Egunkari honetan ni neu, iazko maiatzean: "Banuen gordeta Wallapopeko faboritoetan murano beirazko lanpara eder bat, Beizamako jaiotetxetik joango naizen halako batean egongela berrian jartzeko. [...] Esperoaren esperoan, madarikaturen batek erosi egin zuen [...]. Hor konpon, Marianton, epe motz zein ertainean, behintzat, biziko ez naizen apartamentuko dekorazioa. Badut nahikoa denbora beste bilaketa batean dozena bat like emateko […].Tira, muranozko lanpara batek gutxirako balio izango dit non jarri ez badut".
Dei nazatela inuxentea: tentaldian erori naiz beste behin. Zenbait hilabete igaro dira hitz horiek idatzi nituenetik, eta, a zer sorpresa, beirazko lanpara zintzilikatzeko sabairik gabe jarraitzen dut –baita lanpararik gabe ere, begia bota diedan arren beste zenbaitzuei; akaso horietako bat edo beste izango ote da egongela argiztatuko didana iluntzeetan–. Oraindik beste hainbeste hilabete igaroko dira zerbait egin arte; ez diezadatela esan ez ditudala xahutu egunotako orduak pisuak begiratzen, larru beltzezko chester estiloko sofak miatzen, eguzkiak nekez lehortuko dituen landareak eta loreak bilatzen, komuneko paretak estaltzeko baldosa koloreak konparatzen, ahora eramango ditudan sardexkek hiru edo lau hortzetakoak izan behar duten erabakitzen, etxean hartuko ez ditudan kafeak zein kikaratan aterako ditudan deliberatzen…
Urte hasierak eragindako ilusioagatik izango ote horiek guztiak pentsatzen hastea? Gauzak diren bezala ikusi nahi ez duenari gauzak nola ikusi nahi dituen imajinatzea besterik ez zaio geratzen. Hau horrela dekoratuko nuke, kolore hori hor ezta pentsatu ere, hura sikiera hala moduz uztea lortuko banu… Etxetik joan aurretik norbere logelan halakorik egin ez bagenu bezala. Horrela amaitzen du batek ezin bereiziz ohearen bueltan pilatzen joan dena oroitzapenen katramila bat edo Diogenesen sindromearen ondorioa den. Unibertsitateko kafetegitik bere garaian lapurtutako kikara, inoiz edo behin orriztatutako aldizkariak, hautsak hartutako liburuak, lehenago edo beranduago jostea espero nituen eta merke-xuhurrean erositako gortinak, lore lehorrak dituen lorontzi urdin hortera bat, Atharratzeko Prefostako edalontzi batean presiopean sartutako auskalo zenbat gauza: pegatinak, museoetako sarrerak, erabili ere ez dudan egin iazko egutegia, txartelak, bingoko kartoi bat, 500 frankoko billete faltsu bat, Rokitxoren pin bat…
Edalontzi horren alboan daukat bi lagun eta hiruron mamarratxokeriak gogora ekartzen dizkidan Bratz panpinen ezpain formako telefono arrosa-lila-metalizatu-fantasia. Txikitan ezpain arrosa lodi eta perfilatudun muñekekin igarotako orduak eta orduak ere bai: gogoratzen dut arreba zaharrenarekin batera runway lehiaketa bat muntatu nuenekoa. Ea nork diseinatu modelito ederrena.
Kaxatik, zorrotik edo dena delakotik Cloe, Yasmin, Sasha edo Jade atera. Beso tolestu ezin horietatik tirantedun top bat sartu. Ile arrosa-edo zuen beroki morexka ere bai. Eskerrak behintzat minifalda estuek belkroa zuten. Gero, kalentadore ponpoxo batzuk jantzi, ez aurretik takoi moredun oinak aurretik arrankatu gabe, gero klak batekin bueltan jartzeko. Poltsa urdin argi dibino bat. Arrebaren gomaren batekin mototsa egin. Kito. Zaharrena izanda, arrebak erabaki zuen nor zen irabazlea: bera. A, bale…
Eta berak ere erabaki zuen halako egunen batean Cloe maittea hartu eta bere ile hori ederra guraizeekin moztea, Britney Spearsek 2007 hartan nola. Leporatu izan diot inoiz krimen zital hura. Ondorengo lerro hauek ere egin zizkionak gogoraraziko dizkiolakoan:
Annie Ernaux Emakume izoztua liburuan: "Panpinari begiratzen diot eta ez zait bururatzen zer egin berarekin. Haur bakarti bat panpina batekin. Nahiko nuke berak ere maitasuna ematea niri. Gorputza gogorra dauka, ezpainak gorriak eta irribarrea hutsala. Panpinari bizitasun pixka bat emateko modu bakarra da sufriaraztea, atarramendu onik ekartzen ez duten metamorfosiak egitea. Ilearekin hasi naiz: txirikordak, erruloak, garbiketa. Gero, mozketa. Bilakaera fatidikoa. Honetara ezkero, burutxoa hondatua duenez –gaixoa nire panpinatxo burusoila–, libre naiz nahi dudana egiteko: airera jaurti ea zein postura xelebretan erortzen den, gona altxatu azpialde osoa bistan lagatzeko, edota besotik heldu eta bueltak eta bueltak eman, soina zeharkatzen dion goma bihurrituz. Eta amen batean panpina besamotz. Orain bai, orain egin diezaioket sakrilegio gorena […]. Nola benetako haurtxoak ematen zuten, torturarik txikiena ekintza kriminal bihurtzen zen".