ARRAUN ANALISIA

Alde eta kontra

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko uzt. 18a, 10:10

Orioko arraunlariak, etxeko garaipena ospatzen. (Aitor Arrizabalaga)

Arraun denboraldia amaitu bitarte, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du hirugarrengoa.

Kaleak eta errioak, olatuak eta itsasoak, zubiak eta eremuak, marea gorak eta marea beherak, aldekoak eta kontrakoak, pisuak eta kargak, atunak eta bisiguak. Denetarik utzi digu asteburuko lehiaketak, estilo ezberdinetako estropadak izan baitituzte eskualdeko taldeek.

Orioko errioan jokatutako erlojupekoa, batzuen debuta; zein ederra den zubi azpitik pasatzea marea goran eta herritarren oihu artean. Batere antzarik ez Bilboko ur gogorretan igaro beharreko zubi guztiekin. Hauek altuagoak, urrunagoak eta jende gutxiagodunak izan baitziren. Ezin ahaztu Guggenheim pareko lurruna eta bertako turistak.

Ibaiak eta zubiak alde batera utzi eta Pedreñari erreparatuko diogu. Hemen hondar gainean marea igotzean sortzen da estropada eremua. Mareen eragina eta ur azpi mugikorra ezin dira aipatu gabe utzi. Zubirik ez, baina itsasontzietan estropada eremu inguruan jende gehiegi.

Igandean, berriz, ETE ligakoak izan ziren lehiari ekin zioten lehen taldeak. Gosaltzeko asti gutxi izan zuten 10:00etarako lehian baitziren. Portugaleteko uretan kale eta korronteen eragina presente izan ziren. Zubi zintzilikariaren azpitik pasa eta dronak irudi politak utzi zizkigun eskualdeko bi traineruek elkarren ondoan izandako lehiaz. Lastima bandera eta lidertza Bizkaia aldera joan zirela. Gosaldu eta haimaiketako garaian Astillerokoek Oriokoen palak jo zituzten uretan. Kalea estuegia zen nonbait.

Eta ur lasaietatik olatu handi eta bizietara lekualdatu zen liga nagusia igandean. Karmengo amabirjina batzuen aldeko izan zen, eta besteetaz ahaztu egin zen, norbaiti lastrea hartzea ahaztu zitzaion bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide