Puntuka

Dei nazazu zure izenez

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2025ko ira. 25a, 08:27

Hitz joko baten pintaketa bat. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzi duen iritzi artikulua da honako hau.

Eskerrak beste norbaitzuek hautatzen duten nola deituko gaituzten bizitza osoan zehar. Tira, salbuespenak salbuespen. Aditu egin beharko dute betiko galdera, norberak bere izenaren kontzientzia hartu ondoren datorrena. Ea zergatik aukeratu zioten izen hau, eta ez hori edo hura. Gehienetan bale, beste batzuetan, berriz, kale. Bada ardura, gero, besteren batentzat izen bat aukeratzea. Eta zer esan okurritzeaz... Eskerrak ez diodan inori izenik jarri behar izan. Halaxe izaten segitzea espero dut eta halaxe izango da. Erabakirik hartu behar izateke.

Erabaki behar duenak erabaki dezala erabaki behar duenean erabaki nahi duen moduan. Erabakiak hemen, erabakiak hor, erabakiak han. Ez diot inori opa, ez. Horrexegatik erromantizatuko ote da hainbeste norbera bere kasa aritzea, izen ona eta izen txarra existituko ez balira bezala. Tentagarria da, bai, inork atentzioa dei ezin diezazukeen egoera, non ez duzun erantzukizunik.

Ez dezagun segi eldarnioekin, zeren bestela... Nahikoa gaurkoz. Xouak segitu egin behar du.

Astelehen buruzuria aurtengo Bilboko Aste Nagusian. Unibertsitateko garaiak gogoratzeko Somera kaleko bazterren batean txinokaja afalduta, Pinpilinpauxarako bideari ekin genion. Garaiz heldu ginen, baina berandu samar ere bai. Izpi horiak igortzen zituzten konpartsako bonbillek oholtzaren bueltan dagoeneko bildutako jendetza argitzen zuten. Bultzadatxo baten edo besteren bati esker lortu genuen nolabait gerturatzea txoko inbidiagarri bateraino. Zetorrenaz gozatzeko hurbil eta aldi berean purpurina putzengandik urrun, biharamuneko komeria ez zedin izan brilli-brillia soinetik kentzea. Planto eginda, itxaron genuen, denbora luzez itxaron ere, kontzertua hasteko.

Harik eta gortinen artetik ilegorri bat atera zen arte. Tamara. Harik eta zilarrezko lentejueladun soinekoak dir-dir egin zuen arte. Ambar. Harik eta gorriz pintatutako ezpainek No cambié abestiaren dance bertsioa kantatu arte. Yurena.

"Te equivocas al pensar que he cambiado/ Sigo siendo la misma de ayer/ En mi vida sucedió algo bello/ Y por eso distinta la ves/ Consiguió borrarte de su mente/ Y su llanto hoy alegría es/ No cambié, no cambié, no cambié" (Oker zabiltza aldatu naizela pentsatzen baduzu/ Atzoko bera naiz/ Zerbait ederra gertatu zen nire bizitzan/ Eta horrexegatik ikusten duzu beste modu batera/ Burutik kentzea lortu zuen/ Pozaren pozez egiten du negar/ Ez nintzen aldatu, ez nintzen aldatu, ez nintzen aldatu).

Bada, azkenerako aldatu zen. Zenbaitzuk izena jarri behar diote beren buruari, behin, bitan, hirutan edo behar duten aldi guztietan. Santurtzin hazi eta around the world-era jauzi egin zuen Maria del Mar Cuena Seisdedosek bezala. Tamara lehendabizi, Ambar geroxeago, eta Yurena azkenean. Esan bezala, eskerrak beste norbaitzuek hautatzen duten nola deituko gaituzten bizitza osoan zehar. Dena den, deiturak aukeratzerako orduan, Tamara-Ambar-Yurena bezain kapaz izan nahiko nuke.

Xouak segitu egin behar du.

Izenordainen momentua da. Izenen eta ezizenen nahas-mahas hau aitzakia besterik ez da izan. Bizitza honetako deiturarik dibinoenei, ponpoxoenei, mamarratxoenei, xarmantenei, yassssenei eta dena delakoei buruz idazteko aitzakia: trabestien izenak. Mundu honetan ez dago halakorik asmatzea baino gauza graxioxoagorik –eta aitortu beharra dut zerrenda batean apuntatzen ditudala okurritzen zaizkidan guztiak; entzun nahi dituenak eska diezadala–. Gutxiena espero denean etortzen dira burura, ezin dira behartu, baina etortzen direnean... Ahhhhhhhhh!

Trabestien izenek badute azaldu ezin den zeozer, je ne sais quoi bat, izen arruntek inoiz ere ez dutena izango. Piurak piura, edonork izan dezake –eta eduki beharko luke– trabesti izena. Lazkao Txik, Elon Muskiz, Dama Sokista, Harper’s Bizar, Su Ta Grr, Trans Humantzia, Mari Kurriña... Eh! Ezta okurritu ere horiek lapurtzea. Trabestien izenei dagokienez jabetza eta egile eskubideak errespetatu egin behar dira, eta puntx.

Bedeinkazioa: pazientzia apurtxo batekin ia edonorentzat asma ditzaket trabesti izenak. Madarikazioa: niretzat, berriz, ez. Bat behintzat otu zitzaidan, nahiz eta aldatuko nukeen. Ez naiz hasiko hemen esplikatzen izen horren istorioa; gogoa izan behar da horretarako –ez da shade, irakurle, lasai–.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide