Puntuka

Zorionak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2026ko urtarrilaren 8a

'Zorionak' argiak itzalita, Eroskiren saltokian. (Guka)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzi duen iritzi artikulua da honako hau.

Azaroko arratsalde ilun bat zen. Kotxean etxera nentorren, euria, iluntzeko seiren bueltan edo. Eta, hala, bat-batean, argi-argiz, ZORIONAK hizki larriz ikusi nuen aski ezaguna den supermerkatu kooperatiba jator batean. "Hasi al gara?" pentsatuta, haserreak hartuta iritsi nintzen etxera. Neure baitan nerabilen zorionak hura. Zorionak, zergatik? Zerbait ote daukagu ospatzeko?

Guztia dakien ChatGPTri galdetuta, esan zidan gauza onak opatzeko esan ohi dela gaur egun "zorionak". Agian, hortik etorriko zen supermerkatuaren iradokizuna ere: opari onak bertan daudela eta, erosteko beldurrik gabe. Izan ere, Gabon usainak berekin dakar erosketa handiak egiteko, jateko, edateko, egiten diren opariak egiteko aitzakia. Kontsumoak lehendik irensten bagaitu, Gabonak patrozinatzen dituen enpresa liderrak oraindik aukera gehiago eta askotarikoagoak jartzen dizkigu begien aurrean, ihes egiteko aukerarik ere ia eman gabe.

Gabon usaina eman nahi izaten diote urte amaierari telebistako iragarkiek ere, balkoiz balkoi jartzen diren argiek eta gaztain erreek. Nik neuk ere, gustuko izaten ditut urteko bolada honek ematen dituen hainbat momentu: laneko oporraldia edota familia eta lagunekin batzeko momentuak. Nahi baino lehenago etortzen dira berriz soldatak agintzen dituen egunak, eta zeharo ezkutatu zorion egunak.

Baina Gabonak, jan-edan asegaitzerako sasoia izatetik haratago, urteari amaiera emateko momentua ere izaten dira batzuentzat: enpresa afariak, urteko albiste ikusienak, txikienei kartilla leitzeko momentuak... Halako anestesia batek lokartuta, hala ere, umore onarekin hartu ohi ditugu gauza asko, egunerokoak ere deskantsu pixka bat eman ohi digulako; ez, ordea, errealitatea polita delako.

Ez baitugu utzi behar behe lainoak begirada lausotu diezagun. Urtearen amaierak badauka bere alde iluna, eta kontuak ateratzen hasita, urteak uzten dizkigun zenbaki ilunei ere begiratu behar zaie, horri bueltarik eman nahi baldin bazaio behintzat.

Batetik, Azpeitian bertan 43 auzipetu dauzkagu estatu aparatuak eta haren konplizeek hala nahi izan dutelako. Errepresioa iraganeko kontua dela ziotenentzat, irakaspen ederra utzi digu berriro ere errealitateak. Zorionik ez dute nahi guretzat, nonbait, hedabide handiek, poliziek (polizia guztiek), sistema judizialak eta alderdi politikoek...

Bestetik, zortzi emakumek galdu dute bizitza Euskal Herrian indarkeria matxistagatik, eta ez dago kontatzerik zenbatek jasan behar izan dituzten indarkeria egoerak lanean, etxean, etxera itzultzean, tabernetan... Batzuk behin eta berriz tematuagatik ere, bizi dugun biolentzia estrukturalaren, egunerokoaren, parte da emakume langileonganako indarkeria. Begiratu bestela, hementxe, geure herrian bertan gertatzen direnei. Ez da zorionik, beraz, emakume langileontzat; egunero-egunero biolentzia hori jasan behar dugunontzat.

Hirugarrenik, 57 langile gutxiago iritsi dira etxera egunaren bukaeran. Betikoek negozioa egiten segi zezaten, 57 pertsona berena ez zen denbora batean hil dira. Ez dira itzuliko. Zorionik ez beraientzat, ez beren familientzat.

Segi nezake. 3.000 pertsonatik gora izan dira miseriatik ihesi, beren herrialdea utzi eta Espainiako Estatuan zuten helmugara iritsi ez direnak; zentro inperialistak, bere diru gosearekin, mundu honen amildegira geroz eta gehiago bultzatzen gaituen bitartean. Arrazismoak eta supremazismoak itsututa bizi diren faxista guztientzat zoriona.

Eta, azkenik, 556 milioi. Izan zitezkeen gerra goseak eraginda hildakoak, Trump jaunak Venezuelako petrolioarekin egun batean irabaziko zituenak edota ederki ezagutzen ditugun Palestina suntsitzeko eskualdeko enpresek saldutako armak. Baina ez, Gabonetan, hain zoriontsu garen garaiotan, Zorionak argi handiak jarri, eta hala ere, Eroskiri sobratu zaizkion salmenta diruak dira.

Zorionak dioten hizki horien atzean, finean, ez al da miseria besterik ezkutatzen? Ez gaitzatela argi handiegiek itsutu urte berrian (eta, batez ere, ez gaitzatela inozotzat hartu).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide