Puntuka

Kaiera hutsa

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2025ko urr. 23a, 09:24

Koaderno eta kaiera sorta. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Oraindik ere gordeta dut lagun min batek auskalo noiz oparitu zidan kaiera, ikara baitiot komeni ez dena idazteari, orriak alferrik xahutzeari, ezein burutazio huskeria besterik ez delako burutazioari. Azal belzdun eta barren zuridun kaiera arkatza noiz hartuko ote dudan esperoan, halakorik inoiz hartzeko kemena biltzen badut. Zinta batek du eutsia jaso nuen momentutik. Nirea ote da kaiera? Nola izango da nirea, lehen orriko izkinan nire izena oraindik ez badut idatzi? Narrastu izan ditut tankerako kaierak, baina apalean ukitzeke gordeta dudanak ematen dit hain errespetu handia, ezen ez dakidala zer demontrerekin zirriborratu, zertarako erabili. Horretan idazteko baldintza meritua balitz bezala, horretan idaztea ez-dakit-zer izango balitz bezala, horretan idazteko zilegitasuna behar balitz bezala. Hasi beharko, ba, noizbait. Berandu baino lehen.

Izango ote lukete existitzeko arrazoirik istant batean eta idazkera irakurgaitz batekin apuntatutakoek. Gai izango ote nintzateke trazu horiei neure egiletza aitortzeko. Errekonozituko ote nuke neure burua bazter batean ahaztutako eta hautsak hartutako kaiera ireki ondoren. Zegoen lekuan utziko ote nuke, edo izan nintzelako froga ezereztuko ote nuke. Jakingo ote nuke iraganekoari histura apur batekin erreparatzen, jakinda idatzitakoak idaztean ez niola ezertxo ere zor orduko etorkizunari, edo bera denari, hitz hauexek tekleatzen ari den oraingo orainaldiari. Izango ote nuke nahikoa kapazitate, oharrik hartu izan ez banu, leitutakoak oroitzeko. Kokatuko ote nituzke noiz batean, edo iragan ezin bereizizko bezain lauso bateko oroitzapenak izango lirateke. Aitortuko ote nioke neure buruari zein ondo egingo lidakeen iraganekoak atzean uzteak. Atentziorik emango ote lidakete inoiz idatzitako hitzek zein marraztutako zirriborroek, nik neuk idatzi nituela zalantzan jartzeraino. Ahaztu egingo ote nituzke beste batenak diruditen hitz horiek. Akordatuko ote nintzateke neureak diren hitzez, kaiera soinean eraman eta horiek idatzi izan ez banitu. Izango ote nuke oraintxe bertan zer idatzi, aurrez orrietan edozer idatzi izan ez banu.

Okurrituko ote zaizkit lehen bezainbeste ideia, behin orri zuriak zikintzeko beldurra galdu eta gero. Izango ote dira idazteko modukoak. Ba ote dago idazterik merezi ez duenik, neuretzako eta ez beste inorentzako izango diren heinean. Non ote dago hainbeste zor diodan inspirazioa. Beranduegi izango ote al da kaiera ireki eta zorroztutako baina apur bat kamustutako arkatzaz idazteko. Gogoratuko ote naiz kaiera soinean eramateaz, ez baitzait kabitzen zigarro kiratsa darion narru beltzezko riñoneran. Bere egingo ote nau aztarnaren bat uzteko desioak, ezin baita gogoratu izan zenean arrastorik utzi ez zuenik. Heltzen diodan guztiarekin bezala egingo ote dut, eta biharamunean zokoan utzi. Balioko ote dit zerbaitetarako, jakinda lehen idatzitako zenbait gauzatan ez naizela ikusten. Seinale ona ote da hori. Jasoko ote dut idazten ari naizen bizitzako une horretan bertan gertatzen ari dena behar bezala, atzera egin eta xehetasun guztiekin gogoratzeko moduan. Kontatuko ote ditu idazten duen eskuak inoiz jazotakoak. Horietaz gogoratzeko balio izango ote dit, ahazkorra bainaiz, gero.

Jakingo ote dut noiz hasiko naizen kaieran idazten. Bai, arkatza orriaren gainean jarri aurreko unean. Jakingo ote dut noiz izango den kaieran idatziko dudan azken aldia. Ez, beti esperoko baitut letra etzanez zer idatzi edukitzea. Hasi beharko, ba, noizbait. Berandu baino lehen.

Annie Ernaux Pasio hutsa liburuan: "[...] gainera jakinda, bizitzatik ez bezala, ezin dudala ezer espero idazte-lanetik, idatzitakoan norberak ipintzen duena baino ez baita gertatzen [...] idatzitako orriok harriduraz begiratzen ditut eta lotsa moduko batez, sekula sentitu ez nuena –alderantziz baizik– nire pasioa bizi nuenean edo idatziz azaltzen nuenean". Eta hau ere bai: "Orri hauek pertsonalak izaten jarraitzen duten heinean eta orain bezala eskura ditudan bitartean, idazte-lanaren prozesua irekita dago beti. Garrantzitsuagoa iruditzen zait errealitateak ekarri berri duena gehitzea adjektibo bat lekuz aldatzea baino".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide