Joan den apirilaren 25ean Kubaren aldeko elikagai eta produktu bilketa egin genuen Euskal Herriko hainbat ikastetxe, osasun zentro eta herritan. Hamarkadetan zehar Kubak berak gainontzeko herrialdeekin izandako elkartasun internazionalistari keinu txiki bat izan zen. Izan ere, Kubaren egungo egoera ez da nolanahikoa eta guri ere badagokigu babesa ematea.
Badauka Kubak historia. Mendeetan zehar izan da, lehendabizi, kolonizatua, eta, gerora, baita esplotatua ere; garaian garaiko potentziek herrialdeko aberastasuna espropiatu eta beren herrialdeetara eraman izan dute, Kuban miseria gorria utzita. Amerikako Estatu Batuek bultzatutako diktadura militarra jasan behar izan zuten XX. mendearen erdi aldean, baina Kubako Iraultzak askatu zituen atzapar haietatik 1959an.
Ordutik, Kuba herrialde sozialista dela entzuna da. Eta proiektuaren garapenean sartuko ez banaiz ere, garbi dago Kubak hamarkadetan zehar erakutsi duela herrialde zapalduekiko elkartasuna, bere xumetik, baina ekarpen handiak eginez. Osasun langile eta baliabide andana bidali ditu krisialdi larrian egon diren herrialdeetara, eta borrokarako ere ikur bilakatu da, Hego Amerikan bertan nahiz Afrikan beren herrialdeagatik borrokan ari zirenei gerrilleroak bidaliz. Herrialdean bertan ere, Gerra Hotzaren garailearen blokeoaren itzalpean, iraultzara arte miserian bizi direnen aldeko aurrerapauso handiak eman izan ditu estatuak, ongizate tasak handitu ditu: analfabetismoa desagerrarazi, garapen zientifiko eta teknologiko handiak egin, herritarren osasuna bermatu... Sobietar Batasunaren erorialdiak eta AEBen azken urteetako nagusitasunak, baina, Kubari ezarritako blokeo politikoa eta ekonomikoa areagotzea ekarri dute. Eta orain are gehiago okertu da hanko egoera, Trumpen agintaritza kriminalaren ondotik. Kubaren aliatu estrategikoa zen Venezuelako presidentea bahitu eta terrorismoa babesten duen herrialdetzat hartu du orain uhartea AEBen buruak. Horrek eman dio aitzakia inperialismo yankiari bere negozio pribaturako nahi duen herrialde oso bat ia argirik gabe, janaririk gabe eta oinarrizko medikamenturik gabe uzteko.
Duintasunaren eredu den herrialdea da Kuba. Inork gutxik erakusten du oraindik munduan boteretsuenen ankerkeriatik aparte bizitzeko ahalegina, eta Kubak, herrialdearen subiranotasunaren alde borrokatu ez ezik, gainontzeko herrialde zapalduen makulu lana ere egin da urte askoan. Badago zer eskertua Kubari, eta zer esanik, ez kinka larrian den egungo egoeran.
Horregatik aritu gara Kubaren aldeko bilketak egiten: medikamentuak, osasungintzako materiala, kirolekoa, arropa, oinarrizko produktuak… tonaka elkartasun jaso genuen. Eta izan daitekeen ekarpen xumetik haratago, Kubak izan duen elkartasun internazionalistari eskerrak emateko modu bat ere izan zen ariketa hura.
Inperialismoaren ankerkeriak mugarik ez duen garaiotan, halako elkartasun sareek ere badaukatelako bere garrantzia, balio digutelako ankerkeria horren adierazpenak azaleratzeko eta guztion ekarpenaren beharrezkotasuna ikusarazteko.