ANALISIA

Itsasotik urrun, liga hasieran

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko uzt. 5a, 10:29

Itziar Olasagasti. (Aritz Mutiozabal)

Arraun denboraldia amaitu bitarte, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe da aurrenekoa.

Hirugarren traineru denboraldia tostetatik kanpo, baina oraindik ez ditut estrapuak kotxeko maleterotik atera. Badaezpada bertan ondo daudela esaten diot neure buruari, berriz noiz erabiliko zain. Hara ele, oraingo honetan ez dut kotxeko estrapu horien beharrik izango HITZAko gonbidapen honek ezustean harrapatu banau ere. Denboraldia amaitzerako, ea hitzak azken urteetan paladak bezain ondo lotzen ditudan.

Bi asteburu igaro dira ligak hasi zirenetik, ia hilabete txapelketei ekin zietenetik, eta bederatzi entrenatzen hasi zirenetik. Aurtengoan eskualdean bederatzi traineru ditugu lehian (beteranoak kontatu gabe, horiekin dozena bat). Oraingo honetan liga nagusiaren hasierak mendian harrapatu nau, itsasotik urrun. Beste behin ere, itsasoak boterea duela erakutsi nahi izan digu, ezin dela antolakuntzaren nahi eta beharretara egokitu. Hori lehen ere bagenekien, baina urtero badugu zerbait. Beste bat gehigo arraunlarien anekdoten zakura!

Inguruko taldeei erreparatuz, ezin gara kexatu. ETE ligako lider dugu Zumaia larunbateko garaipenari esker, Kaikurekin puntuetan berdinduta, eta KAE 2. mailan Orio B-k lider jarraitzen du. KAE 1-ean berriz, bigarren txandan finkatuta ditugu Zarautz eta Zumaia. Eusko Label ligan lehen lau postuetan ditugu Getaria eta Orio, baita emakumezkoen Euskotren ligan Orio ere.

Datorren asteburuan etxetik gertuago izango ditugu estropadak, eta oraingo honetan ez nau itsasotik urrun harrapatuko. Izan ere, plana nahi duenak asteburu ederra pasa dezake, larunbatean Donostian (goiz eta arratsaldez) eta igandean Zumaian bertan. Eta inor gehiago bidaiatzeko gogoz badabil eta marisko eta albariño dosiaz ez bada asetu asteburuan, izango du oraingoan ere aukera Castrelo Do Miño-n. Bertan izango dira infaltil eta beterano mailako Espainiako txapelketak, hurrenez hurren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide