Puntuka

'Florals? For spring?'

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2026ko maiatzaren 7a

Kuku-prakak, Beizaman. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek gaurko Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Behin baino gehiagotan ematen du zeresana bateren baten piurak, eta ez pentsa honako honek askoz gehiagorako eman beharko lukeenik, baina modak axola duen –jaramon egiten zaion– egun bakarrenetakoa izan da joan den astelehena. Hainbeste hanpatzen dute Met Gala delakoa, baina hain ondo dakite harropuzkeria disimulatzen, ezen moda munduko nahitaezko zita den maiatzero New York hiriko Metropolitan Museum of Arten egiten dutena. Berez xoxak biltzeko besterik ez da izaten, museo horren Costume Instituteren patrikak betetzeko. Gai bat ezartzen dute urtero, zertarako-eta gonbita egiten dieten ospetsuak horren arabera jantz daitezen, nahiz eta azkenerako bakoitzak nahi duena egin. Argudiatu daiteke, nola ez, bakoitzak norbere erara interpretatzen duela gaia –dena libre orduan–, guztiak antzeko itxurarekin alfonbra gorrian agertzea modaren krimena izango litzatekeela –fashion victims edo faxionaren biktimak geu–, eta edozer jantzita ere egongo dela modurik soinean daramatena justifikatzeko erretolika goxoren bat –atrebitzeko, eta gainera, ondo geratzeko aukera–. Aurtengo gaia Fashion is Art (moda artea da) izan da. Hori entzunda, ea zer okurritzen zaion bati.

Ezin idatzi Met Galako soineko, traje eta jantzi guztiei buruz, batek eta bakarrak inporta baitu, Anna Wintour Vogue moda aldizkariko erredakzioburu eta ekitaldiaren antolatzaileak eraman duenak: luma turkesadun eta belzdun jaka bat eta Chanel etxearen soineko bat, kolore horiek dituena. Nork esango zidakeen, duela astebete, Met Galaren biharamunean harena izango zela –urtero bezala, baina aurten bereziki– ezin galduzko konjuntoetako bat. Ez txundigarriak izan ohi direlako, antolatzaileari berari gaia ahazten zaiola baitirudi gehienetan, baizik eta bezperan –banuen garaia–, The Devil Wears Prada pelikula ikusi nuelako.

Vogue-ko erredakzioburuaren karikatura omen da Miranda Priestly (Meryl Streep) Runway moda aldizkariko erredakzioburua. Kargu berdinak, antzeko eguzkitako betaurrekoak, eta horien atzetik begirasuna botatzeko gaitasun bera. Doilorra da benetan, pentsa liteke gaiztoa ere badela, deabru bat, soinean daraman ardurak eraginda. Andrea Sachs (Anne Hathaway) laguntzaileak goxatuko dio begirada, azkenerako Priestlyren zitalkeriaz apurtxo bat kutsatzen bada ere. "Zure arima saldu zenuen Jimmy Choo horiek jantzi zenituen egunean", leporatzen dio beste laguntzaile batek.

Batek baino gehiagok ikusiko ditu Met Galako jantziak, eta Runway aldizkariko erredakzioburuak bezain zorrotz epaitu ere bai. Eskalak honako hau beharko luke izan. Baiezko keinu bat, ondo. Baiezko bi keinu, oso ondo. Irribarre bat eta bakarra Tom Ford diseinatzaileari esker, 2001ean. Gustukoa ez baldin bada, buruarekin ezetz. Eta ezpainak zimurtuz gero... katastrofea.

Igogailuko botoia sakatu du emakumeak, eta beroki gorriko poltsikoan gorde du eskua. Takoi hotsa entzuten da geroz eta gertuago; ez da clacker horietako bat, Miranda Priestly Runway aldizkariko erredakzioburua baizik. Beste emakumearen alboan paratu da, eta heldu bezain laster galdetu dio, eguzkitako betaurrekoen ertzetik goitik-beherako begirasuna bota ostean, ea ez ote duten elkar ezagutzen. Besteak esan dio baietz, balitekeela, agian luxuzko moda etxeren baten showren batean ezagutu zutela elkar, Parisko Grand Palaisen. "Mmm... Ez, ez", zuzendu dio Priestlyk, behatz erakuslearekin ezetz eginez aldi berean. "Oscarretan, bestela? Beharbada Met Galan?", saiatu da beste behin, halakoren batean asmatuko duelakoan nondik eta nolatan zaion hain ezaguna duen bera bezain andre dotore hura. "Ez horixe...", Priestlyk. Ireki da igogailuko atea, eta sartu dira biak. Elkar itaundu dute beste apurtxo batez, baina ez dute lortu gustura geratzeko moduko erantzunik. Heldu dira heldu behar zuten solairura. "Ederrak, takoiak", lausengatu du andreak Priestly. "Bota politak", esan dio besteak Anna Wintour Vogue aldizkariko erredakzioburuari.

Paradoxikoa beharko zukeen topaldi horrek, berez pertsona bera baitira Wintour eta Priestly. Pertsona bata, eta pertsonaia bestea. The Devil Wears Prada 2 pelikularako, ordea, biak juntatu egin dira, sekuela hori iragartzeko bada ere.

Loratu dira pinporta morexkak etxerako errepideko zenbait bazterretan. Kutunak bezain pozoitsuak. Banengoen kezkatuta horiek noiz agertuko belar artean, azkenerako kostatu egin baitzaie, edo zer dakit, bada, nik. Konturatzerako, ordea, helduko da egunen bat, hilabete eta piko barru edo, non ez den kuku-belarrik egongo. Kuku-prakarik oraindik ez dut ikusi. "Florals? For spring? Groundbreaking" (Loreak? Udaberrian? Txundigarria) esango luke nik dakidan batek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide