Hesiak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko ira. 5a, 09:49

Urola Kostatik joandako zaleak, herenegun, Donostian. (Jabi Gonzalez Toston)

Arraun denboraldia amaitu bitartean, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du hamargarrena.

Ikasturte hasierarekin batera, Donostiako zirkulazioarekin egin dut topo. Herri lanak nonahi; zirkulazioan norabide aldaketak eta hainbat hesi. Hesiak eta garabiak. Azken urteetan garabiaren laguntzaz ikusi ditugu traineruak uretaratzen eta lehorreratzen, hori ere berritasunen parte da. Zenbat aldiz pentsatu ote dugu entrenamenduetan, marea behean zen egunetan eta saio luzeen ondoren, ez al zegoen trainerua igotzen lagunduko duen aparaturik asmatu duen ingeniaririk. Zenbat aldiz aipatu ote dugu entrenamenduaren zatirik gogorrena zela trainerua lehorreratzea. Argi ibili behar izaten da eskatzen diren desirekin, gero garabiak iristen baitira, eta estropada honek zuen xarmaren zati handi bat eraman baitigute.

Beste gauza bat da estropada ondoren ontziak jendez beteta dagoen arranplan lehorreratzea. Eta Kontxako estropadak bazuen hori. Bazuen diot, eta batzuentzat badu. Arranplatik lehorreratzeko aukera badu taldeak, edo pisaketa egitea tokatu bazaio, gaitz erdi. Esan dezakegu arranplako momentua izango duela. Arranpla garabiek ordezkatu duten bezala, zaleen berotasuna hesiek eta oihalek hoztu dute. Oihal beltz eta ilunek. Tripulazio batzuen guneetara ezin da gerturatu ere egin; besteetara gerturatu bai, baina ezin ikusi. Eskerrak arraunlariek zaleei kasu egiteko beta hartzen duten. Bost puxtarri zuentzat, txaloak eta besarkada birtualak.

Zaleek aukeratu egin behar: estropada ikusi eta ezin arranplara jaitsi, edo arranplan gelditu eta estropada ezin ikusi. Dena ezin da. Erabakia zailagoa da emakumezkoak eta gizonezkoak sailkatuta dituen elkartearen jarraitzailearentzat.

Estropada ikustera jende gutxi joan zela baieztatu zuten bertaratutakoek; nik, ordea, baiezta dezaket jende gutxi horren artean Urola Kostako koloreak izan zirela nagusi. Itsaso horian, putzu gorri eta marroiak. Han hemenka tanta urdin, berde, beltz eta zuri-urdinak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide