ARRAUN ANALISIA

Belarriko aparatuak eta esparatrapua

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko abu. 7a, 09:42

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroi zarauztarra. (Aitor Arrizabalaga)

Arraun denboraldia amaitu bitarte, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du seigarrena.

Asteburuan jokatu den errepideko txirrindularitza txapelketan txirrindulariak pinganillorik gabe aritu zaizkigu. Hori dela eta, lasterketan bestelako jokabideak ikusi ahal izan ditugu, ia erreferentziarik gabe ibili baitira, eta norberaren konfiantza erakutsi dute. Garai bateko estropadetan bezalatsu. Azken urteetan, ordea, traineruetan ez da inor uretaratzen horrelakorik gabe; horietan ibiltzen diren agindu eta datu festa, beste istorio bat da. Barne linea horretatik jasotako informazioarekin patroiek zer egiten duten, ordea, ai ama! Bakoitzak nahi eta ahal duena. Galdetu Santurtziri, bestela.

Egun kirola egiteko dauden tramankulu guztiak kontuan izanda ere –airpods-ak, aurikularrak, kaskoak, era guztietako aparailuak belarrira ondo egokitzeko eta kirolean belarrian ondo mantendu eta eror ez daitetzen– gure patroiak ez dira fio. Beti esparatrapuz heltzen dituzte. Esparatrapu maitea, zer egingo zuten gure arraunlari eta patroiek egun zu gabe?! Eta, argi, esparatrapua ez dago merke! Herriko saltokietan erosteko eskatzen den honetan, aldea dago herriko farmazian erosi edo kapitalekoan; azkeneko esparatrapu handia erosi nuenean, bost euro merkeako kapitalean.

Batzuek halamoduan, beste batzuek Van Gogh-ek belarria moztu eta esparatrapuz eutsi balute bezala daramate. Dragoi Bolako bilatzaileak (scouter-ak) dirudite. Marrazki bizidun horiei erreferentzia eginez, imaginazioa martxan jartzen zait. Berehala imaginatzen ditut patroiak horrelako aparailua belarrian eta pantaila datua begi parean dituztelarik: Gps-a, denborak, erritmoa, iparrorratza, norantza, haizearen abiadura, korronteen indarra eta oraindik okurritu ez zaizkidan beste hainbat datu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide