Puntuka

'Sokamuturra style'

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2026ko martxoaren 26a

Elegante Egunen bateko sokamuturraren argazki bat, Angel Olabarria argazkilariarena, Azpeitiko Erdikaleko erakusleiho batean. (Julen Otaegi Leonet))

Julen Otaegi Leonetek gaurko egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gogoratu, ez dut gogoratzen zein urte izango zen. Oroitzen dut gorbata gehitxo estutzen diren eguna zela. Aurreko aldiaz geroztik asko ez zirela akordatuko nola demontre egiten den korapiloa, urtean behingo kontua izaten denez gero ez baitago zertan kezkatu ahazteagatik. Lehen saiakeran inork ez zuen lortuko gorbata itxuroso uztea –hori seguru–; bigarren saiakeran gutxik lortuko zuten muturrak parekotsu lagatzea –zeini ez zaio gertatu–; eta hirugarren saiakeran askok esango zuten balekoa zela txirikorda –ezin askatu eta okerrago geratzera arriskatu–. Balentria ere behar da ia inoiz janzten ez den zeozerekin kalera ateratzeko, zeozer hori dotoretasunaren errepresentaziorik maiestatezkoena omen bada ere. Baina sokamuturrera zapatilekin, ahal bada.

Katalogatu nahiko nuke hori. Erabaki estetikoa, edozein janzkerak izatez dauka-eta edertasunaren adierazpenetik, kasu horretan zatarkeriatik erreparatzeko moduko piurak deritzedan arren; hautu praktikoa, zeren neuk ere ez nuke nahi irrist egin zezenen baten mutur parean, eta horrexegatik bururatzen zaizkit egun horretan egin beharreko gauza askozaz ere ederragoak-subertsiboagoak-eta-batik-bat-mamarratxoagoak; delibero identitarioa, ezin nabariagoa baita horrelako konbinazio kurioxoarekin plaza hartzen duena zertara doan, eta ez dut uste inork ez lukeenik horrelakorik jantziko adarduna lotuko ez balute –eta, bestela, azaldu diezadatela zein kontratu sozialetan erabaki zuten azpeitiarrek trajea eta zapatilak badirela elkarrekin janzteko modukoak–.

Eta berariaz zein inertziaz egindako erabakia izanagatik ere, ez nuke nahi eta ezingo nuke inor juzgatu, estetikoa –ez dut uste–, praktikoa –ia ziurrenik– edo identitarioa –oxala– izatea nahikoa arrazoi delako protokoloa eranzteko eta gorputz biluzia nahi bezala estaltzeko. Kontua da badirudiela zerbait zor diogula aspaldiko garairen bateko janzkerari urtean behin bada ere, eta, antza denez, ez dagoela ohituraren ohituraz obligazio bihurtutakoa ez betetzeko zirrikitu juridikorik, gainontzekoen begirasuna –goitik-beherakoa-eta-gorantz-berriro-eta-beherantz-eta-gorantz-eta-gero-beherantz-beste-behin– panoptikoa balitz bezala. Batek baino gehiagok fashion victim dela iritziko dio, hots, faxionaren biktima dela, eta baduela eskubidea eta betebeharra errudunari gustu onaren kontrako krimenak leporatzeko –errugabetasun presuntziorik ez dago urraketa agerikoa bada–. Zelatan dagoenak pentsatuko du elegantziaren irudikapena karikatureskoa bezain satirikoa bihurtzen dela zapatila batzuekin –modaren sakrilegioa eta profanazioa dela–. Ez dut uste akusatutako edozein gizontxo hortera ezein kasutan defendatuko nukeenik, nahiz eta onartu behar dudan nahikoa justifikazio direla arrazoibide estetikoa, praktikoa edo identitarioa; badu errugabe ateratzeko aukerarik.

Apaletik erreskatatu dut hemen idatzi nuen lehenbiziko zutabea idazteko aitzakia eman zidan liburua, Hegelen Estetikarako sarrera delakoa. Hona hemen aipu parrastada, goikoak justifikatzeko komeni zaizkidanak, noski: "Itxura, bere horretan, ez zaigu axola zerbait gorenaren sentipena eta kontzientzia gugan pizteko balio duen uneaz geroztik"; "Inork ez du ukatuko itsuskeria ere errepresentaziorako objektu denik"; "Ezer onik produzitzen ez duenean [arteak], gaizkiaren lekua okupatzen du bederen"; "Axola duena da parean dugun edukiak sentimenduak, nahiak eta pasioak piztu ditzala gugan". Niri galdetzen badidazu, azkenerako aitortuko dizut trajea eta zapatilak janztea camp dela, ironikoa bezain serioa, inoiz erositako zapata zaharruno batzuk eramatea baino askoz xarmantagoa. Sokamuturra style dei dakioke.

Gogoratu, ez dut gogoratzen zein urte izango zen. Auskalo zer urteko egun zehatz hartan, oihal zatitxo bat aurkitu nuen lurrean, eta jakaren poltsikoan gorde nuen etxera heldu arte. Poltsa batean topatu dut oihal zati hori, tartan eta oilar hanka estanpatuen arteko nahasketaduna. Etorri zaizkit burura idatzitako gogoeta horiek guztiak, eta dagoeneko ahaztu zait berez zertaz nahi nuen idatzi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide