Idatzi izan dut hemen espressoaren erotikaz. Dardaren ondorioz kanpora bidean kafe apurtxo bat isurtzeaz. Kontakatiluen arteko solasaldi intimoaren bueltan hankak gurutzatuta edukitzeaz. Kafeak ez erretzeko itxaron beharreko adina denboraz. Tarte horretan eskuek biltzen duten zigarroaz. Behatz txikia luzatuta duzula kikara ezpainetara gerturatu eta horiek bustitzeaz. Lehen zurrupadatxoaren ondoren geratzen den aparraz. Mingaina pasatzeaz. Amorantea bezain zapore sutsu horretaz. Zenbat eta esne gutxiago, orduan eta minagoa kafea. Ez nuke inoiz imajinatuko garraztasunera ohituko nintzatekeenik, uste bainuen betirako helduko niola kafesnea hartzeko ohiturari, baina azkenaldian nahiago izan dut ebakia eskatzea zerbitzariari. Hutsa oraindik gehiegitxo. Ohituko ote naiz halakorik edan ahal izatera.
Enbragea zapaldu eta kotxea arrankatu aldiro nabaritzen dut bateria agortzen ari zaiola. Gero eta gehiago kostatzen zaiola. Duela zenbait pintzak erabili behar izan nituen abian jartzeko, eta dagoeneko azkenetan dago, bai. Perretxikon aparkatu eta autobusa hartu baino lehenago ebakia hartzeko astia izan nuen, eguneko lehen zigarroa erretzearekin batera; keak utzitako zintzur lehorra zer edanarekin are lehorrago uzteko aitzakia baizik ez zen izan. Riñoneratik bi euro atera nituen geltokira bidean, aitortu beharra baitut aspaldi iraungi zitzaidala autobuseko txartela —eta garraio publikoa gutxitan erabiltzen ez dudanez, hura berrituko dudan eguna atzeratu dut jada auskalo zenbat denboraz—.
Kontua da halako batean heldu nintzela heldu beharreko tokira; aurrez egon gabe nengoen, eta ez nekien zer espero. Matadero 1861. Atea ireki orduko aditu nuen suak zerion usaina; intsentsua ere erre zuten. Eskualdeko eta haragoko hainbat desbiatu Fanta Lupis egunez elkartu ginen joan zen larunbatean, ulu egiteko. Neure buruari galdetzen nion ea nola demontre okurritu zitzaien izena egitaraua antolatu zutenei, harik eta hormetako batean otso baten marrazki bat ikusi nuen arte. Lumazko boa bat jantzi zioten.
Ulertzen dut jendeak putz egiten duen erretzailerik alboan eduki nahi ez izatea; are, askotan nahiago izaten dut, kanpoan hotz egiten duenean, kea eta lurruna bereiz ezin daitezkeen egoeretan erretzea. Matadeiko tekno burrunbatik alde egin eta pitia bildu eta erre arteko konbertsazio horietakoa edukitzea arnasa hartzera atera direnekin.
Norberak erretzen duen horri ere erreparatzen saiatzen naiz. Zigarroa biltzeko abilezia ote duten. Industriala erretzen ote duten. Chesterra, Winstona, Ducadosa, Marlboroa, Camela, Puebloa. Eta, zergatik ez, horiek pizteko erabiltzen dituzten metxeroei ere bai.
Iragan asteko Berria egunkariko zutabeetako batek zera dio: "Gelatik ateratzen da bere zigarreta erretzera. Borta ideki ondoren ondokoari komentatzen dio eginen duena. 'Ene adikzioen betetzera no'. Bildutako zigarreta eskuan, errudun. [...] Eta badoa. Tabakoa zurrupaka irenstera. [...] Ustezko plazer ttiki baten truke. Adikzioaren menpe". Adikzioen erromantika omen.
Nola ez naute harrapatuko, bada, zigarroetatik ateratzen diren ke adarrek? "Fumar es un placer/ Genial, sensual/ Fumando espero/ Al hombre a quien yo quiero [...] Dame el humo de tu boca/ Anda, que así me vuelves loca" (Erretzea plazera da/ Ederra, sentsuala/ Erretzen itxaroten diot/ Maite dudan gizonari [...] Emadazu zure ahoko kea/ Horrela zoratu egiten nauzu-eta). Ez dut gogoratzen Sara Montiel kupletistaren Fumando espero kantua entzun nuen lehenengo aldia, baina arropa ketzen duen zigarro hatsaren antzera, ez da erraza hitz horiek gainetik kentzea.
Larunbatean gerrialdeak nekarazi eta Matadeitik atera eta gero, ez nekien nerion kiratsa zerena zen: suarena, erretako zigarro mordoxkarena, edo biena.