dituztenak entzunda, politikarientzat hauteskunde kanpainak ei dira horretarako garairik aproposena, eta bete-betean sartuta gaudelarik, zergatik ez aprobetxatu haiek bezala dibertitzeko...

Herrietatik hasita, ederra litzateke oinez eta bizikletaz baino ibili ezin daitekeen herriez gozatzea. Tartean tranbia edo autobus elektriko txikiak pasatzen direla, autorik gabe, itzalpe zabaletan eserlekuez hornitutako parkeen artean, denda txikiz jantzitako kaleetatik ibiltzeko aukera eskainiko luketen herri lasai eta abegikorrak, jendearentzat pentsatutakoak. Horrek hirigintza ereduak errotik aldatzea eskatuko luke, herriak humanizatzea. Francesco Tonucciren "umeen hiriak" eraikitzea. Zergatik ez!

Pentsa, herri eta hirietatik oinez segi bagenezake erreka eta zelaietan, erreka bazterretako edo zelai eta soro izkinetako bide zidorretatik mendian gora, edota lautadetan, herritik herrira. Uraren soinua entzunez, freskotasun horretan hankak busti edota lasai patxadan egoteko txokoak bilatuz. Basoetan zeharreko bidezidorretatik, orain isildu ere egiten ez diren zozo, birigarro, kaskabeltz edota txantxangorrien kantuak entzunez. Itzalpean, nahi beste luzatuz gure ibilbidea, gelditu eta atseden hartzeko lekuak aukeratzeko arazorik gabe.

Herrietako Hirigintza Planetan natur eremuak berez leudeke babestuta, lurraren artifizializazioa ezinbesteko arrazoiengatik baino ezingo litzatekeelako baimendu. Herrien hazkundea dagoeneko urbanizatu diren eremuetatik at debekatuta legoke, hormigoia eta asfaltoa dagoeneko okupatuta dagoen lurzorura mugatuz.

Errepide sistema herritarren beharrak aseko lituzkeen garraio sistema publikoarentzat egokituko litzateke, elektrifikatutako ibilgailuez hornitutako sistemarentzat, norbanakoek autoak izateak zentzua galtzeraino. Egunean zeharreko garraioa aukeran eta merke, batetik bestera erraz mugitu ahal izateko. Bidaia luzeak, hegazkinez edota trenez egin beharrekoak, oso garesti, eragiten duten kutsaduraren pareko ordainarekin...

Eskala txikiko eta tokian tokiko energia berriztagarria ekoizteko baliatuko genuke teknologia. Ingeniaritza lan ausartak, herritarren eskalara egindakoak, ez kapitalaren eta enpresen nahi eta apeten araberakoak. Kutsatutako eremuak eta erabilerarik gabeko lurzoruak berreskuratzen sortuko genuke lana. Natur kontserbazioa litzateke helburua, lurren emankortasuna berreskuratzea, biodibertsitatearentzat aukerak sortzea. Eztabaidak bizidunentzat ahalik eta eremu bizigarrienak berreskuratzeari begirakoak lirateke, ez gero eta artifizialagoak diren eremuak sortzeari begirakoak. Legeek eta diru laguntzek lagunduko lukete bide horiek urratzen, ingenioa bizitzaren zerbitzura jarrita.

Eskoletan tokian tokiko kurrikuluek lehentasuna lukete. Herri bakoitzeko toponimia eta horren atzetik dagoen historia ikasiko lituzkete umeek, txikitik handira, norbere errealitate hurbiletik arbasoen mundura, eta handik, espaziora. Loreek, intsektuek, narrasti eta anfibioek izenak lituzkete. Haien istorioekin aberastuko lirateke ipuinak. Txorien kantak musika egiteko erabiliko genituzke, hegazti eta ugaztun handiak urruneko munduak irudikatzeko. Zentzua lukete habitat, ekosistema, orojale eta biotopo bezalako hitzek, izena eta izana bat eginda. 

Animaliak eta abereak bereizita, azken horien eta horiekin lana egiten dutenen bizimodua ezagutuko genuke: baserrietan sortutako jakiek lehentasuna lukete gure elikaduran. Garaian garaiko jakiak, saltoki txikietan erosiak. Saltokien tamaina mugatua legoke, eta herrietatik kanpora eraikitzea debekatuko litzateke.

Hirizaleek ere kultur eskaintza zabalak lituzkete. Politika zeregin interesgarria bihurtzerainokoa litzateke sorkuntza hori sustatzeak eragingo lukeen grina, gure ezagutza eta pentsamendua aberasteko artea, Gabarra eta bestelako espektakulu negargarriak lotsarazteraino... Errealitate birtuala, gaur-gaurkoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide