"Hasieran, bizkor aireratu da bitsezko bainuontziaren gainazaletik, baina berehala, airearen arintasunagatik edo, abiada eten eta eskegita geratu da, ez atzera ez aurrera, Franken buruaren parean".
Kuriositatea sortzen dit batek nola demontre erabakitzen duen zerbait idazten hastea, edo hobe esanda, idazten hastea erabakitzen duen hori nola demontre hastea erabakitzen duen. Zeintzuk diren lehenbiziko hitza, gerokoa, datorrena, segidakoa, hurrengoa eta ondorengoa. Hitz horiek zergatik diren idaztea erabaki dituenak, eta zergatik ez idazteke uztea erabaki dituenak. Zalantza horrek ezezustean harrapatzen nau behintzat hilabetean behin, batik bat honako hau entregatu bezperetan. Gehien behar dudanean inspirazio gutxien izaten baitut.
Nahiko nuke bainuontzi batean sartu. Behatzen puntekin ur beroari eta hotzari neurria hartzea, txorrota itxi arteko tartean probetxuzko zerbait egitea, urak nola hartzen nauen ikustea, lepotik beherakoak ximel-ximel egitea, giroa lurruntzen doala ikustea, uretatik aterako naizen unea ahalik eta gehien berandutzea, burua urperatzea, horrek zerbaitetarako balio izan duela pentsatzea, zurrunbiloak egitea, ura hozten doala nabaritzea, bertan geratzea merezi duela pentsatzea, aparra esku artean edukitzea, eta behar artean putz egin eta burbuila bat egiten saiatzea. Pun. Eztanda egin du burbuilak. Ez daukat bainuontzirik.
"Mugimendu erratiko batzuk egin ditu burbuilak, orain gora, orain behera, dantza dotore eta akonpasatu batez, hori bai, eta adi begietsi du Frankek mugimendu arriskutsu batzuen ondotik leiho txikiaren alderantz jo duela, eta zorion betez, kanporantz nola irteten den ikusi du, osorik, bere mintz distiranta pitzatu gabe". Beñat Sarasola, Coca-Cola bat zurekin eleberria (Susa).
Korapiloa egin diet deportiba zaharrunoen lokarriei etxera heldu bezain laster, Belakuko kobazulora eguzkia ezkutatzen hasi baino lehen heltzeko adina denborarekin. Ekin diot bideari, ez nuen uste noraezean ibiliko nintzenik, baina halako batean lortu dut gain batera heltzea, sastraka, itxitura, txarrantxa eta harresi artetik igaro eta gero. San Pedro elizako kanpaia entzun dut, txakurren zaunkak, zintzarrien bulun-buluna, txorien txioak, motozerraren burrunba, haizearen firi-fara.
Gain honetatik beherantz geratzen da kobazuloa, zuhaitzek gordetzen dute, malkartsua da bidea, eta bezperetako euriteek lokaztuta utzi dute dena; asteburutik eguzkia dugu gurean, baina ez nuke arriskatu nahi. Bestela, ea bueltan nola igotzen dudan aldapa, nahiko komeria izan ditut-eta beste aldietan. Hurrengo batean jaitsiko naiz. Hurrengo batean, aurki, espero, itzultzeko aitzakia.
Bihar ere nahiko nuke arratsaldea aprobetxatu, ziurrenik Murumendi aldera joan hango lokatzak lehortu diren esperantzarekin, baina hitzordua dut andre bat elkarrizketatzeko, eta Illaunera igotzearekin konformatu beharko naiz, atzo bezala.
Eguraldi honek asteburura arte eutsiko dio behintzat. Ez zait gustatzen bihar, etzi, etzidamu zer giro izango dugun begiratzea; pertsiana igota lokartzen naiz, eta nahikoa izaten dut biharamunean leihotik lainorik ba ote den ikusita, baina gaur lankide batek esan dit igandera arte oskarbi dagoela emanda. Astea ondo hasiko dugulakoan...
Amaitu beharko nituzke okasio honetan esatekoak dauzkadanak, eta, bide batez, berez idatzi nahi nituenak aipatu. Buruan nuen aukeratzearen dilema, nola zalantza izaten dudan konturik sinpleenen artean erabakiren bat hartzeko, zein erraza izaten den people pleaser hutsa izan eta besteen kontura uztea egin beharrekoa. Kolore faboritoa? Beltza, beti. Jatekorik gustukoena? Arrebari kopiatzearren, amaren muskuilu beteak seguruenik. Urtarorik preziatuena? Udazkena, dudarik gabe. Mendirik estimatuena? Murumendi, noski. Pelikularik kutunena? The Chronicles of Narnia: The Lion, the Witch and the Wardrobe, galdetzea ere.
Premonizio modukoa-edo dirudit txikitan pelikula hori begiz jo izana. Oraindik ere gogoan izatea Tumnus jaunaren eztitasuna, Aslan lehoiaren xalotasuna, Sorgin Zuriaren aztikeria, eta, nola ez, Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketetatik ihesi Pevensie anai-arrebek babes hartzen duten etxeko armairu xelebrea, zeinean sartu behar duten Narnia delakora joateko. Tira, zera esan nahi nuen, astindu itzazuela armayuek. Hala egin dugu geuk.